Gai aukeraren zerrenda

Ciencia, Tecnología y Género

Genero ikuspegia osasuneko praxian, interbentzioan eta ikerketan

Arduradunak: Lucía Gallego Andrés (UPV/EHU) eta Eugenio Domínguez (Bizkaiko Medikuen Elkargoa)

Gizon-emakumeen osasuneko desparekotasunak kalte nabarmenak eragiten ari dira garapen globalerako, eta agerian uzten dute sartu egin behar dela genero ikuspegia erakunde sanitarioen agendan. Politika horren xedea da osasuna hobetzea, genero gaiei behar arreta jarriko dieten eta emakumeen eta gizonen arteko zuzentasuna eta berdintasuna bultzatuko dituzten ikerketa, politika eta programen bidez.

Ardatz honetan bildutako gaiek genero ikuspegiko interbentzio proposamenak landu eta emango dituzte: a) Osasun zientzietako heziketa; b) Arlo sanitarioko ikerketa proiektuen garapena; eta c) Diagnostikorako protokoloen eta emakumeen berezitasunetarako tratamenduen garapena eta, hartara, horiek ez egiteak dakartzan kalteak eragoztea.

Ingeniaritza eta teknologia

Arduradunak: Lourdes Domínguez Carrascoso (UPV/EHU) eta Enkarni Gómez Genua (UPV/EHU)

Ingeniaritza eta teknologia desparekotasunaren gaia ikergai hartu duten ikertzaileentzako edo historia akademikoetarako sexu eta generoari buruzko adierazleen altxor bat bihur daiteke, eta hori arrisku bat da;  izan ere, adierazleak ez dira ia aldatzen urteen poderioz, eta badirudi ataka horretan geratu garela. Ingeniaritzako ikasgeletan eta, neurri txikiagoan, zientzietakoetan, gizonezko pertsonak dira nagusi kopuruz, eta lan onenak gizonentzat jarraitzen dute izaten, eta aginte postuek gizonezko generoaren iragazkia dute artean. Egoera hori ikusita, gazteek uko egiten diote aurreko belaunaldia galtzen ikusi duten borroka horretan sartzeari.

Ingeniaritza eta teknologia ardatzak berrikuntza, belaunaldi berriei buruzko azterketa, jakintza-gai horrek dituen joerak eta gizartearekin duen harremana ditu jomugatzat. Historiaz gain, bere garaian nabarmendu ziren emakumeen itzalaz gain, eredugarriak diren kasuak erakusteko asmoaz gain, zenbatu eta ehunekoak ateratzeaz gain, ardatz honek urrutiago joan nahi du, eta ingeniaritza zein teknologia gure garaitik aztertu nahi ditu. Izan ere, benetan, egia ote da neskek distantzia handiago hartu dutela tekno-zientzien inguruan?

STEAM diziplinak: ibilbide akademiko-profesionaletako eragina

Arduradunak: Ainhoa Berciano Alcaraz (UPV/EHU) eta Maria Teresa Nuño Angos (UPV/EHU)

Gero eta gehiago jabetzen gara hezkuntza sistema formalaren baitan dauden genero desparekotasunez. Asko dira aipa daitezkeen lanak, baina artean aztertzeke daude desparekotasun mota berriak eta maila akademikoan nolako ondorioak dituzten.  Horrexegatik, adar honetan ondorengoei buruzko ikerlanak proposatzeko deia egin nahi dugu: i) STEAM diziplinen hezkuntza arloan galdera berriak proposatzen dituztenak; ii) hezkuntza arloan, batez ere STEAM diziplinetan. genero berdintasuna sustatu nahi duten hezkuntza proposamenak aztertzen dituztenak; iii) neskatilak ikasketa zientifiko-teknikoetara lerratzea bultzatzen duten heziketa esperientziak proposatzen dituztenak; iv) zientzietako irakasleak genero ikuspegi batetik heztea bultzatzen dutenak.

Zientziako ezagutzaren eraikuntza

Arduradunak: Ana Irene del Valle (UPV/EHU) eta Elisa Usategui Basozabal (UPV/EHU)

Mendebaldeko munduan zientzia eta teknikari ohituraz esleitu zaizkion ezaugarriei buruzko gogoetan (natur munduaren ezagutza objektibo eta neutroan), agerian geratzen da gizonezko zuria eta mendebaldarra dela mundua definitzen duen subjektua, eta emakumezkoak, berriz, haren begiradaz gauza bihurtutako objektuak; gainera, mekanizismo eta erredukzionismo sakon bat du, erabat egiten baitu naturaren eta kulturaren, subjektuaren eta objektuaren arteko bereizketa. Genero ikuspegia jarduera zientifikoan sartzea ez da bakarrik beharrezkoa zientzialarien ekarpenak berreskuratzeko, emakumeak ezagutzaren subjektu egiteko, emakumeak mundu zientifiko teknikoan sartzeko eta emakumeak patriarkatuaren biktima gisa aztertzeko. Beharrezkoa da baita ere emakumeen esperientzia hura gizarteko izaki gisa berreskuratzeko, aztergai eta aztertzaile bihurtuta.

Gai ardatz horrek hainbat ekarpenetarako bidea ematen du: (i) zientzia formalak eta fisiko-naturalak eraikitzeko eta horien historian emakumeek edukitako presentzia txikiaren azalpena, gizonean zentratutako zeregin zientifikoaren, haren produkzioaren eta kudeaketaren ikuspegia dela eta; (ii) generoko inpaktuak bereizita bistaratzeko eta azaltzeko esparru epistemologiko, teoriko edo metodologiko berritzaileei buruz gogoeta egin, auzitan jarri edo proposatzea; (iii) esperientziari eta subjektibotasunari muzin egiten dien eta, desparekotasun berriak sortuz eta erreproduzituz, ikerketa problema berrien eztabaida, behaketa eta definizioa pobretzen duen zientzia eta teknologiaren kontzepzioa deseraikitzea; (iv) iberoamerikar testuinguruan, genero ikuspegi batetik, zientzia eta berrikuntzako politika publikoen plangintza, prestaketa eta ezarpena aztertu eta ebaluatzea.

Zientzia eta teknologiaren dibulgazioa eta zabalkundea: diskurtso hegemonikoak auzitan

Arduradunak: Marta Macho Stadler (UPV/EHU) eta Javier San Martin (kazetari zientifikoa)

Gure gizartea abiadura handiz aldatzen da, eta ezagutza transmititzeko moduak ere, batik bat zientifikoa, etengabe aldatzen dira. Zalantzarik gabe, etorkizuna teknologikoa da, eta sare sozialek rol gero eta handiagoa jokatzen dute zientziaren dibulgazio eta zabalkundean. Sareak ehuntzea beti izan da emakumezkoen jarduera eta, hala ere, kanal berrien (multimedien, sare sozialen eta abarren) diskurtso zientifikoak errepikatu eta, are, handitu egiten ditu emakumeen kontrako ikusezintasuna eta erasoak.

Ardatz honetan, ondorengo gaiei erreparatuko diegu: a) sare sozialak, emakumeen sareak eta STEAM diziplinak, b) zientziaren dibulgazioa eta zabalkundea eta, arlo horretan, emakumezko zientzialariek eta kazetariek duten rola, c) multimedietako diskurtso zientifikoetako estereotipoak eta aurreiritziak, d) zientziaren zabalkunderako kanal berrietara modu inklusiboagoan (geure burua, eta kanalok) 'egokitzea'ren eta abarren garrantzia.

Zientziak: ikerketa, jasangarritasuna eta garapena

Arduradunak: Marta Macho Stadler (UPV/EHU) eta Maria Teresa Nuño Angos (UPV/EHU)

Zientzian, ikerketako gai handiak erakunde finantzagileek eta arduradun politikoek erabakitzen dituzte. Gai batzuk interesgarriak dira eta beste batzuk, berriz, ez, batez ere lortutako etekin ekonomikoen arabera.

Zientzian, emakumeek, ehuneko handi batean, arlo biosanitarioko ikasketen hautua egiten dute; inkesta batzuek adierazten dutenez, hori hala da 'gizartearen zerbitzuko jaiera' duten diziplinak direlako.  Ingurumenaren aldetik gero eta hondatuago dagoen mundu honetan, emakumeak zenbait diziplinatan hasteak beharbada aldaketak ekar ditzake.

Ardatz horretan sartzen dira, adibidez, emakumeak ohituraz gizonezkoenak izandako diziplina zientifikoetan hastera bultzatzea (erreferenteak, ekintza positiboak, emakumeen presentzia handiagoaren efektua, etab.) edo 2030eko garapen jasangarrirako helburuetan emakumeak zientziara sartzearen efektua.