Breadcrumb

Edukia

Hanburgoko Erizaintzako irakasleen bisita

Lehenengo argitaratze data: 2016/04/28

Apirilaren 19an eta 20an, Donostiako Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean izan genituen Hanburgoko Unibertsitateko (Alemania) hainbat ikastegitako Erizaintzako zazpi irakasle eta Erasmus + programaren arduradun bat.

Lehen egunean, haiei harrera eta ongietorria egin ondoren, aurreneko lan saioa egin genuen ikastegiko zuzendari eta irakasleekin; Espainiako Erizaintza titulazioa, titulazioak urteotan izan duen bilakaera eta egungo ikasketa plana azaldu genituen. Gero, ikastegiko instalazioak bisitatu genituen, eta arreta berezia jarri genien probetarako ebakuntza gelei.

Egunaren bigarren zatian, Practicuma izan genuen aztergai: diseinua, ibilbidea, ebaluazio eta kalifikazio sistema eta tutoretza prozesua.

Halaber, ikasleen eta irakasleen unibertsitate trukearen inguruko alderdiak jorratu genituen, eta mahai gainean jarri genuen Hanburgoko Unibertsitatearekin Erasmus hitzarmen bat izenpetzeko aukera.

Bigarren egunean, apirilaren 20an, EAEko Lehen Mailako Arreta nola antolatuta zegoen ikusi nahi zutela eta, bi osasun etxe bisitatu genituen: Grosekoa eta Intxaurrondokoa.

Groseko Osasun Zentroan, Osakidetzako Integrazio Asistentzialeko zuzendariorde Elisabet Barandiaran eta Garbiñe Sukiak hartu zituzten irakasleak, eta Lehen Mailako Arretako zerbitzuen eskaintza azaldu zieten. Ondoren, Intxaurrondoko Osasun Zentroa bisitatu zuten, eta Rosa Velasco aritu zen gidari, erizaina eta duela urte batzuetatik UPV/EHUko irakaslea.