Breadcrumb

Edukia

Basurtuko Unibertsitate Ospitaleak hiru egunez artatuko ditu peluxezko hartzak

Lehenengo argitaratze data: 2015/03/02

Ume batzuek artzak aztertzen dituzte

Ekimenaren helburua da murriztea umeek medikuarenera joateari eta medikuaren azterketei eta probei izan diezaieketen beldurra. Horretarako, ezagutu egingo dituzte osasungintzako tresnak eta prozedurak, eta gaixo gisa peluxeak erabiliko dituzte. Medikuntzako ikasleak izango dituzte tutore eta mediku lanetan.

Basurtuko Unibertsitate Ospitalean (BUO) "Hospital de Ositos (Teddy Bear Hospital)" ekimena egingo da, martxoaren 4an, 5ean eta 6an. Nazioarteko ekimena da, non Bizkaiko hainbat ikastetxetako eskolaurreko ehun bat ikaslek ikasi egingo duten medikuari dioten beldurra galtzen.

Peluxeen arreta zentroa Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Irakaskuntza Unitatean jarriko da; umeek euren panpinak eramango dituzte bertara, aztertzeko eta sendatzeko, kontsulta eta ebakuntza geletan. Horretarako, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Medikuntza eta Odontologia Fakultateko azken urteetako ikasleak izango dira begirale, eta saioetan, haurrak euren peluxezko panpinen mediku bihurtuko dira. Bada, Medikuntzako azken urteetako ikasleen gidaritzapean, "peluxe gaixoaren" sintomen historia klinikoa idatziko dute, peluxea aztertuko dute, eta, kirurgialari jantzita, "ebakuntza egingo diete"gaixoei, ebakuntza geletako mahai egokituetan. Jarduerak iraun bitartean mediku jarduteaz gain, ikasleek oinarrizko nozioak ikasiko dituzte elikaduraz, txertoez eta haginen osasunaz, haurtzaroan bertan ezartzeko ohitura osasungarriak.

Jarduera Europako zenbait herrialdetan gauzatu da jada, eta hemen Asociación Vasca de Intercambios de Estudiantes de Medicina (AVIEM) elkarteak, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/(EHU) Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Pediatria Sailak eta Basurtuko Unibertsitate Ospitaleak antolatu dute.