AUTONOMIA ETA AUTOERREGULAZIOA

Autonomia eta Autoerregulazioa

Gaitasun honen bidez, metakognizio prozesuei heltzen zaie. Pertsonek prozesu horiek betetzen dituzte beren ikasteko moduari lotuta egindako ekintzak ulertzeko, hainbat testuingurutan erabaki eraginkorrak hartzeko eta ezagutza egoera berrietara transferitzeko. Prozesu horietan, pertsona hainbat gauzaz jabetzen da: zer dakien eta zer ez, nola ikasten duen, nola kudeatzen eta kontrolatzen duen bere ikaskuntza, nola asetzen dituen helburu pertsonalak eta zein den horien lorpen maila, eta hori guztia nola erregulatzen duen abian jarritako ekintzetan. Horrek, beraz, autonomiaz eta autoerregulazioz ikasten jarraitzea dakar, eta pertsonari arduratsua, saiatua eta autokritikoa izateko aukera ematen dio.

Irudia

Autonomia eta autoerregulazioa pertsonari bere kabuz jarduteko aukera eskaintzen dioten giza ezaugarriak dira, eta horien bidez, gizakia bere bizitzaren protagonista ordezkaezina bihurtzen da. Aldaketa eta berrikuntzarako jarrera positiboa izatea dakartzate, eta planteamenduen malgutasun bat eskatzen dute; hala, aldaketa horiek aukeratzat har daitezke; modu kritikoan eta eraikitzailean egokitu gaitezke horietara, eta arazoei aurre egin eta konponbideak aurki ditzakegu abian jarritako bizi proiektu guztietan. Beharrezkoak dira, beraz, ekimena, malgutasuna eta moldagarritasuna.

Pertsona bat bere erabakiez, ezagutzez, ikasteko zailtasunez eta horiek gainditzeko moduaz zenbat eta gehiago jabetu, orduan eta autonomoagoa izango da, eta hobeto erregulatu ahal izango ditu bere helburuak lortzeko ahaleginak.

Pertsona autonomo bat izaten ikastea zera da: autoerregulatzen eta maila pertsonalean, profesionalean eta sozialean aurrera egitea, gero eta konplexuago den mundu batean (Zimmerman, 2001; 2002). Horretarako, hainbat ezagutza eta trebetasun garatu behar dira arazoei aurre egiteko, erabakiak hartzeko, taldean lan egiteko, etab. Era berean, hainbat jarrera eta balio landu behar dira, hala nola pertseberantzia, elkartasuna eta sorkuntza eta balio horiek ez dira eskuratzen, ez bat-batean, ez informazio edo ezagutza hutsak pilatuta.

Pertsona autonomoak modu aktiboan parte hartzen du ikaskuntzan, metakognizioaren, motibazioaren eta portaeraren ikuspegitik. Pertsona sozial eta emozionalki konpetentea da, imajinatzen, azaltzen, ekiten, garatzen, ilusioa kutsatzen, banakako nahiz taldeko ekintzak edo proiektuak ebaluatzen dituena, arlo pertsonalean eta laboralean. Ideiak ekintza bihurtzen ditu; hau da, helburuak zehazten, eta proiektuak planifikatzen eta gauzatzen ditu.

Autonomia eta autoerregulazio maila handia duten pertsonek honako ezaugarri hauek dituzte (Corno, 2008; Weinstein, Husman y Dierking, 2000; Zimmerman, 1998, 2000, 2002): informazioa antolatzeko, lantzeko, berreskuratzeko eta eraldatzeko hainbat estrategia kognitibo erabiltzen dituzte; badakite nola planifikatu, kontrolatu eta zuzendu behar dituzten beren prozesu mentalak helburu pertsonalak lortzeari begira (metakognizioa); motibatuta daude eta portaera moldakorra dute lana ikaskuntza egoera espezifiko batean egiteko; zeregin baterako beharko duten denbora eta ahalegina planifikatzen eta kontrolatzen dute, leku egokia bilatzen dute, laguntza eskatzen dute zailtasunetan egonez gero; lanean ez dute arreta galtzen eta une oro eusten diote kontzentrazioari, ahaleginari eta motibazioari; eta, zereginetan eskatzen zaizkien eskaerekiko koherenteak diren ikaskuntza estrategiak hautatzeko eta erabiltzeko gaitasuna dute.

Horrenbestez, autonomia eta autoerregulazio gaitasuna eskuratzen duen pertsona etengabe ikasteko bere bidea nahita eta modu proaktiboan zehazteko gai izango da (Monereo, 2001).

AUTONOMIA ETA AUTOERREGULAZIOA
Ikaskuntza emaitzen adibideak
AA01 Autokonfiantza eta motibazioa erakusten ditu, ikaskuntza espezifiko baten inguruan proposatzen zaizkion zereginak arrakastaz garatzeko.
AA02 Bizitzaren hainbat unetan eraikitako ikaskuntza estrategiak eta esperientzia pertsonalak identifikatzen ditu, beste ikaskuntza testuinguru batean aplikatzeko.
AA03 Zeregin konplexu bat autonomiaz egiteko gai da, norberaren kudeaketa eta erregulazioko teknikak erabilita.
AA04 Indar eta ahulezi propioak adierazten ditu zeregin baten aurrean, eta egoki deritzon hobekuntzak ezartzen ditu, zereginaren garapenaren hainbat unetan.
AA05 Proposatutako helburuak lortzeko egin beharreko ahalegina eta denbora autonomiaz kudeatzen ditu.
AA06 Ikaskuntzarekiko jarrera arduratsua eta malgua azaltzen du, sortutako egoerara egokituz eta hura arrakastaz konponduz.
AA07 Argudio sendoak erabiliz defendatzen ditu proiektu bat garatzean berak hartutako erabakiak eta onartutako arriskuak.
AA08 Bere jarduerak modu positiboan aldatzen ditu, besteen esperientziak eta ikaskuntzak kontrastatzeko prozesu baten ondorioz.
AA09 Egoera korapilatsu baten lanketa edo konponketa baldintzatzen duten emozio propioak identifikatzen ditu.
AA10 Aintzat hartzen ditu bere aurreko esperientziak, arazoei aurre egin eta konponbide posibleak planifikatzeko.
AA11 Kritikak modu eraikitzaile batean onartzen ditu, hobetzeko aukerak baloratuz eta bere jardunean txertatuz.
AA12 Plan eta proiektu pertsonalak egin, eta hainbat testuingurutan ikasteko aukerak bilatzen ditu, prestatzen jarraitzeko eta itxaropen pertsonalak nahiz profesionalak asetzeko.
AA13 Zentzuz erantzuten du egoera arazotsu eta estresagarri baten aurrean, eta emozioak kudeatzen ditu erabakiak hartzeko unean, egoera arrakastaz gainditzeko.
AA14 Ikaskuntza esanguratsuak sortzen ditu, eta bere ikasketa arloarekin lotura zuzena ez duten testuinguru eta arlo zientifikoetatik ezagutzak aukeratzen eta integratzen ditu.