Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Ana Belén Fraile irakasleak Erasmus+ egonaldi konbinatua egin du La Platako Unibertsitate Nazionalean (UNLP)

Ana Belén Fraile irakasleak ikasturte honetan prestakuntza eta irakaskuntzako Erasmus+ egonaldi konbinatua egin zuen La Platako Unibertsitate Nazionalean (UNLP), Argentinan. Mugikortasun horrek esperientzia oso positiboa eta aberasgarria ekarri dio, bai ikuspegi profesionaletik, bai pertsonaletik ere. Egonaldia La Plata hirian egin zuen, Buenos Aires hiriburutik hegoaldera ordu bat baino gehixeagora eta bere unibertsitate-izaera eta dinamismo akademikoagatik ezaguna da.

Prestakuntzaren esparruan, Fraile irakasleak “General San Martín” Akutuen Ospitale Interzonal Orokorreko gimnasioan egonaldi bat egin zuen. Diziplina anitzeko talde batean integratuta egoteko aukera izan zuen eta ariketa fisikoaren bidez gaixotasun kardiobaskularrak dituzten pertsonei zuzendutako prebentzio sekundarioko ikuspegi berritzaileak zuzenean ezagutzeko aukera izan zuen. Ezagutza berriak eskuratzeaz gain, aktiboki parte hartu zuen ospitale horretan garatutako programetan.

Irakaskuntzari dagokionez, irakasleak zahartze osasuntsuarekin eta adinarekin lotutako ezagutzak eta esperientziak partekatu zituen hainbat kolektiborekin: ospitaleko medikuntzako egoiliarrak, Osasun Zientzietako ikasleak eta Prebentzioa eta Berregokitzea Ariketaren bidez graduondoko ikasleak. Halaber, UNLPko agintari akademiko eta irakasleekin bilerak izan zituen, eta, horrek, Erizaintzako graduondoko eta doktoregoko programen ikerketan eta kudeaketan hartu-eman baliotsua ezartzea suposatu zuen.

Mugikortasun horrek nabarmen lagundu du UPV/EHUren eta UNLPren arteko loturak indartzen, eta ondorioz, bi erakundeen artean mugikortasun-hitzarmen berri bat sinatu da. 

Maila pertsonalean eta pedagogikoan, esperientzia bereziki inspiratzailea izan da Fraile irakaslearentzat, bere irakaskuntza-lanean inplementatu nahi dituen ideia metodologiko berriak identifikatu baititu, bai Erizaintzako Graduan, bai Zahartze Osasuntsua eta Bizi Kalitatea Masterrean. Aipatzekoa da azken programa honek Latinoamerikatik etorritako gero eta ikasle gehiago dituela. Egonaldi honek irakaskuntza ireki, internazional eta kulturalki sentikorrarekin duen konpromisoa indartu du.