euskaraespañol

Gaurko irudia

Redes sociales campusa

EHUk parte hartzen duen MARINNONET proiektuak Atlantic Project Awards 2025 saria jaso du, itsas bioteknologiaren arloko bere lidergoa aintzatesteko

Plentziako Itsas Estazioak (PiE) berriro ere bere egitekoa berretsi du berrikuntza urdinaren arloko eta kostaldeko erresilientziaren eta ozeanoaren osasunaren azterketarako erreferente gisa

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/11/20

Ezkerretik eskuinera: Carlota Freiría (Vigoko Uni)., Tiago H. Silva (Minhoko Uni.), Cristina Carvalho (Minhoko Uni.), Ibon Cancio (EHU), Jose Luis Soengas (Vigoko Uni), Elisabete Costa (BBA), Zofia Nerh (ROSCOFF), Priscillia Gourvil (ROSCOFF), Eve Savage (MTU)
Ezkerretik eskuinera: Carlota Freiría (Vigoko Uni)., Tiago H. Silva (Minhoko Uni.), Cristina Carvalho (Minhoko Uni.), Ibon Cancio (EHU), Jose Luis Soengas (Vigoko Uni), Elisabete Costa (BBA), Zofia Nerh (ROSCOFF), Priscillia Gourvil (ROSCOFF), Eve Savage (MTU) | Argazkia: EHU

EHUk Atlantic Project Awards 2025 sarien aintzatespena jaso du; ekimen horrek Europako proiektu onenak aintzatesten ditu Arku Atlantikoko eskualdeetako ikerketaren, babesaren eta garapen jasangarriaren arloan. Sari banaketa azaroaren 13an izan zen, Atlantic Days esparruaren barruan Galwayn (Irlandan) eginiko Atlantic Stakeholder Platform Conference ekimenaren 12. edizioan (ASPC 2025).

Sari horrek MARINNONET itsas bioteknologiako kooperaziorako nazioz gaindiko sarearen zeregin estrategikoa azpimarratzen du, eta Plentziako Itsas Estazioaren (PiE-EHU) ekarpenaren balioa azpimarratzen du berrikuntza urdinaren zein Atlantikoko itsas bioekonomiaren sustapenari dagokionez.

Proiektu gakoa berrikuntza urdin atlantikorako

MARINNONET hiru urterako (2024–2026) nazioarteko proiektu bat da, Vigoko Unibertsitateko Centro de Investigación Mariña ikerguneak koordinatzen duena. Espainiako, Frantziako, Portugalgo eta Irlandako unibertsitateak, ikerguneak eta entitate publikoak eta pribatuak biltzen ditu. Interreg Atlantic Area programak finantzatzen du EGEF funtsaren bitartez, eta helburua da itsas bioteknologia sustatzea, ekonomia urdina indartzea eta kostaldeko eremuen klima aldaketaren aurkako erresilientzia hobetzea.

Sareak hiru ardatz estrategiko lantzen ditu: akuikultura jasangarriagoa sustatzea; itsas biodibertsitatearen behaketan eta kontserbazioan aurrera egitea; eta itsas jatorriko bioproduktu berriak garatzea. Hori guztia berrikuntza eta transferentzia teknologikoko proiektu pilotuak merkaturatuz eskualdez gaindiko mailan.

EHUren zeregina proiektuan

PiE-EHUk proiektuaren lau paketeen artean 3. Lan Paketearen lidergoa du eta honako zeregin hauek ditu: itsas bioekonomiaren arloan I+G+b arloko beharrak identifikatzea; helize laukoitzaren eragile gakoak mobilizatzea —akademia, industria, administrazioa eta gizartea—; berrikuntza ildo komunak definitzea; eta merkatuko eskaera errealei erantzutera bideratutako proiektu pilotuen deialdiak argitaratzea.

Lehenengo bi urteetan, EHUko taldeak, Ibon Cancio (IN), Xabier Lekube, Manuel Soto, Oihane Díaz de Cerio eta Juan Antonio Marigómezek osatua, eskualdeko eta eskualdez gaindiko tailerrak eta foruak antolatu ditu, Euskal Autonomia Erkideko sektoreko I+G+b arloko beharrak detektatzeko. Jarduera horiek parte hartu duten gainerako eskualdeetan egin dira, eta erronka komunak identifikatzea ahalbidetu dute Kanariar Uharteetan, Galizian, Euskal Autonomia Erkidegoan, Frantziako Bretainian, Irlandan eta Portugalen.

Lan horretatik abiatuta, proiektu pilotuetarako bi deialdi deitu dira. Lehenengoak merkaturatzetik hurbil dauden produktuak eta soluzioak sortzera bideratutako bederatzi ekimen finantzatu zituen, eta partzuergoko bazkide teknologikoek eta kanpoko enpresek parte hartu zuten. EHUk proiektu horietako bi zuzentzen ditu, eta hirugarren batean bazkide gisa dihardu.

Aintzatespenaren balioa

EHUren kasuan, Atlantic Project Award sariak haren gaitasunari —eta MARINNONET partzuergoari— babes esplizitua ematen dio, Arku Atlantikoan berrikuntza urdina artikulatzeko. “Sari horrek bioekonomia urdinaren sektorea eskualdean zein eskualdeaz gaindiko eremuetan mobilizatzeko dugun gaitasuna aitortzen du. Agerian uzten du zubi eraginkorrak sor ditzakegula zientziaren, industriaren eta administrazioen artean, itsas baliabide biologikoen esparruko transferentzia teknologikoa azeleratzeko”, baieztatu du Ibon Canciok, proiektuko ikertzaile nagusiak EHUn.

Plentziako Itsas Estazioaren taldeak partzuergoari bere ezagutza eskaintzen dio arlo hauetan: ekotoxikologia, osasun ozeanikoa eta kostaldeko ekosistemen erresilientziaren ebaluazioa; eta ezagutza horiek ezinbestekoak dira klima aldaketara egokitutako soluzioak diseinatzeko. “Gure aurrerapenak oinarrizko ikerketetatik sortzeaz gain, lurraldeko eragileei entzuteko gaitasunetik ere badatoz. Beharrizan zehatzak identifikatu eta ekimen pilotuak martxan jarri ditugu, eta dagoeneko berrikuntza aplikatua sortzen ari dira”, azpimarratu du Canciok.

Kostaldeko erresilientzia eta ozeanoaren osasuna sustatzea

Sari horrek MARINNONETen potentziala indartu du inpaktu handiko ikerketa bultzatzeko, berrikuntza irekia sustatzeko eta itsas baliabideak modu jasangarriagoan erabiltzeko. “Kostaldeko erresilientzia eta ozeanoaren osasuna izango dira etorkizuneko ekonomia urdinaren oinarriak. Sari horrek erakusten du norabidea egokia dela”, ondorioztatu du Canciok.

Informazio gehiago

Interreg Atlantic Area programa 

Eskualde Garapeneko Europako Funtsa (EGEF) 

MARINNONET proiektua