Breadcrumb

Edukia

Zer da mingarriagoa, zain batean kateter bat jartzea ala arteria betetik odola ateratzea?

Lehenengo argitaratze data: 2018/01/25

Ezkerretik eskumara, Irrintzi Fernández, Sendoa Ballesteros eta Gorka Vallejo. (Laura López. UPV/EHU)

UPV/EHUko ikertzaileek hauteman dute besoko arteria batetik odola ateratzean sentitzen den mina eskumuturreko batetik ateratzean baino handiagoa dela, eta zainean kateter bat jartzeak min gutxiago egiten duela

DIASURE Erizaintzako lantaldeak Galdakao-Usansolo Ospitaleko eta Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko larrialdietako zerbitzuetara jo zuten 18 urtetik 85 urtera bitarteko 820 pazienterekin egindako ikerketa baten arabera, gasometriarako arteriatik odola ateratzeak min moderatua eragiten du, eta zainean kateterra jartzeak min arina. UPV/EHUko Sendoa Ballesteros, Gorka Vallejo eta Irrintzi Fernández ikertzaileek gidatutako lan honetan minaren pertzepzioa aztertzen da, interbentzio sanitario batean erabakiak hartzen laguntzeko eta larrialdi zerbitzuetako erizaintzako teknika nagusien ondorio mingarriak arintzeko.

Mina bosgarren bizi-konstantetzat hartzen da; hau da, gorputzeko tenperaturarekin, pultsuarekin, odol-presioarekin eta arnas maiztasunarekin batera, lehenengo osasun-miaketa batean kontuan hartzen den  bizi-konstanteetako bat da. Hala eta guztiz ere, mina neurtzea zaila da, faktore subjektiboa denez. Hori dela eta, UPV/EHUko ikertaldeak erabaki du zuzenean galdetzea pertsonei min iatrogenikoa (osasun-arretan eragiten dena) baloratzeko, normalean gutxietsi egiten baita.

Azterlana sei hilabetean egin da (2017ko urtarriletik ekainera) Galdakao-Usansolo Ospitaleko eta Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko larrialdi-zerbitzuetan. Zerbitzu horietako bakoitzak 300.000 biztanle baino gehiagori ematen die osasun-arreta. Ikerketa 18 urtetik 85 urtera bitarteko 820 pazienterekin egin da (456, hau da, % 51,8 gizonezkoak eta 425, hau da, % 48,2, emakumezkoak). Guztira zaineko 780 kateter jarri ziren eta arteriako 101 odol-lagin atera ziren oxigeno eta karbono dioxido mailak eta bikarbonato kontzentrazioa neurtzeko (gasometriak). Mina Numeric Pain Rating Scale (NRS-11) aplikatuta neurtu zen; eskala horrek 0tik 10era bitarteko balioa ematen dio norberak hautemandako minari. Zero minik eza da, eta hamar imajina daitekeen minik handiena. Erabakita dago 3tik gorako mina ez litzatekeela onartu behar. Osasun-teknika horiek zerbitzuan bost urtetik gorako eskarmentu profesionala duten erizainek egin zituzten.