euskaraespañol

Redes sociales campusa

Unibertsitatea aukera bat da zuretzat! leloarekin antolatu da 'Ikasleen Ahotsak' Topaketaren VII edizioa

Guztira 61 pertsona joan ziren behar espezifikoak dituzten unibertsitate aurreko ikasleentzako hitzaldietara, Donostian eta Bilbon

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2025/11/19

Argazkia: EHU.

'Ikasleen ahotsa' topaketa, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Carlos Santamaria Zentroan, Donostian, eta Bizkaia Aretoan, Bilbon, izan zen. Ekitaldian izan ziren Asier Blas Mendoza EHUko Ikasleen eta Konpromiso Sozialaren errektoreordea eta Arantza Martínez Balmaseda Ikasleen Orientaziorako eta Hezkuntza Inklusiborako zuzendaria.

Topaketaren lehen zatian EHUko hamaika ikasle izan ziren protagonistak: bost ikaslek parte hartu zuten Donostiako Topaketan, eta sei ikaslek Bilboko Topaketan. Ikasle horiek unibertsitate aurreko ikasleekin, familiekin eta hezkuntzako profesionalekin partekatu nahi izan zuten beraien esperientzia.

Ikasle hauen egoera ez da nolanahikoa; autismoa, ikusmen baxua, gaixotasun arraroa, dislexia, gorreria, motore urritasuna, arreta gabezi nahastea dituzten ikasleak dira eta gizartearen “estigmak eta oztopoak” gainditzeaz gain, akademian bere tokia dute eta egun EHUko graduko ikasleak dira, hori da aldarrikatzen dutena, unibertsitateko ikasleak direla.

EHUk duen Desgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuari esker dituzten egokitzapen espezifikoak oso lagungarriak izaten ari direla azpimarratu zuten, eta "beti dagoela norbait laguntzeko prest" azpimarratu zuten. Ikasleek aipatutako mezuak hauek dira: “Ahal delako", “Desgaitasuna ez dadila izan unibertsitatera sartzeko muga bat”, “unibertsitatera etortzeko arrazoia prestakuntzarekin jarraitzea da, etorkizun on bat izateko”, “orientazio akademikoa da garrantzitsua erabaki on bat hartzeko”, “erronka unibertsitate bera da”, “Ezina ekinez egina” eta  topaketako esaldi azpimarragarri eta errepikatuena: "ez izan beldurrik, baditugu aukerak” izan ziren.

Bigarren zatian, unibertsitate aurreko ikasleek talde-dinamika batean parte hartu zuten aurre unibertsitateko ikasleak unibertsitateko hamaika ikasleekin batera, eta, bestalde, familiek eta profesionalek zerbitzuari buruzko informazio-saio batean parte hartu zuten, zalantzak planteatu eta argitzeko.

Topaketa horiek premia espezifikoak dituzten Batxilergoko, DBH 4. mailako eta Lanbide Heziketako ikasleei bideratuta daude. Guztira 61 bertaratu ziren, Donostian 22 eta Bilbon 39 izan zirelarik.

Topaketa honen helburua trantsizioa erraztea izan da; behar espezifikoak dituzten ikasleen esperientzia entzutea eta partekatzea aukera bat baita etorkizuneko ikasleentzat.

IV. Inklusio Planaren bidez, EHUk gizarteratzeko konpromisoa eta erantzukizuna hartu du premia espezifikoak dituzten unibertsitate-ikasketak egitean aukera-berdintasuna bermatzeko.