Politika Publikoak eta Historia Ekonomikoa Saila

Politika Publikoak eta Historia Ekonomikoa Saila

Albisteak

“Reglamentación y tutela financiera de las haciendas locales vascas” liburuaren argitalpena

Lehenengo argitaratze data: 2023/06/28

Irudia

Mikel Erkorekak, Politika Publikoak eta Historia Ekonomikoa Saileko irakaslea eta Ituna Agiritegiak Sarrikon duen itunagunearen zuzendaria, “Reglamentación y tutela financiera de las haciendas locales vascas: entre la Constitución foral y el Concierto Económico (1853-1937)” liburua argitaratu eta aurkeztu berri du.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Ekonomia Itunaren eta Foru Ogasunen Ikerketarako Agiritegiarekin (UPV/EHU) lankidetzan argitaratu da Foru Ogasunaren Klasikoak bilduman. Liburuak, funtsezko dokumentu eta arauak bildu eta kritikoki analizatzen ditu, euskal udal ogasunek foru garaitik Ekonomia Itunaren lehen arora jasandako trantsizioa aztertzeko (1853-1937). Bereziki, 1910eko hamarkadan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundiek tokiko finantzaketa erregimenak arautzeko eta berrikusteko garaturiko prozesuan jartzen du arreta.

Liburua dohainik deskargatu daiteke Ad Concordiam erakundearen web orrialdean:

https://conciertoeconomico.org/profesionales-y-estudiantes/publicaciones/coleccion-clasicos/

AEHE-Historia Ekonomikoaren Espainiako Elkartearen XIII. Nazioarteko Kongresua burutu da

Zientzia, teknologia, berrikuntza eta garapen ekonomikoa perspektiba historikoan

Lehenengo argitaratze data: 2022/10/07

Abuztuaren 30etik irailaren 2ra bitartean, AEHE - Historia Ekonomikoaren Espainiako Elkartearen Nazioarteko Kongresua egin da Bilboko UPV/EHUko Bizkaia Aretoan, pandemia dela eta bi urtez atzeratua izan eta gero. Politika Publikoen eta Historia Ekonomikoaren Sailak antolaturiko ekitaldi honetara hirurehun aditu baino gehiago hurbildu dira kongresuko hogeita hamar mahai tematikoetan parte hartzera.

Horretaz gain doktoregaientzat formakuntza jardunaldi bat eta  Investigaciones de Historia Económica aldizkariaren Fast-Track saio bat ere burutu dira.

Kongresuan, Torontoko Unibertsitateko irakasle Dan Breznitzek, berrikuntza azkarrean eta bere globalizazioan oinarritutako industrietan adituak, hitzaldi gonbidatua eman zuen, baita berrikuntza-politiken banaketa-inpaktuari buruzko ikerketa aitzindaria ere.

Kongresuak zenbait erakunderen babesa jaso du: Nortegas, Iberdrola, Euskadiko Parke Teknologikoak eta Eusko Jaurlaritza. Beste zenbait laguntzaile gisa aritu dira: Innobasque, Ideko, Ormazabal-Velatia, Tecnalia, Aguirre y Aranzabal (AYA), Armagintzaren Museoa (Eibar), La Encartada fabrika-museoa, Asociación Armera, Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartea, Bilboko Udala eta Bilboko Itsas Museoa.

Bestalde, AEHEren sari banaketan saileko zenbait kide sarituak izan dira. Elena Catalánek (Kantabriako Unibertsitateko Miguel Ángel Bringasekin batera) 2020ko Docentia Saria jaso du, Historia Ekonomikoko irakaskuntzaren hobekuntzan eta berrikuntzan egindako ekarpenagatik. Ernesto López Losa eta Santiago Piquero Zarauzek, bestalde, Earl J. Hamilton 2022 saria jaso dute (2021ean Espainian argitaratu gabeko aldizkarietan agertutako historia ekonomikoko artikulurik onena), European Review of Economic History aldizkarian argitaratutako “Spanish Subsistence Wages and the Little Divergence in Europe, 1500 – 1800” lanarengatik.

Roberto Velasco Ekonomia Politikako katedradunak “Amenazas Sociales de la Revolución Digital” liburua argitaratu berri du.

Lehenengo argitaratze data: 2022/02/08

Irudia

Velasco irakaslearen saiakerak mehatxu hauei heltzen die Merkatuko Gizarte Zientzia gisa behatutako Ekonomia ikuspegitik. Hezkuntza-sistemen egokitzapen eskasa eta prozesuan zehar agertzen diren gabezia etiko izugarriak salatzen ditu. Horietako batzuk, hainbat gai sentikorretan portaerak bideratzen dituzten lege-arauen atzerapenetik eratorritakoak: adibidez, arma hilgarriak daramatzaten droneen garapena eta ugalketa; ziberdelinkuentziaren hazkunde suntsitzailea; Lanerako online Plataformen urradura etikoa eta big data, eta kontrolik gabeko algoritmo batzuen arrisku soziala. Hori guztia, munduko potentzia handien borroka geopolitiko mehatxagarrien pean, Gerra Hotz berri bati bide eman diona, oraingoan izaera teknologikoa duena.

Informazio gehiagorako edota liburuaren ale bat erosteko ondorengo esteka erabili:

https://robertovelasco.es/

Ignacio Zubiri erreforma fiskala aztertuko duen adituen batzordean sartu da

Lehenengo argitaratze data: 2021/05/14

Ignacio Zubiri, sail honetako Ogasun Publikoko katedraduna, Ogasun Ministerioak zerga erreformari buruzko liburu zuri bat egiteko sortutako Adituen Batzordeko kide izendatu dute. Batzorde honen helburua da, alde batetik, egungo zerga-sistema aztertzea, eraginkortasunaren, berdintasunaren eta nahikotasunaren ikuspegitik. Bestetik, egungo zerga-sistemaren alderdi batzuen balizko erreforma ebaluatu beharko du.