EHUMUN_Presentacion

Zer da EHUMUN?

UPV/EHUren Nazio Batuen Ereduaren (EHUMUN) proiektua Nazio Batuen Eredu tradizionaletan oinarritzen da. Eredu horiek Nazioarteko Erakundearen organoen funtzionamendua irudikatzeko simulazioak dira, eta ikasleek diplomazialarien papera hartzen dute. Hala, ikasleak estatu-kideen ordezkari bihurtzen dira, eta beren egiteko nagusia da Nazioarteko Komunitatearen arazo ugariei aurre egitea, elkarrizketa eta negoziazioaren bidez.

Ezinbestean aipatu behar dugu nazioarteko erakundeen lehen simulazioak Nazio Batuen erakundea bera sortu aurretik egin zirela. Hasierako simulazioak egiteko, gerra arteko aldiaren Nazioen Elkartea hartu zen eredutzat. Gero, Bigarren Mundu Gerra bukatu ondoren, Nazio Batuen Ereduak, funtsean, lehen esperientzia horien egokitzapenak izan ziren. Horren harira, Harvardeko Unibertsitatearen Zientzia Politikoen Fakultatea ereduak aplikatzen hasi zen 1948an, hezkuntza esperientzia gisa, eta bere ikasketa-planetan txertatu zituen. Jarduera aitzindari horrek ikasle eta irakasleen artean izandako arrakasta handia zela-eta, bigarren hezkuntzara eraman zen berehala. Ereduak martxan jarri zirenetik, mundu osoko unibertsitate eta institutuetako 400.000 gaztek baino gehiagok parte hartu dute ekimen honetan. Zuzenbide, politika, negozio eta arteen arloetako pertsona ezagun askok parte hartu zuten Nazio Batuen Ereduetan, beren ibilbide akademikoan. Urtean, 400 hitzaldi egiten dira 35 herrialdetan, eta bakoitzean 30 pertsonak parte har dezaketen arren, 2.000 parte-hartzaile izatera irits daitezke.

Harrigarria da egiaztatzea, Espainiako estatuan ez dela antzeko interesik izan Nazio Batuen Ereduekiko. Halere, hori gertatzen da, neurri handi batean, Espainian berandu landu direlako Nazioarteko Harremanak diziplina autonomo gisa. Datu horien aurrean, lehen pausoak ematea erabaki dugu, Espainiako unibertsitateen esparruan aitzindari izan daitekeen egitasmoa martxan jartzeko.

Laburbilduz, UPV-EHUren Nazio Batuen Eredua (EHUMUN) hezkuntza berrikuntzako proiektu bat da, eta, horren bidez, Nazio Batuen Erakundearen organoen funtzionamenduaren benetako simulazioa egiten da. Zehazki, 2007-2008 ikasturtean, Nazio Batuen Segurtasun Kontseilua simulatuko da, Ipar Koreako ugaltze nuklearraren gaia hartuta aztergai.