Errektoretza taldeak bi urtetan barne-promoziorako itxaron zerrendarekin amaitzeko konpromisoari eutsita 102 plaza aterako dira barne sustapenera, inoizko handiena. Horrekin batera, egonkortzerako kopuru handiari eutsiko zaio, 131 plazako lan eskaintza publikoa egingo du. Bi proposamenak Gobernu kontseilura eramango dira.
Inoizko barne promoziorik handiena aterako du EHUk, 2026ko Lan Eskaintzarekin batera
Barne sustapeneko 102 plaza aterako dira eta irakasle-ikertzaileen 131 plazako lan eskaintza publikoa
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2026/09/22
EHUk prest dauka 2026ko Lan eskaintza publikoa (LEP).131 plaza ateratzea da asmoa eta urriaren 8ko Gobernu Kontseilura aurkeztuko du. Horietatik 102 plaza karrera akademikoaren lehen etapetan dauden irakasle-ikertzaileen (Irakasle Atxiki, Bitarteko Irakasleak, Irakasle Laguntzaile Doktore, eta Irakasle Elkartu klinikoak) egonkortasuna sustatzeko asmoz aterako dira, bai eta egun jada agregatuak direnak Titularrera igarotzeko aukera emango da.
Bestalde, i3/R3ren 20 ikertzailek, bereziki Ramon y Cajal deialdikoak, Ikerlari Doktore Iraunkor (IDI) kategoria eskuratuko dute batez ere, nazioarteko proiekzio handiko ibilbidea aitortuta. Horrez gain, aukera-berdintasunaren eta inklusioaren aldeko konpromisoa indartuz, desgaitasunen bat duten pertsonentzat 9 plaza gordeko dira.
Guztira, hortaz, 131 plazako lan eskaintza proposamena aurkeztuko du Irakasle-ikertzaileen Errektoreordetzak hurrengo Gobernu Kontseiluan.
Itxaron zerrendak murriztea
Barne promoziorako zerrenda ahalik eta gehien murrizteko konpromisoa adierazi izan du errektoretza taldeak hasieratik eta helburu horrekin betetzeko, ikasturte honetan itxaron zerrenda desagertzeko ari da lanean. Hartara, 102 plazako barne-sustapenerako deialdia egingo du EHUk oraingo honetan. Urriaren 8ko Gobernu kontseilura eramango da deialdia.
Bi urtetan itxaron zerrendaren amaitzeko araudi aldaketa onartu zen 2025ean eta horri esker lortu da EHUren historiako barne-sustapen prozesurik zabalena egitea.
"Unibertsitatearen irakaskuntza-, ikerketa- eta ezagutza-transferentziako gaitasunak indartzeaz gain, belaunaldi-erreleboa eta talentuaren egonkortasuna sustatuko ditu deialdiak", adierazi du Efren Areskurrinagak IRIen errektoreordeak. Horrez gain, "euskararen presentzia indartu, ikerketa-irakasleen sustapena ahalbidetu eta genero-arrakala murrizteko urrats erabakigarria emango dugu", gehitu du. Izan ere, euskararen ezagutza izango dute plazen %72k, EHUren hizkuntza-politikarekin eta euskararen normalizazioarekin bat etorriz.
Emakume gehiago
Araudi berriak genero-ikuspegia aintzat hartzea bilatu du eta hori ere igarriko da deialdian. Izan ere, barne promoziorako onartutako hautagaitzen artean, emakumeak dira % 62 (% 52 katedretarako, % 71 osoetarako eta % 50 Ikerketa Irakasle).
Errektoreordeak adierazi duenez, "jakintza-adar guztien egoera aztertuta, goi-mailako kategoria akademikoetara sartzeko bidea arautzen duen araudi berriak genero-eragin positibo eta zuzena izango du eta urteetan pilatutako genero-arrakala murrizten lagunduko du, emakumeek karrera akademikoan gora egiteko dituzten aukerak indartuz eta EHUren berdintasun-helburu estrategikoak sendotuz".