HEFA Fakultateko GRADUAK

Eduki publikatzailea

<strong>Filosofiako mintegi irekia 22-23.</strong> Ekain Garmendia: Erosleen kuxidadeak eta edukiaren transparentzia.

Datorren asteko ostegunean bilduko gara, urriaren 13an, eta Ekain Garmendiak, (ILCLI - EHU) hitz egingo du 2022-23ko lehenengo saioan. Hitzaldiaren izenburua "Erosleen kuxidadeak eta edukiaren transparentzia" izango da , eta euskaraz izango da. Ohiko moduan, eguerdiko ordubatean bilduko gara, Fakultateko Batzar Aretoan. (HEFA - I eraikinean)

Abstract
Ekain Garmendia Mujika (ILCLI - EHU)

Erosleen kuxidadeak eta edukiaren transparentzia

1979an John Perryk eta David Lewisek artikulu bana argitaratu zuten (“The Problem of the Essential Indexical” lehenak, “Attitudes de dicto and de se” bigarrenak), biek ere pentsamenduen izaerari buruzko ikuskera tradizional baten aurka eginez (Perryk “Proposizioen Doktrina” deitu zuena). Bai Perryk eta bai Lewisek adibide kuriosoak erabili zituzten Doktrina horren aurka egiteko, eta adibide horien guztien elementu zentrala dira normalean adierazpen indexikoren bat erabiliz komunikatu ohi ditugun pentsamenduak, norberari buruzko pentsamenduak. Nahiz eta bi artikuluen eragina handia izan hurrengo hamarkadetako gogoaren eta hizkuntzaren filosofietan, azken hamarkadan eztabaidak egon dira hala deitutako “de se eszeptikoen” eta “de se eszepzionalisten” artean. Eztabaida horietan gaizkiulertze dezente dagoela iruditzen zait, filosofo desberdinak auzi desberdinei buruz ari direla sarritan, eta planteatzen diren adibide, auzi eta argudio batzuen xedeak ere ez daudela argi. Horregatik, eztabaida eta proposmenak ordenatzen saiatuko naiz, horretarako ardatz moduan erabiliz nire ustez kontu hauek ulertzeko oinarrizkoa den baina gehienetan ezikusia egin zaion auzi bat: eduki mentalaren transparentzia (eza). Mintegi irekian kontu horiei guztiei sarrera txiki bat besterik ez diet egingo (uste dut).