euskaraespañol

pil-pilean

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

‘la Caixa’ Fundazioak GlycoTARGET finantzatuko du

EHUk parte hartzen duen nazioarteko proiektuaren helburua da minbiziaren aurkako immunoterapia sustatzea

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/12/10

Edurne Rujas laborategian | Argazkia: Nuria González. EHU.

GlycoTARGET proiektuak Espainiako eta Portugaleko erakundeak biltzen ditu, eta nanoteknologia aurreratua erabiliko du minbiziari lotutako glikanoak helburu terapeutiko berri bihurtzeko eta gaixotasun horren aurka immunitate sistemaren erantzuna indartzeko.

‘la Caixa’ Fundazioak GlycoTARGET proiektua hautatu eta finantzatuko du. GlycoTARGET BRTAko kide den Biozientzietako Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (CIC bioGUNE) zuzentzen duen nazioarteko partzuergoa da. Proiektua osasun arloko Ikerketako CaixaResearch 2025eko deialdiaren barruan dago eta aurrekontua, guztira, 998.670 eurokoa da. Finantzaketa horrek proiektuaren bikaintasun zientifikoa eta osasun publikoan izan dezakeen eragina aitortzen ditu.

Espainia eta Portugaleko erakunde liderrak biltzen ditu partzuergoak, hala nola Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutua, Rovira i Virgili Unibertsitatea (URV) eta Champalimaud Fundazioa (Portugal). Euskadiko erakundeen zientzia arloko lidergotza zeregina Ikerbasqueko June Ereño-Orbea, Edurne Rujas eta Maria M. Caffare ikerlariek hartu dute beren gain. Aldiz, Omar Boutureira eta Carlos Minutti dira, hurrenez hurren, Rovira i Virgili Unibertsitatearen eta Champalimaud Fundazioaren ordezkariak. CIC bioGUNEk koordinatuta, partzuergoak minbiziaren aurkako immunoterapiako estrategia berritzaileak garatuko ditu datozen hiru urteetan, nanoteknologia eta immunologia bateratuz, minbiziari lotutako glikanoak helburu terapeutiko berri bihurtzeko.

Minbizi zelulek glikanoak izaten dituzte (azukre molekulak gainazalean), eta horiek ‘kamuflaje’ molekular gisa jarduten dute, minbiziari immunitate sistemaren bidezko detekzioa saihesten lagunduz. Hain zuzen ere, GlycoTARGETen helburua da GlycoDISC izenekoen bidez erronka hori gainditzea. Glikanoak immunitate sistemaren aurrean modu argian eta ikusteko moduan aurkezteko diseinatutako nanodisko lipidikoak dira.

Nanodisko horiek zelula dendritikoei modu espezifikoan glikanoak emateko diseinatuta daude. Glikanoek immunitate mailako erantzun egokitzaileak abiarazten dituzte, eta, aldi berean, T zelulak eta beste immunitate seinale batzuk aktibatzen dituzten zatiak askatzen dituzte. Immunitate aktibazioa indartzen duten osagaiak ere badituzte, immunitate arloko erantzun orokorra indartzeko hautatutako laguntzaileak barne, eta horrek guztiak plataforma moldakorra sortzen du. Minbiziaz harago joanda, teknologia honek antigorputzen aurkikuntzan, txertoen garapenean eta beste gaixotasun batzuen tratamendurako zehaztasuneko diagnostikoan aplikazio potentzialak ditu.

Edurne Rujasek, EHUko ikertzaile nagusiak nabarmendu duenez, “‘la Caixa’ Fundazioaren laguntzari esker, plataformaren garapena bultzatu ahal izango dugu. Hain zuzen ere, urte askoan terapia berriak mugatu dituzten immunogenizitate mailako oztopoak gainditzeko ahalmena izango du, eta, aldi berean, glikanoen eta bestelako antigeno konplexuen benetako irismena aztertu ahal izango dugu, balizko helmuga immunologiko gisa erabiltzeko”.

Informazio gehigarria

‘la Caixa’ Fundazioaren laguntzak agerian utzi du bikaintasuneko ikerkuntza biomedikoarekiko eta oinarrizko zientzia eta zientzia traslazionala bateratzen dituzten ekimenak babesteko fundazio horrek bere gain hartutako konpromisoa. Finantzaketa horri esker, partzuergoak honako hauek guztiak egin ahal izango ditu: aurrerapausoak eman ‘ex vivo’ eta ‘in vivo’ ikerlanetan, laguntzaileak optimizatu, immunitate arloko erantzunak ebaluatu eta teknologia horren potentzial diagnostiko eta terapeutikoa aztertu. Proiektu honek nazioarteko lankidetzaren garrantzia nabarmentzen du. Hain zuzen ere, CIC bioGUNEren lidergo zientifikoa eta Espainiako eta Portugalgo erakundeen esperientzia osagarria bateratzen ditu minbiziaren aurkako borrokan irtenbide berritzaileak sortzeko.

Edurne Rujas Ikerbasqueko ikerlaria da Díez Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Farmazia Fakultatean, eta Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko Farmazia eta Farmaziako Teknologia arloko kidea da.