Info_ApoyoTecno-SCAnalisis-Bizkaia_servicios

ANALISIRAKO ZERBITZU ZENTRALA BIZKAIKO UNITATEA

Zerbitzuak

Analisi Zerbitzuak kimika-analisi aplikatuaren arlo asko hartu nahi ditu. Besteak beste, ur, lurzoru, hondakin, elikagai, eta antzekoen analisiak sartzen dira eta baita arlo kliniko edo toxikologikoan aplikatzen diren analisi-metodoak ere.

Horren harira, eskainitako zerbitzuak honako hiru maila hauetan bildu daitezke:

  1. Analisi-metodo ezaguna prestatzea
    Bezeroak analisi-metodo egokia ezagutzen duenean edo dagoeneko ezarritako metodoa erabiltzea proposatzen denean.
  2. Hainbat analisi-metodo garatzea konposatu ezezagunetarako
    Horrelakoetan, zehaztu beharreko substantzia ezezaguna denez, zerbitzuak beharrezkotzat jotzen duen informazioa eskatuko dio bezeroari; hartara, proposatutako arazoa lantzeko zer analisi-teknika erabiliko den aztertzen hasiko da. Hau da, konposatu ezezagunaren ezaugarriak zehazteko teknika egokiak aukeratuko dira, eta, hala behar izanez gero, baieztatze-teknika bat egingo da. Azken hori teknika konbinatuen laguntzaz egingo da, masen espektrometria barne.
  3. Ikerlanak edo azterketak
    Horrelakoetan, zerbitzuak talde batek edo batzuek proposatutako ikerketetan parte hartuko du. Lortu beharreko helburuak eta laneko plangintza modu garbian zehaztuko dira.

Adibide gisa, Zerbitzuak hainbat arlotan eskaintzen dituen analisiak aipatuko ditugu:

BIOANALITIKA

  • Sendagaietako formulen analisia
    Arlo honetan analisi-metodoak prestatzen eta garatzen dira, sendagaien formulak zehazteko. Sentsibilitate handirik ez dute behar, baina, beharbada, aukeraketa zorroztasunez egitea komeni da; izan ere, osagai aktiboak ezpurutasunak baldin baditu, bigarren mailako efektuak gerta daitezke. Farmazia-enpresetan geroz eta gehiago eskatzen da osagaia ez ezik ezpurutasunak ere analizatzea.
  • Sendagaien analisia jariakin biologikoetan (plasma, gernua, gorozkiak...)
    Sentsibilitate handiko analisi-metodoak ezarriko dira, farmazia-konposatuen jariakin biologikoen kontzentrazio mailei jarraipena egiteko. Zehaztapen mota hauetan matrize biologikoa tratatzeko metodoa prestatu behar da, likidoa-likidoa edo solidoa-likidoa ateratzeko metodoak ere sartuko dira. Analisi mota hauek metodo kromatografikoen eta elektroforetikoen bidez egin ohi dira.
  • Ikerketa farmakozinetikoak
    Farmaziako interesa duten konposatuetan dagoen plasma-kontzentrazio mailak profil farmakozinetikoak ezartzeko xedearekin zehazten dira. Nagusiki kromatografia likidoaren teknika erabiltzen da, hainbat detekzio motarekin.
  • Metabolismoa sendagaietan
    Metabolomikaren arloan gaur egun nagusi den joerak eragina du, osagai aktiboaren jarraipenean eta bere metabolitoen zehaztapenean. Horri dagokionez, duela gutxi erositako kromatografia likidoko eta masen espektrometriako tresnaren bidez, farmazia-industriak eta bioanalitikako ikerketa-taldeek eskatutako analisi motak egin daitezke.
  • Lipidoen analisia
    Lipidoen analisiaren helburu nagusia perfil lipidikoa lortzea izaten da, izan ere horrela, hainbat gaixotasun metabolikotan (loditasuna, aterosklerosia, diabetesa, hipertentzioa edo bihotzekoak) duten eragina aztertu daiteke. Esparru honetan eman den aurrera pausua teknika analitikoetan suertau den garapen teknologikoari sor diogu, masa espektrometriari lotutako kromatografia likidoan edo laser ablazioan, esate baterako.

INGURUMENA

Gehiengo eta gutxiengo ioi metalikoen, anionen eta konposatu organikoen (pestizidak, VOC, PAH,...) analisiak askotariko matrizeetan, esate baterako:

  • Urak (lurpekoak eta azalekoak)
  • Lurzoruak, jalkinak, lohiak
  • Zura
  • Industria guneetako eta hirietako atmosfera
  • Landareak eta animaliak
  • Gernua, plasma

Horrelako analisietan, oro har, dagokion tresnan sartu aurretik, lagina tratatzen da, arlo horretan zerbitzuak dituen teknika guztiak erabiliz, hau da: espektroskopikoak, kromatografikoak eta elektroforetikoak.

AUZITEGIKO EREMUA

  • Tinta analisia dokumentoetan
  • Analisi isotopikoa hainbat matrizetan (biologikoak eta ingurunekoak).

ELIKAGAIAK

Elikagaien arloan erabateko garrantzia du lehengaien eta amaierako produktuen kontrola egitea. Eskainitako zerbitzuak honako hauek dira:

  • Elikagaietako ioi metalikoak zehaztea
  • Elikagaietako substantzia toxikoak analizatzea

Teknika espektroskopikoak eta kromatografikoak analisi hauek egitean aplikatuko dira, lagina aldez aurretik tratatu ondoren.

GEOLOGIA

Arlo honetan hainbat analisi egin daitezke, besteak beste:

  • Lurpeko ur-trazatuaren analisia
    Hidrogeologian erabilitako trazadoreak aintzat hartuz (fluoreszeina, rodamina, ioduroa, litioa,...) fluorimetria, elektroforesi kapilarra eta atomo-xurgapeneko espektrometria teknikak erabiltzen dira.
  • Arroken, mineralen eta mea metalikoen analisia

Horrelako matrizeetan ioi metalikoak zehazteko, batez ere, igorpen-espektrometria induktiboki akoplatutako plasmaren (ICP-AES) teknika erabiltzen da oro har, elementu asko analizatzen direlako askotariko kontzentrazio mailatan.

ARTE ONDAREA

  • Pigmentuak zehaztea artelanetan
    Arte-ondarea zaintzeko arloan, berriz, laginak erabateko garrantzia du. Beraz, suntsitzaile ez diren teknikak edo oso lagin txikiak onartzen dituztenak erabili beharko dira. Elektroforesi kapilarraren teknikak abantail handiak eskaintzen ditu, pikolitroen bolumenak onartzen dituelako eta bereizketarako kromatografia likidoak baina aukera gehiago ematen dituelako. Horregatik, hain zuzen, teknika hori erabiltzen da horrelako analisietan.
  • Aglutinatzaile lipdikoak eta proteikoak zehaztea

Margoetan pigmentuekin batera aglutinatzaileak egoten dira eta horiek ere aztertu egin behar ditugu. Metodo kromatografikoak (HPLC eta gas-kromatografia) erabiltzen dira horrelako zehaztapenetan.

INDUSTRIA EKOIZPENA

Industriari dagokionez, prozesuen jarraipena egin behar da eta amaitutako produktuen ezaugarriak zehaztu behar dira. Produktuak merkaturatzeko hainbat arau bete behar izaten dira eta horretarako produktua bera analizatu behar da. Zerbitzuak bi azterketa mota horiek egiteko aukera eskaintzen du:

  • Material berrien ezaugarriak zehaztea
  • Industria-prozesuen jarraipena egitea. Industria motaren arabera, analisi-metodologia bat edo beste erabiliko da