euskaraespañol

AZPidazki, administrazio-izkribuak euskaraz idazteko heldulekua

Administrazio eta zerbitzuetako langileei, irakasle-ikertzaileei edo herritar orori laguntzeko helburuarekin berritu du Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzak aplikazioa

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/11/03

Administrazio eta zerbitzuetako langileei, irakasle-ikertzaileei edo herritar orori euskarazko eguneroko administrazio-idazkiak sortzen laguntzeko helburuarekin berritu du Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordetzak AZPidazki aplikazioa.

"Euskara zerbitzu-hizkuntza izateaz gain, lan-hizkuntza izatera heltzeko bidea egiten ari gara. Bide hau luzea da eta ahalik eta denbora laburrenean egiteko AZPidazki bezalako tresna linguistikoak ezinbestekoak dira. Langileen euskalduntzerako prestakuntza eta euskara kudeaketa aurreratuan txertatzea estrategikoak dira aipatutako erronka betetzeko, baina ezin dute bidea bakarrik egin eta euskaraz lan egitea erraztuko duten tresnak garatzea edo eguneratzea ezinbestekoa da", aipatu du Jon Zaratek, Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordea.

Iragan astean Bilbon, Donostian eta Leioan iragarri zuen eta asteon Gasteizen ezagutarazi du tresna errektoreordetzak. Aurkezpen saio hauetara AZPko eta IIPko kideak gonbidatu ziren. Horietako bi, Enara Agirre Arrizabalaga eta David Fogarty han izan ziren tresna berritu horren erabilera berenganatzeko. "Ez nuen ezagutzen tresna eta oso ondo dago. Nik Berdintasunerako Zuzendaritzan lan egiten dut, eta han zailtasunak izaten ditugu batzuetan terminologiarekin. ‘Masculinidad' bezalako hitz bat adibidez nola itzuli behar da, ‘maskulinitate' moduan edo ‘maskulinotasun' moduan. AZPidazkik eskaintzen duen ‘Itzulpen memoriak' atala oso ondo etorri daiteke horrelako zalantzak argitzeko", zehaztu zuen Agirrek.

David Fogarty AZPko langileak ere tresna erabilgarria izan daitekeela uste du. Eta sail eta erretoreordetza desberdinekin dituen hartu-emanetako idazkiak osatzeko erabiliko duela adierazi du. "Niri asko gustatzen zait euskara eta beti ahalegintzen naiz euskara erabiltzen. Nire lanagatik, medikuntzarekin lotutako gaiak eta itzuli behar ditut, beraz, barne komunikazioetan eta sortzen ditudan e-mail edo idazkiak egiteko erabiliko dut", azaldu zuen.

AZPidazki berriaren ezaugarri nagusia pantailaren erdialdean aurkitzen den bilatzailea da. Bestetik, aditzen jokaera, datak eta orduak eta zenbakiak nola idatzi, eta Xuxen zuzentzaile ortografikoa aurkitzen dira tresnaren behealdean. Eta, azkenik, zabaltzen den menu bat dago. Aurreko lau atalez gain, deklinabidea, hiztegiak, itzulpen memoriak, materialak, zalantzetarako argitokia eta sakontzeko atala dituena, hainbat eredurekin.
Urriko datuei erreparatuz gero, 7.162 sarrera (pertsona bat behin baino gehiagotan sartu daiteke) izan ditu aplikazioak. Zenbaki potoloak izan arren, Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzak  hemendik aurrera jende gehiagok erabiltzea espero du.  

2004an sortua

AZPidazki UPV/EHUko Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalari euskaraz lan egiten laguntzeko tresna bat legez jaio zen 2004an. Lehen bertsio hura hainbat aldiz berritu, eguneratu eta hobeto da, eta gaur egun irakasle-ikertzaile, ikasle zein unibertsitate kanpoko lagunek darabilte. Hainbeste urteren ondoren, berrikuntza sakonagoa eskatzen zuen eta horixe egin da oraingoan. Hala, erabat aldatu diote itxura eta edukiak.

"Argi dago eguneroko beharrizanei modu eraginkorragoan erantzuna emango dioten aplikazioak garatzea bide bat izan daitekela, baina kasu askotan, jada lehendik garatutakoak eraberritzea egokiagoa izan daiteke. Gainera, UPV/EHUn euskaraz lan egitea errazteko baliabide ugari ditugu (EHULKU zerbitzua, corpusak, hiztegiak, hizkuntzen erabilerarako irizpide eta jarraibideen dokumentua, erabilera taldeetan sortutako materialak, itzulpen eta interpretazio zerbitzua...), baina sarritan ez dira ezagutzen edota erabiltzen. AZPidazkiren bitartez, aipatutako hainbat baliabide produktu bakar batean jaso nahi izan dira, erabilerarako ahalik eta praktikoena den aplikazioa langileen zerbitzura ipinita", argitu du Zaratek.

"AZPidazkiren albiste hau aprobetxatuz, euskalduntze prozesuan hizkuntza-gaitasun nahikoa lortzeko hainbeste ahalegin egin duten langileak euskaraz lan-egitera animatu nahi ditut, UPV/EHUn lanean urteak daramatzatenei iraganeko lan ohiturak aldatzeko ahalegina egiteko eskatu nahi diet eta langile berriei lehendik zeudenekin lehen harremanak euskaraz sortu ditzatela. Erronka potoloa daukagu esku artean eta garrantzitsuena bakoitzak bere esparrutxoan edo taldetxoan eragiten hastea da", gaineratu du.