Breadcrumb

Edukia

Medikuntzako ikasleak Google Glassak probatzen ari dira Kirurgiako praktiketan

Lehenengo argitaratze data: 2014/06/06

Ikasle bat Google Glass betaurrekoekin

Ortovás Médica enpresako Berrikuntza eta Garapen Saila eta UPV/EHUko Kirurgia Saila lankidetzan ari dira Google Glass betaurrekoak Kirurgiako ikasketa praktikoetan ezartzeko prozesuan, gaixoen artaketara bideratu aurretiko urrats gisa.

Ortovás Médica S.L. enpresaren eta UPV/EHUko Kirurgia, Erradiologia eta Medikuntza Fisikoko Sailaren arteko lankidetza-hitzarmenak posible egin du Leioako Medikuntza eta Odontologia Fakultatea Europan aitzindaria izatea Google Glass betaurrekoen teknologia irakaskuntza mundura ekartzen.

Aurreko astean, hirugarren mailako ikasle talde bat hasi zen betaurreko horien erabilpenean trebatzen, Kirurgiako praktiketan irakaslearen eta ikasleen arteko interakzioa hobetzeko. Gailu berriak ahalbidetzen du ikasleak irakasleari simulagailuetan egindako josturen irudiak denbora errealean bidaltzea edota aholkuak edo argibideak eskatzea. Aldi berean, irakasleak ikasleari bere teknika hobetzeko beharrezko jarraibideak bidal diezazkioke betaurrekoetara edota aholka diezaioke berak egindakoa aurretiaz gordetako irudiekin aldera dezala, azken emaitza nolakoa izan beharko lukeen erakusten duten irudiekin, hain zuzen ere. Gainera, teknologia horrek ikasleak gauzatutako jarduerari buruzko argazki-bilduma gordetzeko aukera ematen dio irakasleari; horrela, lortutako trebakuntza modu objektiboagoan ebaluatu ahalko du.

Ohi denez, gazteak oso azkar egokitzen dira betaurrekoak erabiltzera, eta era naturalean darabiltzate saio gutxi batzuen ondoren: buruaren mugimendu baten bidez abiarazten dute gailua; argazki bat ateratzeko, nahikoa dute begi-keinua egitea; eta iruzkin zein argazki bat bidaltzeko, betaurrekoen besoa ukitzen dute.

Bizitako esperientziari buruz galdetzean, pozik azaltzen dira halako aukera izatearekin, eta uste dute Google Glass betaurrekoek hobekuntza handia ekar dezaketela. Hala ere, gailua perfektua izatetik urruti dagoela ere aipatzen dute: gehiegi berotzen da, bateriak ez du asko irauten eta ezin daiteke WiFi sare-seguruetara konektatu. Bestalde, ezin daitekeenez mugitu bisorea non dagoen kokatuta, lepoa gehiegi tolestera behartzen du erabiltzailea, mahai batean lan egiten dagoenean. Ezaugarri horrek kirofanoan erabiltzeko baliogabetzen ditu.