Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Gipuzkoako erizainek lehen aldiz definitu dute generoarekiko sentikorra den erizaintza-praktika

Agurtzane Mujika, Ainitze Labaka, Naia Hernantes, María Isabel Trespaderne

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Medikuntza eta Erizaintza Fakultateari lotutako Ainitze Labaka, Maria Isabel Trespaderne, Agurtzane Mujika eta Naia Hernantes erizain gipuzkoarrek gidatutako ikerketa batek erizaintza diziplinan lehen aldiz definitu du generoarekiko sentikorra den praktika erizainaren kontzeptua. Journal of Clinical Nursing aldizkari zientifikoan argitaratu dute ikerketa, eta, horrez gain, praktika klinikoan ikuspegi hori aplikatzeko eta ebaluatzeko adierazle zehatzak ezartzen ditu.

Abiapuntua bezala, generoak eragina duela gaixotzeko, sintomak adierazteko eta osasun sistemarekin duten harremana esperimentatzeko moduan hartu da. Orain arte, ordea, ez zegoen generoarekiko sentikorra den erizaintza-jarduerak inplikatzen duenari buruzko definizio adosturik, ez eta haren aplikazioa ebaluatzeko tresna espezifikorik ere. Ikertzaileek ikuspegi hori honela definitzen dute: banakako laguntza, ebidentzia zientifikoan oinarritua eta alborapenik gabea, zeinak aintzat hartzen duen sexuak eta generoak duten eragina osasun-beharretan, gaixotasunaren esperientzian eta osasun-zerbitzuekiko harremanean. 

Ikerlanak praktika horren funtsezko lau elementu identifikatzen ditu: generoak osasunean eta gaixotasunean duen eragina ulertzea; paziente bakoitzaren esperientzia eta beharrak baliozkotzea, estereotipoak eta alborapenak saihestuz; zerbitzuen antolaketan, lidergoan eta kudeaketan genero-ikuspegia txertatzea; eta sistematikoki sartzea erizaintza-prozesuaren fase guztietan, baloraziotik hasi eta erregistro klinikoetaraino. 

Ikerketa garatzeko, literatura zientifikoaren berrikuspen sistematikoa egin zuten egileek, 2002 eta 2024 artean Europa, Amerika, Asia, Afrika eta Australiatik argitaratutako 34 lan aztertu zituzten. Ikerketa horietan oinarrituta, generoarekiko sentikorra den erizaintza garatzeko beharrezkoak diren baldintzak identifikatu zituzten, baita profesionalek eskuratu behar dituzten gaitasunak eta horiek pertsonentzat eta osasun-sistementzat izan ditzaketen onurak ere. Adibide praktikoak eta baliozkotutako tresnak ere baditu lanak, hainbat asistentzia-eremutan aplikatu eta ebaluatu ahal izateko. 

Ikuspegi hori ezartzeko oztopo nagusien artean, hauek nabarmentzen dira: prestakuntza espezifikorik eza, genero-ikuspegia barne hartzen duten antolamendu-politikarik eza eta arreta aldatzea zaildu dezaketen egitura profesional jakin batzuk. Elementu erraztaile gisa, ikertzaileek erizainen lidergoa, ekitatearekiko konpromiso instituzionala eta perspektiba horren aplikazio eraginkorra neurtzeko tresnen eskuragarritasuna aipatzen dituzte. 

Ikerketaren ondorioen arabera, zainketetan generoa txertatzeak kalitatea eta segurtasun asistentziala hobetu ditzake, pertsonek beren osasunari buruzko erabakietan parte-hartze handiagoa izatea erraztu dezake eta desberdintasunak, atzerapen diagnostikoak, tratamendu desegokiak eta diskriminazio egoerak murrizten lagundu dezake. Egileek, azkenik, azpimarratzen dute praktika hori ezin dela erizain bakoitzaren sentikortasun indibidualaren mende soilik egon behar; osasun-erakundeen konpromisoa ere eskatzen du, baita prestakuntza espezifikoa graduan eta etengabeko formakuntzan ere, eta bidezko arreta ematera bideratutako osasun-sistema bat ere.