Pandemiak eztabaida publikoaren erdigunean egoteari utzi dionean, covid iraunkorra milaka pertsonaren errealitatea da oraindik ere. Kondizio horrek ez du oraino irizpide diagnostiko argirik, eta osasunari eta gizarte-ongizateari sakon eragiten dioten askotariko sintoma luze eta aldakorren bidez agertzen da. Lehen mailako erronka sanitario eta soziala den aldetik, erantzun koordinatuak eskatzen ditu. Unibertsitatean hainbat jakintza-arlotatik ari dira lanean hura hobeto ulertzeko, ikusarazteko eta kaltetutako pertsonentzako konponbideak bilatzeko.
Covid iraunkorra: sintomak desagertzen ez direnean
Pandemia hasi zenetik sei urte igaro diren honetan, covid iraunkorrak erronka sanitario eta sozial handietako bat izaten jarraitzen du
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2026/03/12
Euskal Herriko Unibertsitatean errealitate hori ikertzen duen taldeetako bat LaNCE-Neuropharm da. Jose Vicente Lafuente irakasle eta ikertzaileak zuzentzen du taldea, eta hainbat urte daramatza neke iraunkorra eta nahasmendu kognitiboak ezaugarri dituzten gaixotasunak aztertzen.
2015ean, neke kronikoaren sindromea aztertzen hasi zen haren taldea, eta, Covid-19a iritsi zenean, ohartu ziren paziente batzuek sintoma oso antzekoak zituztela. Bi patologiek paralelismo nabariak dituzte: arazo soziosanitario konplexuak dira, sintoma espezifikoak dituzte, baina diagnostikoa zaila da eta pronostikoa ere zalantzazkoa da oraindik; horregatik da bereziki garrantzitsua haien ezagutzan sakontzea.
“Ez dago adostasunik; beraz, gaixotasunaren definizioa bera ere ez dago ondo mugatuta”, adierazi du Lafuentek. Adostasun falta horrek ondorio zuzenak ditu; izan ere, kasu askotan, diagnostikoa beste arrazoi posible batzuk baztertu ondoren eta hainbat medikuren kontsultetatik igaro ondoren iristen da. “Gaur egun ez dago norbaitek covid iraunkorra duela modu objektiboan baieztatzen duen frogarik”, erantsi du, eta horrek areagotu egiten ditu ziurgabetasuna eta babesgabetasun-sentsazioa.
Jose Vicente Lafuente: “Oraindik izen argirik ez baina ondorio oso errealak dituen gaixotasun bat da”
Diagnostikatzeko zaila den gaixotasun bat
Kalkuluen arabera, infekzioa izan dutenen % 10ek, gutxi gorabehera, ez dute erabateko normaltasuna berreskuratzen fase akutuaren ondoren. Hamabi aste igaro ondoren, hilabetez jarraitzen dute sintomekin arrastaka, bestelako azalpen medikorik gabe. Izan ere, covid iraunkorra 200 sintoma baino gehiagorekin ager daiteke, zeinak modu aldakorrean agertu eta denborarekin aldatu egiten baitira. Ohikoenak neke iraunkorra, arnasa hartzeko zailtasuna, oroimen- eta kontzentrazio-arazoak, loaren nahasmenduak eta giharretako edo artikulazioetako minak dira. “Bizi-kalitateak okerrera egiten du, eta familia-, lan- eta gizarte-bizitzari eragitera irits daiteke”, ohartarazi du Lafuentek.
Ikerketek erakusten dutenaren arabera, genero-desberdintasun nabarmena dago gainera: eragindako hamar pertsonatik ia zortzi emakumeak dira, eta batez besteko adina 43 urte ingurukoa da
Txertoa jarri ez izanak edo aurretik osasun-arazoak izateak areagotu egiten dute arriskua, eta pertsona askok eguneroko jarduerei eta lan-jarduerari eragiten dieten muga funtzional handiak dituzte.
Aldi berean, LaNCE-Neuropharm taldea estatu mailako REICOP proiektuan parte hartzen ari da gaur egun. Proiektuaren helburua da estatu osoko covid iraunkordun pazienteen erregistro kliniko bat garatzea da.
Haren ikerketa-ildoen artean, honako hauek daude: biomarkatzaileak identifikatzea —serotonina, esaterako—, arrisku-faktore genetikoak eta klinikoak aztertzea, eta jarraipen-eskala bat garatzea pazienteen bilakaera modu integralean ebaluatu ahal izateko.
Lafuente: “Bizi-kalitateak okerrera egiten du, eta familia-, lan- eta gizarte-bizitzari eragitera irits daiteke”
“Oroimenak zergatik huts egiten duen edo nekea zergatik ez den pasatzen ulertzea ez da soilik kontu zientifiko bat”, ondorioztatu du Lafuentek. “Pertsonak diagnostikatu eta artatu ahal izateko oinarria da”.
Sintomak ikusten ez direnean
Gaixotasunak ondorioak ditu, halaber, esparru akademikoan. Gizartearen eta hezkuntzaren ikuspegitik, Bilboko Hezkuntza Fakultateko ikertzaile Nahia Idoiaga aztertzen ari da gaixotasun ikusezinek nola baldintzatzen dituzte ongizatea, ikaskuntza eta aukera-berdintasuna.
Haren ikerketa-ibilbidea Covid-19aren ondorio psikosozialetan zentratu da, batez ere haurtzaroan, eta orobat aztertu du gaixotasunari buruzko diskurtsoak sozialki nola eraikitzen diren. Lan horretatik abiatuta, covid iraunkorra esparru zabalago baten barruan kokatzen du: gaixotasun kroniko eta ikusezinen esparruan. Hain zuzen ere, halakoek eguneroko bizitzan eragin sakona izan badezakete ere, askotan ez dira aintzat hartzen.
“Covidari dagokionez neke kolektibo bat dagoenez, gainditutako arazotzat jotzen da”, azaldu du Idoiagak. Hori dela eta, ondorio iraunkorrak dituztenak ikusezin bihurtzen dira.
Unibertsitatearen esparruan, erantsi duenez, aitortza falta horrek zailtasun zehatzak dakartza. Covid iraunkorra duten ikasleek eta irakasleek neke kronikoa, kontzentrazio- eta memoria-arazoak, antsietatea edo motibazio-galera izaten dituzte, eta sintoma horiek zuzenean eragiten diete errendimendu akademikoari eta laneko errendimenduari. Sintomak aldakorrak eta aurreikusi ezinak direnez, pertsona askok ezin diote erritmo egonkor bati eutsi, eta horrek absentismo puntuala eta justifikatzeko etengabeko beharra sortzen ditu.
Unibertsitate-egituren zurruntasunak —epe itxiak, derrigorrezko presentzialtasuna edo etengabeko produktibitate-itxaropenak— larriagotu egiten du egoera hori.
Nahia Idoiaga: “Gehienbat emakumeei eragiten die, eta sintomak minimizatu edo emozionalizatu egin dira”
“Gaixotasunak ikusten ez direnean, haien beharrak zalantzan jarri edo minimizatu egiten dira”, adierazi du Idoiagak. “Ez da osasun-arazo bat soilik, eguneroko bizitza eta aukera-berdintasuna baldintzatzen dituen erronka bat baizik”.
Ikertzaileak, gainera, gehienbat emakumeei eragiten dieten beste gaixotasun ikusezin batzuen historian kokatzen du covid iraunkorra. “Sintomak minimizatu edo emozionalizatu egin dira askotan”, adierazi du, eta horrek eragiten du pertsona askok beren egoera ezkutatu edo isilaraztea, bai hezkuntza-testuinguruetan, bai lan-testuinguruetan.
Sintoma iraunkorrekin bizitzearen eragin psikologikoa
Dimentsio emozionala da gaixotasun horren irismena ulertzeko beste ardatz giltzarrietako bat. Karmele Salaberria EHUko irakasleak (Psikologia Fakultateko Psikologia Klinikoa eta Osasunaren Psikologia eta Ikerketa Metodologia Saila) errealitate horri heldu dio, gaixotasun kronikoei lotutako sufrimendu psikologikoaren azterketan eta tratamenduan duen esperientziatik abiatuta.
“Urteetan desagertzen ez diren eta diagnostiko argirik ez duten sintomekin bizitzeak antsietatea, depresioa, lo egiteko arazoak, nekea eta zailtasun kognitiboak eragiten ditu”, azaldu du.
Kontsulta medikoetara eginiko erromesaldiak eta inork sinesten ez digun sentsazioak larriagotu egiten dute ondoeza. “Arazoari ez azkar heltzeak frustrazioa eta ezintasuna sortzen ditu, eta okertu egiten ditu bai sintoma fisikoak, bai psikologikoak”, adierazi du.
Karmele Salaberria: “Funtsezkoa da entzutea, laguntzea eta sufrimendua baliozkotzea”
Horrek autoestimuari eragin diezaioke, isolamendu soziala ekar dezake, eta pertsonak eguneroko bizitza birdefinitzera behartu.
Salaberriak arreta psikologikoko ikuspegi zabal bat aldezten du, laguntza emozionala, oroimenaren eta kontzentrazioaren lanketa eta minari eta antsietateari aurre egiteko estrategiak uztartuko dituena. “Helburua beste modu batera bizitzen ikastea da, eta ahalik eta errekuperazio-mailarik handiena lortzea”.
Psikologoak gogorarazi du, gainera, covid iraunkorrarekin gertatzen dena beste gaixotasun ikusezin batzuen kasuan ere ikusten dela, hala nola fibromialgiaren edo min kronikoaren sindromeen kasuetan. “Funtsezkoa da entzutea, laguntzea eta sufrimendua baliozkotzea”.
