-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
Kiroldegian, kirolean
Katixa Agirre
Zer da postmodernitatea? Hollywoodek azalduko digu
Ikus-entzunezko Komunikazioko irakaslea
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2021/11/08
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Zer da postmodernitatea? Garai bat? Ideologia bat? Konspirazio bat? Aro historiko bat? Kapitalismo berantiarraren beraren logika kultural bat? Arte berri bat? Izena bera paradoxikoa da; izan ere, nola liteke gauza bat modernoa baino modernoagoa izatea, alegia, postmodernoa?
Kontzeptua hain da nahasgarria, kontraesankorra eta lausoa, ezen merezi baitu tarte bat hartzea zehazteko zer den postmodernitatea eta zer garrantzia duen egungo mundua ulertzeko. Horretarako, guztiok dugun erreferente bat hartuko dugu: ametsen fabrika, hau da, Hollywoodeko zinema.
Has gaitezen modernitatetik
Zehatz dezagun modernitatea zer den, ondoren “post” aurrizkia ulertzen saiatzeko. Modernitatea da Ilustraziotik XX. mendera munduan nagusitu zen logika historikoa: demokrazia eta botereen banaketa, liberalismo ekonomikoa eta kapitalismoaren garapena (baita haren kontra-kontakizuna ere, alegia, marxismoa), arrazoia, aurrerabidea eta zientzia, mundua sailkatzeko eta hierarkizatzeko irrika.
Baina horren B aldea ere bada, hau da, kolonialismoa eta esklabotasuna, arrazismo sistematikoa edota ingurumenenaren hondamendia. Modernitatea dira, halaber, bi mundu-gerrak: teknologiaren nagusitasuna hiriak suntsitzen eta inoiz ikusi gabeko genozidioak eragiten.
Eta XX. mende izugarri hartan, modernitatearen arrakalak azaleratu ziren. Amaitu egin zen orduan kontakizun bakar batean sinesteko joera: erlijioak ez zigun balio, baina zientziaren gaineko fedeak ere badirudi ez ginderamatzala toki oso argitsura. Freud, Marx, Darwin… erantzunik ezin aurkitu aurretik hainbesteko konfiantza ematen ziguten gizon horiengan guztiengan. Madarikazioa! Orduan sortu zen postmodernitatea, hau da, modernitatearekiko erreakzio etsia eta haren hurrengo kapitulu logikoa.
Eta, zinema?
Zinematografoa industria-iraultzako asmakizun bat da. Argazkia eta argi elektrikoa: magia! Beraz, sartzen da proiektu modernoan, eta, gainera, abangoardia modernistak zinema asmatu eta berehala agertu ziren, hamarkada gutxi batzuen ondoren.
Dena hain azkar igarotzean, laster iritsi zitzaion une postmodernoa zinemari ere. Batzuek diote zinema dela ingururik postmodernoena: pastichez eta nahasketaz (muntaia) osatua, egile argirik gabea (erreparatu, bestela, edozer filmen kredituei), eraginkortasunez ezabatzen duena goi- eta behe-kulturaren arteko muga.
Klasikoa, modernoa, postmodernoa
Baina zinema guztia postmodernoa dela esatea nahasgarriagoa izan daiteke lagungarria baino. Fredric Jamesonen arabera, kapitalismoa hiru garaitan bereiz badaiteke (merkatua, inperialista eta multinazionaletakoa), zinemak antzeko hiru fase igaro ditu: klasikoa, modernista eta postmodernista. Zinemaren historia abiadura bizi-bizian pasatu da: hamarkada gutxian pilatzen dira gizateriak hainbat mendetan igaro dituen fase guztiak.
Errealismoa erdigune duen eta narrazio-konbentzio ezaguterrazak oinarri dituen zinema klasikoarekin etorri zen Hollywooden loraldia eta hedapena XX. mende hasieran. Zinema modernoa, ordea, mende erdialdeko egile handiekin hasi zen (Welles, Hitchcock, Fellini, Bergman…), eta mugimendu apurtzaileekin jarraitu zuen: neorrealismo italiarra, olatu berri frantziarra edo Alemaniako zinema berria. Horiek zinema klasikoa erabat xurgatu zuten, eta haren arauak hausten eta konbentzioak azaleratzen eta parodiatzen hasi ziren.
Postmodernitatea identifikatzea
Eta joera hori ere azkar igaro zen, fase postmodernoa iritsi baitzen. Zinema horrek ederki ezagutzen zituen bai aldi klasikoa bai haustura modernistak, eta amortizatutzat eman zituen. Hondakinekin jolasten hasi ziren orduan: Hala:
1) Testuartekotasuna
‘Antz’ (1998) animazioko filmean inurriek Miak eta Vincentek bezala egiten dute dantza ‘Pulp Fiction’ (1994) . ‘Play It Again, Sam’ filmean (1972), Woody Allenek ‘Casablanca’ (1942) filmaren amaiera irudikatu zuen. Film horretako esaldi batzuk errepikatu eta zera esaten zuen: “Casablancakoa da; bizi guztia egon naiz esateko zain”. Zeharkako aipamen horiek ikusleek gogoratzeko eta parte hartzeko gonbitak dira, eta une horietan gehiago identifikatuko da egilearekin eta erreferentzia kulturalekin, kontakizunarekin baino.
Ideia bat dago etengabeko testuartekotasun horren azpian: dena ikusita dugu. Ez gara gai eszena erromantiko bat ikusteko, aurretik zineman ikusi dugun beste eszena erromantiko baten inguruko erreferentzia ironikoa egin gabe.
2) Hiperrealitatea
Kamerak eta pantailak nonahi egotea film postmodernoek etengabe baliatzen duten elementua da, eta hala ikusten da, besteak beste, honako film hauetan: ‘Blue Velvet’ (1986), ‘Blade Runner’ (1982) eta ‘The Truman Show’ (1998). Ongi etorri irudiaren gizartera, irudiak konpultsioz sortzen eta kontsumitzen dituen gizartera. Batzuetan, gainera, mundua haren inguruan sortu ditugun irudien bidez baino ez dugu ulertzen. Horri Baudrillardek “hiperrealitate” esaten dio.
Sortutako irudiak errealitatea bera baino errealago bilakatzen dira. Guztiok gara ederragoak Instagramen. ‘Game of Thrones’en zaleek, Dragonstone bilatzen ari direla, Gaztelugatxen aurkitzen dute, dezepzionatuta. Eta errealitateak zeharo kolpatzen gaituenean, esaterako, irailaren 11ko atentatuekin, xuxurlatu besterik ezin dugu: “Film bat dirudi...”.
3) Nahastea
Dena dakigunez eta ezer errespetatzen ez dugunez, dena nahas daitekeela dioen bulda postmoderno bat dugu. ‘Memento’ (2000) filmean bezala, dena da osatu gabea, kaotikoa, nahastea Baita generoak ere, ‘El laberinto del fauno’ (2006) gerra zibilaren ondokoari buruzko drama historikoa dirudi, eta, azkenean, naturaz gaindiko izakiak dituen film fantastiko bilakatzen da. Fikzioa ala errealitatea? Nahaste garbia. ‘The Blair Witch Project’ (1999) filmean, sekula ez dakigu “aurkitutako metraje” hori benetakoa den ala ez. ‘Exit Through the Gift Shop’ (2010) filmak dokumental baten itxura du, baina, konturatu gabe, fikziorantz egiten du.
Transgresio horiek guztiek gauza beraren inguruan hitz egiten dute: ezagutzen genituen eta hain naturalak ematen zuten kategoriak leheneratu daitezkeen konbentzioak baino ez ziren. Postmodernitate garbia.
4) Ironia
Ezer ez da zinezkoa; egin dezagun denok barre. Gizarte postmodernoa, haren alderdi erreakzionarioan, ezer aldatzeko ezintasunean etsi du, eta ezer serio ez hartzea erabaki du. Zineman horren adierazle da hondamendien film bat egitea eta ‘Disaster movie’ (2008) izenburua ematea. Marrazoen eta tornadoen filmak nahastea eta ‘Sharkanado’ (2013) egitea, marrazoen tornado baten historia. Gorea hain neurriz gainekoa eta hain ketchupa, barrea ere eragiten du.
5) Nostalgia
Postmodernitateak dio historia amaitu egin dela, dagoeneko ezin dela ezer berririk espero. Zineman, ideia horrek nostalgia itxura hartzen du. Genero klasikoei berriz heltzea, retro estetika, remakeak, sekuelak eta prekuelak. ‘Grease’ (1978) filmean, Ipar Amerikako 50eko hamarkada islatzen da; urrezko garai kontserbatzaile hura. ‘Fight Club’ (1999) filmean, garai bateko maskulinotasuna falta botatzen dutelako, elkarri kolpeak emateko hitzordua egiten dute gizonek, harik eta konortea galdu arte. Zer da ba ‘Drive’ (2011)? Ez al da cowboy bakartiaren itzulera?
Iraganeko edozein garai (eta zinema) hobea izan zen: lema erreakzionarioena (eta postmodernoena).