Ikerketa lerroak: Seinale elektrikoaren prozesatze digitala

Testuingurua

Energia elektrikoa oinarrizko lehengaietako bat da industria, merkataritza eta finantza prozesu gehienetan, baita etxean ere. Funtsezkoa da erabiltzaileak konfiantza izatea enpresa hornitzailearengan; hau da, energiaz egoki hornituko duela jakin behar du, behar duenean eta kontratuan adierazitakoaren arabera. Beraz, energia elektrikoak, ondasun bat den aldetik, kalitate baldintza egokiak bete behar ditu, eta horrek esan nahi du beharrezkoa dela, tresnek eta prozesuek ondo funtzionatuko badute, energia horniduran erabilitako tentsioaren ezaugarriak haren balio nominalen inguruko tarte jakin baten barnean egotea.

Light flickerPerturbazio elektromagnetikoek hornidura elektrikoaren kalitatea baldintzatzen dute, eta hainbat modutan sailkatzen dira: goi maiztasuneko perturbazioak edo behe maiztasunekoak, maiztasun edukiaren arabera; erradiatuak edo gidatuak, transmisio euskarriaren arabera; edo iraunkorrak edo iragankorrak, denbora ikuspegitik ikusita. Behe maiztasuneko perturbazio gidatuen artean, honako hauek dira garrantzitsuenak: harmonikoak eta inter-harmonikoak, tentsio hutsuneak eta etenaldi laburrak, tentsio desoreka, funtsezko maiztasunaren gorabeherak eta tentsio gorabeherak (flicker).Integración generación eólica

Ingurumen ikuspegitik jasangarriak diren energia iturrien aldeko apustuaren ondorioz, energia berriztagarrien ugaritzeak eragina izan du hornidura elektrikoaren kalitatean. Zehazki, energia eolikoa sarean sartzen denean, perturbazio nagusiak dira tentsio gorabeherak, harmonikoak eta inter-harmonikoak, eta sortutako potentziaren gorabeherak.

Erabiltzaileek nahi duten hornidura elektrikoaren kalitateak ez du zertan bat etorri enpresa hornitzaileak onargarritzat duenarekin, eta, beraz, ezinbestekoa da horniduraren kalitatea estandarizatzea. Estandarrek zehaztu egiten dute perturbazioak neurtzeko prozedura eta sistema egokien diseinua, eta muga onargarriak ezartzen dituzte emisio, immunitate eta bateragarritasun elektromagnetikoko kontzeptuen arabera. Bi dira hornidura elektrikoaren kalitatea arautzeko erabiltzen diren oinarrizko estandarren multzoak: EN50160 Europako estandarra (Voltage Characteristics in Public Distribution Systems) eta, maila zabalago batean, IEC 61000 arauak (Electromagnetic Compatibility). Generazio eolikoaren kasuan, IEC 61400-21 estandarrak (Measurement and assessment of power quality characteristics of grid connected wind turbines) ezartzen du –horniduraren kalitateari dagokionez– zer baldintza bete behar dituen aerosorgailu batek sarera konektatua izateko.

Taldearen lana ikerketa lerroan

Ikerketa lerro hau duela 30 urte baino gehiago jarri zuen martxan GSC taldeak, eta hornidura elektrikoaren kalitatearen hainbat arlotan egin du lan denbora horretan:

  • Energia elektrikoaren horniduran, behe maiztasuneko perturbazio gidatuak neurtzea eta ebaluatzea, arreta berezia jarriz eduki harmonikoan eta tentsio gorabeheretan (flicker).
  • Sorgailu eolikoen horniduraren kalitatea neurtzea eta ebaluatzea.
  • Argiztapen teknologia berriek tentsio gorabeherekiko duten sentikortasuna aztertzea.
  • Babes errele bidez erregistratutako uhin formaren analisi automatikoa.
  • Matxurak lokalizatzea eta hutsegiteen karakterizazioa erdi tentsioko sareetan.

Lan arlo horietatik abiatuta, ikerlan mardul bat egin da, 6 doktorego tesitan gauzatu dena.

Transferentzia teknologikoa

Ikerketa lerroaren oinarrian, sektore elektrikoko enpresekin dugun harreman sendoa dago. Ikerketa taldea sortu zenetik, Iberdrola enpresarekin elkarlanean aritu gara. Iberdrola mundu mailan erreferentzia da elektrizitate banatzaile eta hornitzaileen artean, eta bere egoitza nagusia Bilbon dago. Elkarrekiko konfiantzaren harreman luzearen barruan, Iberdrola GSCren ikerkuntza jarduera batzuen traktorea izan da, eta baita ere bere emaitzen onuraduna. Era berean, Ingeteam enpresarekin lankidetza harremana ere badugu. Ingeteam ingeniaritza elektrikoaren sektoreko mantentze-lanen eta mantentze-zerbitzuen hornitzailea eta ekipamenduaren fabrikatzailea da.

Estandarizazio batzordeetan parte hartzea

Ildo horretan, ikerketa emaitzak nazioarteko estandarizazio foro desberdinetara eraman dira. GSC taldeko kide batzuek hornidura kalitatearen estandarizazioko nazioarteko hainbat taldetan (IEC TC 77/SC 77A/WG 2, IEC TC 88/WG 21, CIGRE WG C4.111) aktiboki parte hartzeari esker egin dira ekarpen horiek, eta eragin handia izan dute IEC 61000-4-15, IEC 61400-21 eta IEC 61457-1 estandarren azken bertsioetan.