Presentación

Aurkezpena

Titulu honek etika aplikatuaren ikuspegia gizarte eta medikuntza zientzietan barneratzeko beharrari erantzuten dio; izan ere, gizarte aldaketa bat eman da, alderdi sozialean, sanitarioan eta soziosanitarioan gure jarduera egokitzeko eta hobetzeko exijitzen diguna.

Profesionalek eta haien erakundeek beren lanbidearen berezko hainbat erronka dituzte, non etika aplikatua oinarrizko tresna bat den jardunaren bikaintasuna ziurtatzeko. Graduondoko hau hutsune bat betetzera dator, eta haren xedea da etika soziosanitarioari eta gatazken ebazpenari buruzko ezagutza teorikoak eta praktikoak ematea, besteak beste.

Euskadin, arreta soziosanitarioa sistema konplexu bat da, osasun eta gizarte zerbitzuak ematen dituzten erakunde guztiak elkartzeko eta koordinatzeko espazio komun bat eraikitzea planteatzen ari dena, adiera zabal eta inklusibo batean; espazio bat, pertsonen inguruan eta, bereziki, kolektibo ahulenen inguruan antolatu eta oinarrituko dena. Hori guztia ikuspegi hauetatik: pertsona guztientzako duintasun beraren printzipioa, pertsonen balioen eta kontzientzia askatasunaren errespetua, haien eskubideen babesa, eta konpromiso bat, haien ongizatea ahal bezain beste hobetzeko.

Jarduera sektorialak (sozialak eta sanitarioak) bananduta mantentzeak erabat frogatuta dauden arazoak eta zailtasunak sortzen ditu; hori dela eta, justizia eta eraginkortasun printzipioen bertutez, koordinazio soziosanitarioa gaur egun herritarrekin dugun konpromiso politiko eta asistentzial bat da.

Koordinazio soziosanitarioak pertsonen bizi kalitatea hobetzen laguntzen du, eta horretarako Arreta Soziosanitarioen Ildo Estrategikoetan (2013-2016) 5 helburu estrategiko planteatu ziren, horietako bat izanik espazio soziosanitarioan prestakuntza, ikerketa eta berrikuntza bultzatzea.