euskaraespañol

Redes sociales campusa

UPPA eta EHUk lankidetza indartzeko bide orria landu dute errektoretza taldeen arteko lehen bileran

Bi aldeek konpromisoa hartu dute elkarlanerako plana garatzeko datozen hilabeteetan. Euskal Ikasketak titulazio bikoitzaren akordioa sinatu dute

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2026/01/29

Laurent Bordes eta Joxerramon Bengoetxea errektoreak | Argazkia: Nuria González. EHU.

35 urteko elkarlanari jarraipena eman eta, 2023an sinatutako elkarlanerako akordio markoa zabaltzeko asmoarekin, Gasteizen elkartu dira Université de Pau et des Pays de l'Adour (UPPA) eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) bi errektoretza taldeetako ordezkariak. Era presentzialean nahiz birtualean parte hartu dute Bordes eta Bengoetxea errektoreekin eta Arabako Campuseko errektoreordearekin batera, nazioartekotze, ikerketa, formakuntza eta euskara eta hizkuntza plangintza alorretako errektoreordeek.

Laurent Bordes eta Joxerramon Bengoetxea errektoreek balioan jarri dute urte guztiotan bi unibertsitateetako irakasle eta ikertzaileek “behetik gora” sortutako elkarlana eta garatutako proiektuen garrantzia. Bide beretik urrats berriak sustatzeko asmoa berretsi dute eta, horretarako, alorrez alor identifikatutako esparruak elkarlanerako bide-orri batera eramango dituzte datozen hilabeteetan, proiektu komun berriak sustatu eta abian daudenak egonkortzeko.

Lan lerro nagusietako bi dira kotutelak eta ikerketa proiektuak. Adibidez, hamarnaka kotutela eta ikerketa proiektu komun jarri dira edo daude abian. Lankidetza emankor horri esker, gaur egun UPPAren nazioarteko lehen unibertsitate-bazkidea da EHU ko-argitalpen zientifikoei dagokienean.

Euskal ikasketak, mugaz gaindiko titulazio bikoitza

Titulazio bikoitzak eta ikasleen mugikortasuna dira mugaz gaindiko loturak estutzeko beste bi tresna garrantzitsu. Horren erakusle, Gasteizen izandako bilkura baliatu dute bi errektoreek urrats berri bat egiteko. Izan ere, EHUk, Letren Fakultatearen bidez, eta UPPAk, EEIren bidez (Europako eta Nazioarteko Ikasketak), bi ikastegietan eskaintzen diren Euskal Ikasketen alorreko titulazio bikoitza eratu dute.

Horrela, ‘Licence Langues, Littératures, Civilisations Étrangères et Régionales (LLCER) Parcours Études Basques’ ikasketara sartzeko aukera izango dute EHUn Euskal Ikasketen graduko hirugarren mailako ikasleek –eta, baldintzak betez gero, titulua eskuratu– eta alderantziz.