Markel Perez ikertzaileak futboleko atezainek gehien bizitzen dituzten egoerak aztertu ditu. Helburua da datuak biltzea ahalik eta entrenamendu eraginkorrenak diseinatzeko. Lanak nabarmentzen du garrantzitsua dela lehen ukituan egiten diren zein desbideratzen diren jaurtiketak entrenatzea. Eibar futbol-taldearekin batera egindako azterlana berritzailea da arlo akademikoan.
Futboleko gol gehienak lehen ukituan egindako jaurtiketen ondorio dira
Futbolean atera egindako jaurtiketak atezainaren ikuspegitik aztertu dituen lehenengo ikerketa akademikoa argitaratu du UPV/EHUk
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/05/08

Arabako Hezkuntza eta Kirol Fakultatean futboleko atezainen entrenamenduak eraginkorragoak izateko modua ikertzen ari dira. Atera egindako jaurtiketak atezainaren ikuspegitik aztertu dituen lehenengo ikerketa akademikoa argitaratu berri dute. “Ikusi nahi genuen atezainek benetan zer egoerei aurre egin behar izaten dieten, ondoren entrenamenduak ahalik eta errealenak izateko. Bestela, izan daiteke benetan horrenbeste gertatzen ez diren egoeretarako trebatzen aritzea eta, aldiz, askotan errepikatzen diren baldintzei aurre egiteko nahikoa lan ez egitea. Segur aski goi-mailako taldeek izango dute informazio hori, baina guk datuak guztien eskura jartzen dituen azterlan zientifikoa egin dugu”, azaldu du Markel Perezek.
UPV/EHUko ikertzaileak Eibar futbol-taldeko Arkaitz Crespo eta Jon Zabala atezain-entrenatzaileekin elkarlanean aritu dira. 2019-2020 denboraldiko Espainiako 1. mailako futbol-ligako 179 partida ikuskatu eta estatistikoki aztertu dituzte. Zehazki, 15 atezaini egindako 2.338 jaurtiketaren analisia egin dute eta, aldiro, 16 aldagairi erreparatu diote: baloiaren norabidea, jaurtitzaileak pilota kolpatzeko erabilitako gorputz atala, zer distantziatik eta zonatik egin den jaurtiketa, atezainak gola ekiditeko zer egin duen…
Faktore horiek guztiak aztertuz, ondorioztatu dute atera bideratutako jaurtiketarik arriskutsuenak lehen ukituan egindakoak direla: “Golen % 75 inguru hala gertatzen dela ikusi dugu. Abiadura bizkorreko jokaldiak izanik, aurreikusten zailak dira eta erreakzio-denbora laburragoa da. Hala, atezainek ez dute posizio on bat hartzeko hainbesteko tartea; zelaian ongi kokatzeko eta gorputz-aktibazio egoki bat izateko. Beraz, horiei bideratutako entrenamenduak diseinatzea komeni da”, dio Perezek.
Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitatearen azterlanaren arabera, desbideratutako jaurtiketak dira espresuki trebatu beharreko beste egoera bat. Hau da, aurkariak atera bota ostean, baloiak beste jokalari bat ukitu eta ibilbidea pixka bat aldatzen denean sortzen diren zailtasunak. Perezek azaldu duenez, “halakoetan pilota ez da garbi iristen, norabidea aldatu egiten da bide erdian eta, beraz, atezainei zaila egiten zaie erabakiak hartzea. Bat-bateko ezjakintasun horretan azkar erreakzionatzeko ariketak entseatzea lagungarria izan daiteke”.
Lehenengo postuetan sailkatzen diren taldeen joerak
Datuak orokorrean ikertzeaz gain, bigarren fase batean, aztertu dute txapelketaren amaieran taldeek eskuratutako postuek zer erlazio duten jaurtitzeko moduarekin. Hau da, begiratu dute, puntu gehien lortzen dituztenek, adibidez, baloia atera nola botatzen duten gehienetan. “Honek balio du hurrengo partidako aurkariaren arabera, entrenamendu-mota moldatu ahal izateko. Esaterako, datuek diote sailkapenaren lehen postuak hartzen dituzten taldeek jokaldiak amaitzeko baloi-ukitu asko egin ohi dituztela. Ez dute atera hainbeste botatzen baloia geldi dagoelarik edo erdiraketen bitartez. Beraz, atezainek badakite goi-mailako talde baten kontrako partida baten aurretik zer jokaldi mota entrenatu beharko lituzketen”, argitu du Perezek.
Etorkizunera begira, Perezek dio datuak estrapolagarriak diren neurtzeko baliagarria izango litzatekeela beste maila eta herrialde batzuetako ligetan antzeko ikerketak egitea. Baita klimatologiari erreparatzea ere: “Izan ere, zelaia lehor edo bustita egonik gertatzen diren jokaldi eta eraso-egoerak ez dira berdinak. Eta, beraz, ondorioetan desberdintasunak egon litezke”.
Informazio osagarria
Markel Perez Arroniz, Arabako Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Gorputz eta Kirol Hezkuntza saileko doktoregaia da. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua egin zuen eta orain ikerketan murgilduta dago. Atezainen entrenamenduaren inguruko tesia lantzen ari da, eta bere zuzendaria Julio Calleja Gonzalez katedraduna da, zeinaren ikerketa-arlo nagusiak diren eliteko kirolari aplikatutako entrenamendua eta fisiologia.
Erreferentzia bibliografikoa
- Shooting and goalkeepers response analysis in a professional football league
- Apunts Sports Medicine
- DOI: 10.1016/j.apunsm.2025.100480