SGIker Ikerketa Zerbitzu Orokorrak zerbitzuen I. bileran izan ziren, “Evaluación Científica en los Vicerrectorados de Investigación: ¿qué necesitan nuestras universidades y gestores” izenekoan, Granadan (2017ko urriaren 26tik 17ra) (2017/12/11)
Lehenengo argitaratze data: 2017/12/11
Maria José Rodríguez eta Fátima Pastor, UPV/EHUko SGIkerretako Zientziometria Unitateko kideak, zerbitzuen lehenengo bileran izan ziren, “Evaluación Científica en los Vicerrectorados de Investigación: ¿qué necesitan nuestras universidades y gestores?” izenekoan, 2017ko urriaren 26tik 27ra, Granadako Unibertsitateko Zientzia Fakultatean. Unibertsitate horretako Ikerketaren eta Transferentziaren arloko Errektoreordetzak antolatu zuen jardunaldia.
Foroan 103 kidek parte hartu zuten: Espainiako eta Amerikako unibertsitateetako bibliometriaren arloko profesionalek eta I+Gko gestoreek. Bertan, azpimarratu zen pertsonak, taldeak, erakundeak edota herrialdeak ebaluatzeko orduan garrantzitsua dela bibliometriak emandako informazioa adituek emandakoarekin zuhurtziaz konbinatzea, betiere ebaluazio horren dimentsioa eta xedea kontuan hartuta.
Unibertsitateen rankingei dagokienez, agerian gelditu zen ikerketaren dimentsioa dela unibertsitateen osagai nagusia, eta, beraz, taxuzko ikerketa lana egitea dela unibertsitateen artean leku ona edukitzeko estrategiarik egokiena.
Bilerari hasiera eman zioten Fernando Cornetek (Berezko Planaren zuzendaria - UGR), Evaristo Jiménez-Contrerasek (Bibliometriako katedraduna - EC3 taldea) eta Pedro Ángel Castillo Valdiviesok (Zientzia Politikako idazkaria - UGR). Ondoren, mundu osoko hainbat ikertzaile aritu ziren konferentziak ematen: Henk F. Moed (Leidengo Unibertsitateko CWTS ohia), Domingo Docampo (Vigoko Unibertsitatea), Jordi Molas (INGENIO-[CSIC-EHU), Juan Gorraiz (University of Vienna), Daniel Torres Salinas (Granadako Unibertsitatea), Nicolás Robinson (Georgia Tech) eta Javier Cantón (Medialab-UGR).
Jardunaldien amaieran, UGRko Medialabeko irratian eztabaida egin zuten Radiolab saioan, Javi Cantónek (Medialab-UGR) eta Inma Díazek (Medialab-UGR) zuzendurik, bibliometriarekin lotutako gaur-gaurko gaiei buruz. Mikrofono irekiko saio horren bidez, iritziak eta ideiak trukatu nahi izan zituzten bertaratuen eta hizlarien artean.
Bileraren arrakasta ikusirik, asmoa da etorkizunean ere beste bilera batzuetan ideiak eta ikuspegiak azaltzen jarraitzea, batetik, eta zientziaren eta gizartearen esparruan lan egiten duten bibliometria unitate guztien artean lankidetza sare bat osatzea, bestetik.