Biografia
Jose Migel Barandiaran Aierbe Ataunen jaio zen 1889ko abenduaren 31an, San Gregorio auzoko Perune-Zarre baserrian. Frantzisko Antonio Barandiaran eta Maria Antonia Aierbe-ren azken semea-alaba izan zen, bederatzigarrena.
Apaiz ikasketak Gasteizko seminarioan egin zituen, eta 1914an ordenatu zuten. 1915an Teologia ikasketak sakondu zituen Burgosen.
1916an Etnografia alorreko ikerketaz arduratzen hasi zen; Aralarko zenbait trikuharri arakatu zuen eta Euskalerriaren alde aldizkarian eman zuen horren berri. 1917an Telesforo Aranzadi eta Enrique Eguren ezagutu zituen, eta hogei urteko lankidetza emankorrari eman zioten hasiera hirurok. Aranzadik eragin handia izan zuen Barandiaranen ikerketen zuzentasun zientifikoa bermatzeko.
Hirurek lan talde finko eta emankorra osatu zuten: haiek aztertu zituzten Aralar mendietako trikuharriak (1917), Aizkorrikoak (1918), Ataun-Burundetakoak (1919), Altzaniakoak (1920), Entziakoak (1921), Soraluzeko Elosukoak (1922), Belabietakoak (1924) eta Urbasakoak (1925) eta hainbat kobazulo, Ermittia (1924), Lumentxa (1925), Santimamiñe (1931), Bolinkoba (1933) edota Urtiaga (1936).
1918ko irailean Oñatin egin zen Eusko Ikaskuntzaren Lehen Biltzarrean esku hartu zuen. Batzar hartatik jaio zen Eusko Ikaskuntza Elkartearen babesean Aita Barandiaranek Etnologia Laborategia sortu zuen eta Gasteizko Apaizgaitegian kokatu. 1921ean Eusko Folklore erakundea sortu zuen. 1922ko udan Alemanian zehar ikasketa bidaia bat egin zuen Aranzadirekin batera, eta Paris, Kolonia, Munich, Leipzig eta Berlingo museoak ikertu zituzten. 1923an Breuil abateak emandako ikastaroan esku hartu zuen Parisen.
1926an Apaizgaitegi Nagusiko erretore izendatu zuten, aldi berean Apaizgaitegi Txikiko erretoreordea zelarik. Ondoko urteetako udak etnografia eta arkeologia alorreko lanetan eta prestakuntza bidaiak eginez (Geneva, Berna, Zurich, Viena, Erroma, etab.) eman zituen, harik eta 1936ko gerra hastean mugaz bestaldera alde egin behar izan zuen arte.
Hainbat gorabeheren ondoren Saran finkatu zen, eta bertan emandako hamahiru urteetan historiaurrea eta etnografia lanetan aritu zen. 1953an itzuli zen bere herrira San Gregorio Auzoko Sara-enea etxe berrian bere bizilekua ezarriz, eta harrez gero ikerketa askotan hartu du parte; ikasle asko haren aldamenean prestatu dira.
1954an, Hegoaldera itzulirik, berriro ekin zion lanari Urtiagako haitzuloan. 1956an indusketak hasi zituen Lezetxikin (Arrasate), 1960tik aurrera Aitzbitarte IV (Errenteria), Atxuri (Mañaria), Marizulo (Urnieta), Atxeta (Forua) eta Axlorren (Dima).
Gipuzkoako urrezko domina jaso zuen eta 1982ko abuztuaren 23an lurraldeko seme kutunaren titulua ere. 1984an Ataungo seme kutuna izendatua izan zen. Eusko Ikaskuntzako lehendakariaz gainera, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Gasteizko Teologia Fakultateko Doctor Honoris Causa.
On Jose Migel Barandiaran Ataunen hil zen 1991ko abenduaren 21ean.