MIKROSKOPIA: UPV/EHU-KO POLIMEROEN ANALISIAREN ZERBITZUA

Aurkezpena

Mikroskopia: UPV/EHU-ko Polimeroen Analisiaren Zerbitzua Euskal Herriko Unibertsitatearen Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorren (SGIker) barruan dago. Zerbitzu hau sortu zen azken hamarkadetan material polimeroek garrantzi handia hartu dutelako. Gaur egun, polimeroen arloan diharduen Materialen Zientziak material polimerikoen lortze-prozesuen, egituren eta amaierako ezaugarrien arteko harremanak aztertzen ditu. Hori lortzeko beharrezkoa da ikergai den material polimerikoaren ezaugarri zehatzak ezagutzea.

Mikroskopia gaur egun gehien erabiltzen den teknika da, eta emaitza onenak ematen dituena. Horren bidez, polimeroen morfologia, azalera eta egitura ezagutu daiteke edo dispertsatzaileen ezaugarri koloidalak zehaztu daitezke. Hori dela eta, Zerbitzuak tresnak, laguntza teknikoa eta berariazko prestakuntza eskaintzen ditu, mikroskopiaren bidez material horien ezaugarriak zehazteari begira.

Batik bat, osagai askoko material polimerikoen eta polimero erdi-kristalinoen morfologia ezagutzeko eta dispertsio koloidalen partikulen tamaina zehazteko zerbitzuak ematen dira. Nolanahi ere, mikroskopia analitikoaren arloan azken urteotan izandako aurrerapenei esker, osagai askotako material baten faseak osatzen dituzten konposatuen gaineko ikerketa kualitatiboak nahiz kuantitatiboak egin daitezke. Horrez gain, zerbitzua prest dago material polimeriko berrien ikerketan sortutako premia berriei erantzuteko.

Zerbitzuak dituen tresnen artean, transmisioko mikroskopio elektronikoa eta laginak prestatzeko beharrezkoak diren tresnak daude: ultramikrotomoa eta krioultramikrotomoa.