Breadcrumb

Edukia

UPV/EHUko bi graduatu, MIReko lehenengo hamarren artean

Gillen Oarbeaskoa eta Eñaut Aguirre bigarren eta zortzigarren geratu dira, hurrenez hurren

Lehenengo argitaratze data: 2015/03/15

Gillen Oarbeaskoa

UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Gillen Oarbeaskoa Royuela eta Eñaut Aguirre Iturrioz MIR hautaketa probetan bigarren eta zortzigarren geratu dira. Pasa den urtarrilean egin zen azterketara 12.199 hautagai aurkeztu ziren, mediku prestakuntza espezializatuan aritzeko eskaintzen ziren 6.102 plazetako bat lortzeko asmoz. Probak aukera anitzeko 225 galdera zeuzkan, gehi erretserbako 10 galdera. Ariketa 5 ordukoa izan zen. Azkeneko balorazioa egiteko espediente akademikoa ere hartzen da kontuan.

Gillen Oarbeaskoak 191,33 puntu lortu zituen azterketan, gehi baremo akademikoaren 3,60 puntu. Guztizko horrekin bigarren postua lortu du MIRen zerrendan. Gillen Oarbeaskoak (Durango, 1990) Hematologia eta Hemoterapia espezialitatea egin nahi du Madrilgo ospitale batean. "Hematologia jakintza alor zabala da, arlo klinikoan, laborategian eta ikerketan lan egiteko aukerak ematen dituena", azaldu du. Oarbeaskoa pasa den ekainean hasi zen azterketa prestatzen. Hilabeteotan "gehien kostatu zaidana ikastetik eta ezagutzak barneratzetik azterketa gainditzeko prestatzera pasatzea izan da", gehitu du.

Bestalde, Eñaut Aguirre, MIRen zortzigarren geratu dena, Estatu Batuetan dago momentu honetan. Bai Oarbeaskoak bai Aguirrek euskarazko atalean ikasi dute Medikuntza.