Eduki publikatzailea

Trikuharrietan eta leizeetan hobiratuen arteko desberdintasun sozialak hezurretan ikusgai

UPV/EHU eta Oxford Unibertsitatearen lan bat argitaratu dute PLOS ONE aldizkarian: duela 5.000 urteko desberdintasun sozialak erakutsi dituzte

Lehenengo argitaratze data: 2017/09/28

Irudia
Teresa Fernández-Crespo. UPV/EHU.

UPV/EHUren Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Sailak eta Oxford Unibertsitateko School of Archaeologyk egindako ikerketa batek trikuharri eta leizeetan lurperatutako hezurren isotopo egonkorrak neurtu ditu, haien dieta zein zen zehazteko, eta, hala, Arabako Errioxan Neolitoaren bukaeran eta Eneolitoaren hasieran zer gizarte-egitura eta nolako gizartea zeuden jakiteko.

Aurrez egindako lan batean, Teresa Fernández-Crespok, azterketa honen egile nagusiak, desberdintasun demografikoak aurkitu zituen dolmenetan eta leizeetan lurperatutako pertsonen artean: dolmenetan, gizonezko helduak ziren nagusi, eta leizeetan, berriz, ohikoagoak ziren umeak eta emakumezkoak. Hobiratze-aldagai hori europar kontinente osoan aurkitzen da, baina "gutxitan ikertu izan da sistematikoki", azaldu du ikertzaileak.

Orain, beste azterketa baten bidez, harago joan nahi izan dute, eta "hobiratze-mota desberdinek izan dezaketen esanahia jakin nahi izan da espazio-denbora oso mugatu batean ikertuz, ikusteko desberdintasunik egon ote litekeen megalitoetan eta leizeetan hobiratutakoen dieten artean". Gakoa da dieta ez dela behar fisiologiko bati erantzuteko modu huts bat, "portaera kultural eta sozial bat ere bada, zenbait parametrok baldintzatzen dutena. Horregatik, bagenekien elikadura-ereduen arabera jakin genezakeela zerbait halako lekuetan lurperatzen zirenen egitura sozialari eta gizarte-motari buruz", argitu du.

Azterketan, Arabar Errioxako hondakinak hartu dira kontuan; izan ere, "horretarako leku ezin hobea da, leizeak eta trikuharriak elkarrengandik oso hurbil baitaude, batez beste 10 km-ra. Eskura genituen datazioei esker, dolmenetan Neolito bukaerako eta Eneolito hasierako hondakinak bereizi ahal izan ditugu, leizeetan aurkitutako garai bereko sekuentziekin alderatu ahal izateko".

Datu horiekin, karbono eta nitrogeno-isotopo egonkorrak neurtu dituzte hezur-kolagenoaren gainean. "Iraganeko dieta berreraikitzeko erabiltzen dira isotopo horiek. Izan ere, pertsona bakoitzaren bizitzaren azken hamar bat urteetan jaten denak zehazten du giza hezurren osaera, hezur-ehuna birmoldatuz joaten baita. Esan ohi den bezala, ‘Jaten duguna gara', jaten dugun oro gure ehunetara gehitzen baita", azaldu du Fernández-Crespok.

Komunitate bat baino gehiago, edo desberdintasun sozioekonomikoak?

Emaitzek erakutsi dute indibiduo horiek "C3 motako landareetan oinarritutako elikadura zutela (zerealak, adibidez, ordurako ereiten baitziren), eta animalia lurtarrak ere jaten zituztela; animalia etxekotuak, gehienbat (ahuntzak, ardiak, behiak). Badirudi hori dela bi hobi-motetakoen dieta orokorra". Baina, berez, aurkikuntzarik garrantzitsuena da alde handiak ikusi direla leize eta megalitoetako hezurren karbono-isotopoen balioetan.
Bi interpretazio planteatzen dira desberdintasun hori azaltzeko. "Lehenengo interpretazioa da hobiratze-erritu desberdinak dituzten komunitate batzuen erabilera desberdina erakusten duela, eta komunitate horiek, halaber, bizirauteko ekonomia desberdinak dituztela, ez dituztelako ustiapen-eremu berak erabiltzen: haitzuloen kasuan, Toloñoko mendilerroaren magala erabiliko lukete, eta, trikuharrien kasuan, haraneko eremurik zabalenak", esan du ikertzaileak.

Bigarren aukerari dagokionez, "posible da, bestalde, karbono-isotopoen balioetan aurkitutako desberdintasunak komunitate bakar batean sortuak izatea; denak izatea espezializazio ekonomikoak dituen talde bakar bateko kide. Hau da, adibidez, populazioaren parte bat mendian artzaintzan aritzea batez ere, eta beste parte bat haraneko nekazaritzan, edo eremurik emankorrenetara edo jaki jakin batzuetara lehentasunezko sarbidea ematen zuten desberdintasun sozioekonomikoak egotea. Baliteke haitzuloetan hobiratuek estatus baxuagoa izatea, eta, ondorioz, nekazaritzarako lurrik onenetarako sarbide mugatuagoa izatea, eta megalitoetan hobiratuek (zeinak eraikitzeko lan-inbertsio handia behar baita), berriz, lur hobeetarako sarbidea izatea: lur zabalagoak, emankorragoak...".

Etorkizunera begira, beste ikerketa-bide batzuk planteatzen dira, jakiteko "zer hipotesiren alde egin behar genukeen". Horretarako, estrontzio- eta oxigeno-isotopoen azterketa bat egitea aztertzen ari gara, hala, populazio horien mugikortasuna aztertzeko. "Izan ere, egile batzuen ustez, Neolitoaren amaieran eta Eneolitoaren hasieran, populazio-dentsitate handia zegoen lurralde horretan, kanpoko jendea iritsi zelako, agian. Hala, baliteke ehorzleku-mota batean edo bestean daudenak kanpotik etorritakoak izatea", aipatu du Fernández-Crespok.

Bestalde, hortzetako dentinaren gaineko karbono- eta nitrogeno-isotopoen analisi sekuentzialetan oinarritutako ikerketa bati ekin diote. "Hezurrak birmoldatu egiten dira, eta indibiduoen bizitzaren azken hamar urteetako informazioa baino ez dute ematen. Hortzetan, ordea, grabatuta geratzen da sortu ziren uneko karbono- eta nitrogeno-seinale isotopikoa. Ikerketa horrek erakuts lezake dolmenetan eta leizeetan lurperatutako pertsonen arteko aldeak jaiotzatik datozen (zerbait desberdina egiten duten bi populazio), edo denborarekin sortzen diren, eta, beraz, indibiduo bakoitzak lortutako estatusarekin lotura handiagoa duten", azaldu du Teresa Fernández-Crespok.

Informazio osagarria

Teresa Fernández-Crespok UPV/EHUko Kuaternarioa: ingurumen-aldaketak eta giza aztarna prestakuntza- eta ikerketa-unitatean egin du azterketa hau. Lanaren zati bat Oxford Unibertsitateko Research Laboratory for Archaeology and the History of Art, School of Archaeologyn egin du, Eusko Jaurlaritzaren doktoretza osteko beka baten bidez.

Erreferentzia bibliografikoa