Aurkezpena
Ongi etorri Matematika Sailaren webgunera.
Matematika Saila Leioako campuseko Zientzia eta Teknologia Fakultatean eta Gasteizko campuseko Farmazia Fakultatean kokatzen da. Bere jarduera matematikaren arlo ezberdinetako irakaskuntzan eta ikerketan oinarritzen da, bai ikuspegi teorikotik bai aplikazioen garapenetik ere.
Saila bost jakintza‑arlotan banatua dago: aljebra, analisi matematikoa, geometria eta topologia, matematika aplikatua, eta estatistika eta ikerketa operatiboa. Irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketa akademikoko eginkizunak elkarlanean eta modu koordinatuan garatzen dira jakintza‑arlo horien arabera.
Irakaskuntzari dagokionez, Matematika Sailak Matematikako Graduko irakasgai gehienak ematen ditu, eta Zientzia eta Teknologia Fakultateko eta Farmazia Fakultateko hainbat gradutan matematikako irakasgai orokorren irakaskuntzaz arduratzen da. Halaber, zenbait masterretako irakaskuntzan ere parte hartzen du, eta unibertsitateko beste titulazio batzuetan irakaskuntza eskaintzen du.
Irakaskuntza eta ikerketaz gain, saileko kide batzuek, beren eginkizun akademikoen osagarri gisa, dibulgazio matematikoarekin lotutako jarduerak garatzen dituzte, matematiken zabalkuntza eta gizarteari zuzendutako komunikazioa helburu izanik.
Webgune honetan, sailaren irakaskuntza‑, ikerketa‑ eta dibulgazio‑jarduerei buruzko informazioa eskaintzen da, bai eta haren antolakuntzari eta langileei buruzkoa ere.