euskaraespañol

Gasteizko teilatuetan panel fotovoltaikoak jarriz, hiriaren urteko kontsumo elektrikoaren % 38 lor daiteke

Ekopol ikerketa-taldeak Gasteizko eraikinek eguzki-energiaren bidez elektrizitatea sortzeko duten gaitasuna neurtu du

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/05/14

Alex Tro panel fotovoltaikoen artean
Alex Tro panel fotovoltaikoen artean | Argazkia: Fernando Gómez. UPV/EHU

Ikertzaileak garatutako zehaztasun handiko metodologia batez baliatu dira horretarako. Doako tresna berritzailea da, kode irekiko Informazio Geografikoko Sistemak erabiltzen dituena eta instalazioen bideragarritasun energetikoa ere hartzen duena kontuan.

Hirietan kontsumitzen da energia gehien eta isurtzen da CO2 gehien. Beraz, deskarbonizaziorako bidean funtsezkoa da haietan energia-berriztagarriak ezartzea. Aldiz, eremu urbanoetan horretarako oso lur gutxi egon ohi da erabilgarri. Hori dela eta, teilatuetan panel fotovoltaikoak kokatzea da aukerarik aproposenetakoa.

Egoera horretaz jabetuta, UPV/EHUko ikertzaileek Gasteizko eraikinek horretarako duten gaitasuna neurtu dute: “Batez ere landa-eremuetan kokatutako makroproiektu fotovoltaikoak pil-pilean dauden testuinguruan, guk jakin nahi genuen dagoeneko humanizatuta dauden espazioetan teknologia horrek zer abantaila eta muga dituen. Horrela, hobeto baloratu ahal izateko beste xede batzuetarako erabil daitezkeen lurrak okupatzea ekidin daitekeen”, azaldu du Alex Tro ikertzaileak.

Euskal Herriko Unibertsitatearen azterlanak ondorioztatu du Gasteizko teilatu-azaleraren % 50 dela energetikoki bideragarria panel fotovoltaikoak jartzeko eta, azalera hori erabat aprobetxatuz gero, hiriburu arabarrak urtebetean kontsumitzen duen argindarraren % 38 lortu ahal izango litzatekeela. Alex Trok dio orain arteko estimazioak hobetu dituela ikerketa honek: “Gure metodologiak tokian tokiko faktore asko hartzen ditu kontuan kalkuluak egiteko eta, horri esker, errore gutxiago dauka. Zehaztasun handiko azterketak egiteko aukera ematen digu eta panel fotovoltaikoak jartzeko arbuiatu ohi diren teilatu-eremuak egokitzat kontsideratzen ditu. Adibidez, mendebalde/ekialdera begira dauden asko eguzki-energia lortzeko aproposak izan daitezke, gure neurketen arabera”.

Horretaz gain, ikerketak berretsi du hiriko zonalde periferikoek potentzial handiagoa dutela eguzki-energia erabiliz argindarra sortzeko. Izan ere, erdialdean, espazio txikiagoan eraikin gehiago pilatzen direnez eta eraikin altuagoak daudenez, zailagoa da eguzkiari etekina atera ahal izatea.

Zehaztasun handiko doako metodologia berritzailea

Ondorio horietara iristeko erabili duten metodologia Ekopol-ek berak garatu du eta, aipatu bezala, inguru jakin bateko teilatuek eguzki-energia sortzeko duten gaitasuna era oso zehatz batean neurtzea ahalbidetzen du aldagai asko hartzen dituelako kontuan.

Batetik, kode irekiko Informazio Geografikoko Sistemak erabiltzen ditu. Hau da, edonorentzat dohainik eskuragarri dauden softwareak, zeinek aukera ematen duten zona jakin baten inguruko datuak gurutzatzeko eta automatikoki ondorioak ateratzeko. Esaterako, kasu honetan, ikertzaileek Gasteizko eraikinen mapak eta altuera-mapak deskargatu dituzte datu-base publikoetatik, eta, informazio hori programa informatikoan sartuz, jakin dute hiriko teilatu-azaleraren metro koadro bakoitzak zer orientazio, itzal eta inklinazio duen. Alex Trok argitu duenez, “sistemari beste hainbat datu emanez (hilabete bakoitzeko batez besteko orduz orduko tenperatura, panelen efizientzia eta bizitza baliagarria…), tresnak automatikoki zehazten du teilatu bakoitzak zer eguzki-erradiazio jasotzen duen eta hortik zer energia sortuko litzatekeen. Hala, oso informazio zehatza ematen du. Beste metodologia batzuek datu orokorrak hartzen dituzte, baina gureak tokian tokiko balioekin egiten ditu kalkuluak eta, beraz, emaitzak asko doitzen dira”.

Gainera, UPV/EHUko metodologiak beste filtro bat pasatzen dio teilatuen potentziala neurtzeko prozesuari:  bideragarritasun energetikoaren muga. Alegia, alderatu egiten ditu eraikin jakin batean panel fotovoltaikoak martxan jartzeko inbertituko litzatekeen energia eta bertan instalazioak bere bizitza erabilgarrian sor dezakeen energia. Bideragarria ez bada, teilatu hori baztertu egiten du. “Alde horretatik guk garatutako ebaluazio-sistema berritzailea da; izan ere, gehienetan bideragarritasun ekonomikoari bakarrik erreparatzen zaio eta ez energetikoari”, nabarmendu du ikerketaren egileak.

Alex Trok azpimarratu du garatutako metodologiaren ekarpena handia dela eta hainbat hiritan halako azterketak modu errazean erreproduzitzeko baliabideak eskaintzen dituela. Baina, aldi berean, ohartarazi nahi izan du aldaketa ezin dela bakarrik energia berriztagarrien bidetik etorri: “Teilatuetako instalazio fotovoltaikoak bideragarriak eta beharrezkoak dira neurri batean, baina ikusi dugu horrekin ez dela aski. Kasurik muturrekoenean, hiri bateko teilatu bideragarri guztiak estalita ere, ez litzateke nahikoa izango egungo gizartearen energia-eskaerari erantzuteko. Teknologia berriztagarriak erabili bai, baina trantsizio ekosozialaren kontzeptura hurbildu behar dugu; kontsumo-ohiturak aldatuz eta energia-kontsumoaren murrizketa lehenetsiz”.

Informazio osagarria

Alex Tro Cabrera Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Energetikoa Saileko ikertzailea da. Ekopol ikerketa-taldeko kidea da. Eraikinen potentzial fotovoltaikoa eta teknologia honen inpaktu sozial eta ekologikoak aztertzen ditu. Bere ikerketak energia-komunitateak sortzera eta autokontsumo kolektiboaren ereduak sustatzera bideratuta daude.

Erreferentzia bibliografikoa