Andrea Sáenzek aztertu du kirolariek nola hautematen dituzten entrenatzaileen jokabide zehatz batzuk. 292 kirolariri pasatutako inkestetan eta eskola-garaian abusuak jasan zituzten sei pertsonari egindako elkarrizketetan oinarritzen da azterketa, eta erakusten du abusutzat jotzen ez diren jokabide normalizatu batzuk sexu-indarkeriako prozesuen parte izan daitezkeela. Emaitzek azpimarratzen dute hezkuntzak garrantzia duela patroi horiek ezagutzeko eta kirol-espazio seguruak bermatzeko.
Adingabekoen kirolean abusutzat jotzen ez dena sexu-indarkeriaren parte izan daiteke
EHUko GIKAFIT taldeak egindako ikerketa batek erakutsi du kirolarien % 80k baino gehiagok jokabide esplizituenak identifikatzen dituztela baina ez interakzio-modu normalizatuago batzuk
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2026/09/24
Kirolaren esparruan adingabekoen aurka egiten den sexu-indarkeria ikusgarritasun txikiko errealitate bat da, eskura ditugun datuek erakusten duten arren ez dela fenomeno bakartu bat. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) GIKAFIT taldeak Euskal Autonomia Erkidegoan landu duen txosten baten arabera, parte-hartzaileen % 20k jasan behar izan zituzten entrenatzaileen jokabide sexualak: musuak ezpainetan, interes sexualaren adierazpenak eta sexu-harremanak izateko proposamen zuzenak. Andrea Sáenz ikertzaileak adierazi duenez, “tasak altuak dira, baina, hala ere, gaia ikertzen dudala esaten dudanean, jendea harritu egiten da, uste baitute kirolean ez dagoela adingabekoen aurkako abusurik. Tabua da, eta ezkutatzeko ahalegina egiten da. Gure ikerketaren bidez errealitatea ezagutu eta ikusgai jarri nahi dugu, prebenitzeko”.
Testuinguru horretan, ikertzailearen azken azterketaren emaitzek —kirolarien pertzepzioak eta esperientziak aztertzen ditu— gako garrantzitsuak eman dituzte. Hona hemen Sáenzen azalpenak: “Konbinatu ditugu 292 kirolariri egindako inkesta kuantitatiboak eta eskola-ume zirela kirolean sexu-indarkeria jasan zuten 6 pertsonari egindako elkarrizketa kualitatiboak, eta egiaztatu dugu eremu gris bat dagoela. Hau da, kirolariek abusu gisa ikusten ez dituzten eguneroko jokabide ugari daude, baina sexu-indarkeriatik irten direnek, beren esperientzia berreraikitzen dutenean, abusu-prozesuaren parte gisa identifikatzen dituzte”.
Inkestan parte hartu zutenek esan behar zuten entrenatzaileen 24 jokabide zehatz sexu-indarkeriatzat zituzten ala ez. % 80k baino gehiagok jokabide esplizituki sexualizatuenak identifikatu zituzten sexu-indarkeria gisa, hala nola sexu-harremanak proposatzea pribilegioen truke, ezpainetan musu ematea eta bularretara eta ipurmasailetara finko begiratzea. Aldiz, beste jokabide batzuk (adibidez, besarkatzea, aisialdiaren inguruko galderak egitea, arreta pertsonalizatua eskaintzea eta harreman indibidualerako aukerak sortzea) ia ez ziren sexu-indarkeria gisa sailkatu.
Hala ere, testigantzek erakutsi zuten sexu-indarkeria jasan zutenek, atzera begiratzean, abusuaren partetzat identifikatu zituztela hain esplizituak ez diren jokabide normalizatuago batzuk. Sáenzek azaldu duenez, “haien kontakizunek berresten dute sexu-indarkeria ez dela beti abusu nabari batekin hasten, baizik eta arreta bereziko prozesuekin, opariekin eta elkarrizketa pertsonalekin has daitekeela, eta halakoak positibotzat jo daitezke adinaren arabera. Ikusi dugu tratu berezi hori patroi baten parte dela sexu-indarkeriako kasuetan”.
Besarkada bat, bere horretan, ez da delitua
EHUko ikertzaileak argitu du horrek ez duela esan nahi eremu gris horretako jokabide guztiak abusu-egoera edo delitu direnik bere horretan, baina bai indarkeria-prozesu baten parte izan daitezkeela errepikatzen, pertsonalizatzen, sekretuan gordetzeko eskatzen eta desberdinen arteko botere-harremanen testuinguruan gertatzen direnean. Sáenzen ustez, “testuinguru osoari eskaini behar zaio arreta, ez egoera jakin bati. Gure helburua ez da aztertzea besarkada bat ematea (adibidez, partida bat irabazi ondoren) ongi ala gaizki dagoen. Egokia izan daiteke, kirolari batek autoestimu baxua badu eta partida ikaragarri bat jokatu badu. Aztertu behar dena da besarkada hori arreta esklusibo baten parte den edo mendekotasun emozional bat dagoelako adierazgarri den”.
Mugak ezagutzeko heztea
Azterketaren helburua ez da kirol-dinamiken berezko gertutasuna desagerraraztea, ez eta entrenatzaileak susmagarri bilakatzea ere. Kirolak irakasteko konfiantza eta kontaktu fisikoa behar dira, baina, ikerlariak azpimarratzen duen bezala, ezaugarri horien ondorioz zailagoa izan daiteke kirolarientzat bereiztea zein jokabide diren kirol-harremanari dagozkionak eta zeinek gainditzen dituzten muga jakin batzuk. Horregatik, Sáenzen esanetan, hezkuntza bereziki garrantzitsua da:
“Entrenatzaileen eta kirolarien arteko konfiantzazko harremanak positiboak eta beharrezkoak dira kirolean. Ez ditugu debekatu nahi, baina garrantzitsua da kirolariei tresnak ematea jakin dezaten jokabide jakin batzuek noiz hartzen duten esanahi desegokia. Zer gerta dakieken baldin badakite, antzeko zerbait gertatzen ari zaien bereiz dezakete, eta laguntza eskatu. Hezkuntza funtsezkoa da prebentziorako”.
Era berean, EHUko ikerketa-taldeak profesionalak heztearen garrantzia azpimarratu du, mugak zein diren jakin eta egoera jakin batzuk saihestu ditzaten: “Helburua da babes-harreman gardenak eta babes-mekanismoak izango dituzten kirol-ingurune seguruak bultzatzea. Adibidez, saihesteko moduko bakartze-egoerak murriztea, bakarka elkartzeko uneak ikusgaiago egitea eta salaketa- eta babes-mekanismoak indartzea”.
Informazio osagarria
Andrea Sáenz Olmedo GIKAFIT ikerketa-taldearen parte da. Aitor Iturricastillo rekin eta Oidui Usabiaga rekin batera prestatu du artikulua; hain zuzen, biek zuzendu zuten Sáenzek eskola-adineko talde-kiroleko sexu-indarkeriari buruz egindako tesia.
Erreferentzia bibliografikoa
- Crossing the line: blurred boundaries and sexual violence in coach-athlete relationships
- Crossing the line: blurred boundaries and sexual violence in coach-athlete relationships
- DOI: 10.1080/16138171.2026.2694224
