Introducción_Grupo

MikroIker Ikerketa Taldea

Sarrera

MikroIker ikerketa taldeko logotipoa

MikroIker ikerketa-taldeak urteak daramatza osasun-, elikadura- eta ingurumen-intereseko hainbat mikroorganismori buruzko ikerketak egiten, horretarako kultiboan oinarritutako teknika mikrobiologikoak ez ezik, teknika molekularrak ere erabiliz, besteak beste sekuentziazio masiboko teknikak. Ikuspegi multidiziplinar batetik abiatuta (Medikuntza, Farmazia, Biologia eta Bioinformatika arloak uztartuz), gaur egun hainbat ikerketa-ildo garatzen ari gara. Ildo horien ardatz nagusia mikroorganismoak euren habitat desberdinetan aztertzea da, batez ere haien karakterizazioan, ikerketa epidemiologikoan eta banaketan zentratuz.

Ikerketa Lerroak

Elikagaien jatorriko eta garrantzi klinikoko patogenoen azterketa eta karakterizazioa
Gure ikerketa-taldea elikagaien patogenoen identifikazioan eta karakterizazioan aritzen da, batez ere Salmonella eta kampilobakterioetan, baita garrantzi kliniko bereziko beste patogeno batzuetan ere, hala nola Pseudomonas aeruginosa-n. Horretarako, elikagaien segurtasunean eta epidemiologia-zaintzan erabil daitezkeen markatzaile epidemiologikoak bilatzen ditugu. Gainera, erresistentzia antimikrobiarraren geneak, birulentzia geneak eta antzeko beste faktore batzuk aztertzen ditugu, aztertutako isolatuen patogenesia, moldaketa eta eboluzioa hobeto ezagutzen laguntzeko.

Ingurumeneko mikroorganismoen dibertsitatearen azterketa
Ikerketa-ildo hau, batez ere, Añanako Gatz Haraneko uraren mikroorganismoen dibertsitatearen azterketan oinarritzen da, bai kultibo-teknika tradizionalak bai sekuentziazio-teknikak aplikatuz. Ikerketa honek aukera ematen du ekosistema gazi honetan dauden mikroorganismoen aberastasuna eta dibertsitatea zehazteko, eta bertan dauden espezie prokariotoen aplikazio bioteknologiko posibleak ezartzeko.

MikroIker ikerketa taldeko argazkia (2025)
MikroIker ikerketa taldeko argazkia (2025). Goitik behera eta ezkerretik eskuinera: Lorena Laorden, Irati Martinez, Maia Azpiazu, Ilargi Martínez, Joseba Bikandi, Elena Valgañón eta Adrián Salazar. | Argazkia: MikroIker