TITULUAREN GAKOAK
Azken bi mendeotan gehiegi ustiatu ditugu geure baliabide naturalak, gero eta urriagoak eta lortzen zailagoak bihurtu ditugularik. Horregatik, laugarren iraultza industriala garapen teknologiaren jauzi bat baino gehiago da, hazkunde ekonomikoaren eta baliabide naturalen kontsumoaren arteko uztardura hautsi beharko baitu. Azken alderdi honen eskutik etorriko da enpresa eredu berriak eratu, merkatu berriak garatu eta kalitatezko enplegua sortzeko bide eta abaguneak ekonomia zirkularraren eremuan.
Eredu zirkularrean, produktuen eta materialen balioa ahalik eta denbora luzeenean mantentzen da balio-katean, lehengaien erauzketa minimora murrizten da eta baliabideak behin eta berriz sartzen dira ekoizpen-zikloan "Zero Waste" helburuarekin. Hitz gutxitan, «erauzi, ekoitzi, erabili eta bota» delakoa baztertu eta «birpentsatu, birdiseinatu, murriztu, berrerabili, konpondu, birfabrikatu, birziklatu eta berreskuratu» delakora pasatzea da kontua, hau da «gehiago egitea gutxiagorekin».
Masterra bat dator Europako Itun Berdetik (Green Deal) sortutako politikekin eta Euskadi 2030eko Ekonomia Zirkularraren Estrategiarekin, zeinak gero eta indar handiagoa hartzen ari baitira larrialdi klimatikoaren eta planetaren mugak gainditzearen une honetan.
Masterrak lankidetza hitzarmenak ditu Eusko Jaurlaritzako IHOBE Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoarekin, BASQUE ECODESIGN CENTERrekin eta GARBIKER – WASTE LAB BIZKAIA.
Gainera, hainbat erakundek hartzen dute parte irakaskuntzan: Aclima, AZTI, EVE, Siderex, ELIKA eta Neiker-rek, besteak beste.