Parte hartzeko baldintzak
1.– «Global Training» bekak eskuratu nahi dituztenek baldintza hauek bete eta egiaztatu beharko dituzte:
a) Europar Batasuneko estatu kideren bateko nazionalitatea izatea.
b) Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, eskabideak aurkezteko epea ireki aurreko 12 hilabetetik gorako antzinatasunarekin, edo aurreko 10 urteetan 5 urte jarraituko antzinatasunarekin.
c) Graduko unibertsitate-titulua edo Goi Mailako Lanbide Heziketa. Atzerrian lortutako tituluak onartuko dira, baldin eta agintaritza eskudunak emandako homologazioarekin edo baliokidetasunarekin batera badatoz.
d) Praktikak egingo diren enpresak edo erakundeak eskatutako profilera egokitzea.
e) 2025eko urtarrilaren 1ean 30 urte beteta ez izatea.
f) Praktikaren destinoa edozein dela ere, ingelesa menderatzen dutela egiaztatu beharko dute, eta gutxienez B2 maila eskatuko zaie graduko unibertsitate-titulazio ofizialak dituztenei, eta B1 maila Goi Mailako Lanbide Heziketa Ofizialari.
g) Beka onartzen den unean eguneroko bizitzako jarduerak mugatzen dituen gaixotasunik ez izatea edo beka behar bezala garatzea eragozten duen muga fisiko edo psikikorik ez izatea.
h) Antzeko prestakuntza-helburua duten unibertsitateko tituludunentzako laguntza edo beka hauen edo beste batzuen onuradun ez izatea, baldin eta haien ibilbidean aukera eman badute atzerrian praktikak egiteko, 6 hilabetez edo gehiagoz nazioarteko enpresa edo erakundeetan. Zehazki, beka hauez baliatzeko, bateraezina da Global Training beken, BEINT beken, ICEXen edo beste administrazio autonomiko batzuen beken, merkataritza-ganberen, EBko merkataritza-sustapeneko erakundeen eta antzeko beste erakunde batzuen onuradun izatea.
i) Global Training praktika garatuko den enpresan edo erakundean lan egin ez izana edo praktikarik egin ez izana.
j) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.
k) Ezin izango dute parte hartu dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden eskatzaileek, ez eta horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuren baten eraginpean daudenek ere, sexu-diskriminazioagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoaren arabera.
l) Ezingo dira onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Arautzen duen 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako egoeraren batean dauden pertsonak.
2.– Aurreko apartatuan jasotako baldintzak beken ardura duen erakundearen aurrean egiaztatuko dira, honela:
a) Jaiotza-data egiaztatzen duen dokumentazioa (NAN, jaiotza-agiria, edo hori modu frogagarrian egiaztatzen duen beste edozein).
b) Curriculum vitaea.
c) Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duela egiaztatzen duen dokumentazioa, artikulu honetan zehaztutakoarekin bat datorrena.
d) Unibertsitateko edo Goi Mailako Lanbide Heziketako titulazio ofiziala agiri hauen bidez egiaztatuko da:
– Titulua.
– Titulua eskatu izanaren frogagiria, titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiriarekin.
– Ikasketa-espedientean jasotako nota, dagokion titulazioko proba osoa gainditu duela eta titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela adierazten duena. Atzerrian lortutako tituluekin batera, agintaritza eskudunak emandako homologazioa edo baliokidetasuna aurkeztu beharko da.
e) Hautagaien ingeles-maila ziurtatzeko egingo den ahozko eta idatzizko probaren emaitza. Bestela, Hezkuntzako sailburuaren 2022ko ekainaren 16ko Aginduaren eranskinean jasotako tituluak eta ziurtagiriak aurkeztu ahal izango dira. Agindu horren bidez, maiatzaren 15eko 73/2012 Dekretuaren eranskina bigarren aldiz eguneratzen da (73/2012 Dekretua, maiatzaren 15ekoa, Euskal Autonomia
Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan atzerriko hizkuntzak irakasteko hizkuntza-gaitasunaren betekizunak ezarri eta tituluak eta ziurtagiriak onartzen dituena). Eskabideak aurkezteko epea ireki aurreko 4 urteetan lortutako tituluak eta ziurtagiriak bakarrik onartuko dira; alegia, 2021eko uztailaren 14tik aurrerakoak.
f) Erantzukizunpeko adierazpena:
– Beka eskatzen den unean eguneroko bizitzako jarduerak mugatzen dituen gaixotasunik ez izatea edo beka behar bezala garatzea eragozten duen muga fisiko edo psikikorik ez izatea.
– Antzeko beken onuradun ez izatea, artikulu honetan ezarritakoaren arabera.
– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean izatea.
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.