Breadcrumb

Edukia

"Giza histologia medikoa" liburuaren argitalpena

Lehenengo argitaratze data: 2019/02/21

"Giza histologia medikoa" liburua

Giza histologia medikoa (UEU eta EHU, 2018) biomedikuntza arloko ikasle eta profesionalei zuzenduta dago. Iker Badiola Etxaburu eta Edurne Alonso Arana Zelulen Biologia eta Histologia Saileko irakasleak dira eta Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeari (OEE) eta bereziki Agote sariari esker Giza histologia orokorra (UEU eta EHU, 2015) eta orain Giza histologia medikoa (UEU eta EHU, 2018) plazaratu dute. Sariaren babesleak LKS eta Mondragon Health enpresak izan ziren eta argitalpenaren arduradun nagusia Udako Euskal Unibertsitatea izan da.  

Giza histologia orokorrean giza gorputza osatzen duten ehunen ezaugarriak azaltzen ziren  eta bere jarraipena den Giza histologia medikoa liburuan giza gorputzean dauden aparatu eta sistemak osatzen duten organo bakoitzaren histologia berezia azaltzeko sortu zen. Organo bakoitzak anatomia mikroskopiko berezia dauka eta bere sisteman edo aparatuan duen eginkizuna deskribatzeko ezinbestekoa da ulertzea morfologia zehatz hori. Honela, ehunetako zitologia edo zelula motak, beren funtzioa, fisiologia eta beste esparru batzuk ere lantzen dira, bereziki patologiarekin zerikusia dutenak.

Histologia izaki bizidunen ehunen antolakuntzaren ikerkuntzan datza eta bere ikasketarako oinarri bisuala ezinbestekoa da. Azalpen teorikoak mikrografia edo mikroskopioz behatutako lagin batean oinarrituta daudenez, liburua irudi histologikoekin eta egileek sortutako hainbat eskema eta irudi grafikoekin ere hornituta dago, irakurketa ulergarriago egiteko asmoarekin. Honetaz gain, atlas digital bat Giza histologia medikoa liburu fisikoaren osagarria da eta honi esker kapituluen deskribapenak jarraitu daitezke bereizmen altuko mikrografietan histologoaren edota histologia ikaslearen beharrizanetara egokituak. Honela, benetako ehunetan helburu zehatzak identifikatzeko aukera ematen zaio irakurleari edota ikasitakoa lokalizatzeko baliabidea.

  • Egileak: Edurne Alonso Arana, Iker Badiola Etxaburu
  • Gaiak: Histologia, Medikuntza, Osasuna
  • Jakintza-arloak: Medikuntza eta Osasuna
  • ISBN: 978-84-8438-672-8
  • Argitarapen urtea: 2018
  • Orrialdeak: 268