Aurkezpena

Finantza Ekonomia I saila 1987ko irailaren 29an sortu zen. Hasiera batean, Euskal Herriko Unibertsitatean Kontabilitatearekin eta Enpresen Administrazioarekin lotutako gaiak ematen zituzten "Finantza Ekonomia eta Kontabilitatea" jakintza arloko 24 irakaslek osatu zuten. Kopuru hau urteekin gehituz joan da, gaur egungo 60 irakasleetara iritsi arte. Giza baliabideen hazkuntzak web orri honetan islatuta geratzen diren hainbat jarduera garatu eta finkatzea ahalbidetu du.

Ikerketa jarduerari dagokionean, UNESCOk zientzia ekonomikoen eremu zientifikoan kodifikatutako zenbait gaietan ikerketa lerroak ireki direla aipatu behar da. Hauen inguruan ikerketa proiektuak garatu dira, Espainia mailako nahiz nazioarteko partehartzea izan duten kongresu zientifiko, jardunaldi eta mintegietarako ekarpenak egin dira; eta doktorego tesiak defendatu dira, beste tesi batzuk oraindik garatzen ari direlarik. Gainera, lerro berriak bilatzen eta garatzen ere lan egiten da.

Finantza Ekonomia I saileko irakaskuntza-jarduera unibersitate-irakaskuntzak hartzen dituen ziklo guztietan burutzen da. Hiru campusetan irakasten dugu, bost zentrotan eta bi hizkuntza ofizialetan. Gure ardura nagusia irakatsi nahi diren ezagutzak eguneratzea da, baita helburu horrekin erabiltzen diren metodo pedagogikoak berriztatzea ere. Gainera, saileko kideek kudeaketa lanetan dihardute gure Unibertsitateko gobernu-organo desberdinetan parte hartzen dutenetik.

Finantza Ekonomia eta Kontabilitatearekin lotutako gaietan interesatuta zaudeten guztioi orri hau bisitatzeko gonbitea luzatzen dizuegu, irakaskuntzan nahiz arlo zientifikoan burutzen ditugun jarduerei buruzko informazioa lortu ahal dezazuen.