Eduki publikatzailea

SGIker, h indizearen sortzailea den jorge hirsch fisikariarekin

SGIker, h indizearen sortzailea den jorge hirsch fisikariarekin

Lehenengo argitaratze data: 2012/07/03

"Iragarpen ahalmena du h indizeak"

Ikertzaile edo erakunde baten etorkizuna iragar daiteke paper batek jaso dituen aipuen kopuruari eta egile edo erakunde batek ikerketa lanetan egindako lehenengo hamabi urteetan argitaratu dituen artikuluen kopuruari erreparatuta. Horixe adierazi du Jorge Hirsch fisikari estatubatuarrak hitzaldi batean, Ikerketaren eta Goi Mailako Hezkuntzaren Kalitateari buruzko Nazioarteko IX. Foroan. Jardunaldi horiek Santiagon egin ziren, ekainaren 12tik 15era bitartean.

Hizkera argi eta ulerterrazarekin, Kaliforniako Unibertsitateko fisikariak azaldu zuen nola iritsi zen bera h indize ospetsua ateratzera, 2005. urtean, eta nola indize hori gaur egun nazioartean onartutako adierazle bibliometrikoa bihurtu den, mundu osoan jarduera zientifikoa ebaluatzen diharduten agentziek erabiltzen dutena. Hirschek aitortu egin zuen h indizea kontuz erabili behar dela, jakintza-arloen arteko desberdintasunak eta haietako bakoitzaren argitalpen eta aipamen ohiturak aintzat hartuta. Hala ere, bere indizeak balio objektiboa duela azpimarratu zuen, eta ikertzaileak ez ezik ikertzaile-talde, erakunde eta aldizkariak ebaluatzeko erabil daitekeela. Are haien curriculumen etorkizuneko nondik norakoa ere iragar liteke, paper kopurua eta jasotako aipuen kopurua alderatuta.

Hirschek berak argitu zuenez, h indizea egiterakoan ez dira autoaipamenak kontuan hartzen, egiaztatu delako oso eragin txikia dutela, %10 eta %15 bitartekoa. Eta produktibitate urria baina eragin handia duten egileei dagokienez, fisikari estatubatuarrak aitortu zuen h indizeak ez dituela horrelakoak oso ondo tratatzen, baina, nolanahi ere, salbuespenak direla erantsi zuen.

Halaber, h indizearen aldaera batzuetan aipuen kopurua zati egileen kopurua egitera jotzen da eta Hirsch horren aurka agertu zen, esanez halako proposamenek ez dutela bereizten egile bakoitzaren parte-hartzea, eta, beraren iritziz garrantzitsuagoa dena, ez dutela ikertzaileen arteko lankidetza sustatzen, zientziaren aurrerapenerako ezinbestekoa izan arren.