Zer izan nahi duzu handitan?
Argitu EHUko Gipuzkoako Campuseko udako campusean
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2026/04/27
EGOkITU udako campusa Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gipuzkoako Campusaren proiektu estrategikoetako bat da, urtero Gipuzkoako Foru Aldundiarekin laguntzarekin aurrera ateratzen dena. Udako campus ireki honek arrakasta handia izan du edizioz edizio (urtero 200 gazte inguruk parte hartzen dute) eta 15 eta 17 urte bitarteko gazteak unibertsitate mundura modu ludikoan hurbiltzea du helburu.
Azken edizioan bezala, aurten ere EGOkITUk 9 ikastaro eskainiko ditu EHUko Gipuzkoako Campuseko hainbat ikastegitan. Horrela, parte-hartzaileek arlo zientifiko-teknologiko eta sozialetako jarduerak egin ahal izango dituzte, unibertsitatea bera eta bertako irakasle eta ikertzaileak gertutik ezagutzeko aukera izanez.
Ikastaroek jarduera-eskaintza zabala eta anitza hartzen dute: robotekin jolastea, fikziozko misterio bat ebaztea hainbat esperimentu kimiko eginez, maketak eraikitzea, map scape batean parte hartzea, epaiketa bat simulatzea, marketin-tailer batean parte hartzea, odol-ateratzeak nola egiten diren ikastea, osasun mentala zaintzea eta logopedia kalean bertan arakatzea, besteak beste.
“Gaur egun udalekuen eskaintza oso zabala bada ere, horietatik gutxi egoten dira adin-tarte horretako ikasleei zuzenduta. Gainera, bokazioak eta etorkizunerako aukerak esploratzeko aukera aparta eskaintzen du EGOkITUk, punta-puntako profesionalen eskutik”, azpimarratu du Aitzol Ezeiza EHUko Gipuzkoako Campuseko ekintzailetza, enplegagarritasun eta transferentziako zuzendariak.
Izen ematea zabalik maiatzaren 15era arte
EGOkITU programa 2009 eta 2011 urteen artean jaiotako pertsonei zuzenduta dago. Bi txanda antolatu dira: ekainak 29tik uztailak 3ra eta uztailak 6tik 10era. Aste bat edo bi aste aukeratu daitezke, 9:30etik 14:00etara (campuseko jantokiak irekita egongo dira programa garatzen den egunetan). Izena emateko epea zabalik dago jada eta 2026ko maiatzaren 15en amaituko da. Plazak hurrenkeraren arabera esleituko dira.
Informazio gehiago eta izena ematea: https://www.ehu.eus/eu/web/gipuzkoa/egokitu
