SGIker zerbitzuek Ikerkuntzaren Kalitatearen eta Goi Mailako Hezkuntzaren Ebaluazioari buruzko XVI. Nazioarteko Foroan (FECIES) parte hartu dute (Santiago de Compostelan, 2019ko maiatzaren 29tik 31ra bitartean) (2019/06/10)
Lehenengo argitaratze data: 2019/06/10
Maribel Arriortua Marcaida Ikerketako Zerbitzu Nagusietako (SGIker) zuzendaria eta Fátima Pastor Ruiz SGIker zerbitzuen Zientziometria Unitateko teknikaria izan ziren, besteak beste, XVI. FECIES Foroan. Granadako, Coruñako eta Vigoko unibertsitateek antolatu zuten foroa, Jokabide Psikologiaren Espainiako Elkartearekin batera, eta 2019ko maiatzaren 29tik 31ra bitartean egin zen Santiago de Compostelako San Martin Pinario monasterioan; bertan parte hartu zuten ikerkuntza ebaluatzeko erakunde ofizialetako ordezkariek eta nazio mailako zein nazioarteko unibertsitateetako zenbait kidek.
Unibertsitateek talentua erakartzeko prozesuetan, rankingen posizionamenduan, ziurtapen prozesuetan eta irakaskuntza zein ikerkuntzaren kalitatean dituzten arazoak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten bertaratutakoek; horrez gain, ikertzailearen lidergoa neurtzeko hα adierazle bibliometriko berriaren aurkeztu zen, eta ikerkuntza transferentziaren seiurteko berrian barne hartu diren jarduerak ezagutzera eman ziren.
Honako hizlari hauek bildu ziren ekitaldira: Jorge Hirsch, Kaliforniako Unibertsitateko (San Diego) fisikaria, h eta hα adierazleen sortzailea; Salustiano Mato, Vigoko Unibertsitateko errektore ohia eta Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Batzarreko presidenteorde ondokoa, seiurteko teknologikoaren sustatzaileetako bat; eta Demetrio Castro, Ikerkuntza Ebaluatzeko Batzorde Nazionaleko eta Kalitatea eta Akreditazioa Ebaluatzeko Agentzia Nazionaleko koordinatzaile nagusi ohia.
FECIES nazioarteko topaketan, unibertsitateetan ikerkuntza arloko talentua barne hartzeko kontratazio prozesuak malgutzeko beharra aztertu zen, eta harekin batera jorratu ziren inpaktua sortuko duen kalitatezko ekoizpena bultzatzeko beharra eta ikasleen nazioartekotze maila areagotzeko beharra ere. Aipatutako beharrak aztertzeaz gain, SGIker zerbitzuek hiru poster zientifiko aurkeztu zituzten: batetik, “Análisis de las patentes basadas en la literatura científica generada con el apoyo de los servicios generales de investigación (SGIker) de la UPV/EHU”, bestetik, “Dónde publicar y dónde no publicar” eta, azkenik, “Los Servicios Generales de Investigación (SGIker) de la UPV/EHU impulsan la generación de vocaciones científicas entre el alumnado de primaria”.