euskaraespañol

Gaurko irudia

Redes sociales campusa

PFASen presentzia berretsi dute Gipuzkoako adingabeen odolean

EHUren azterketa batek ondorioztatu du adingabeetan aurkitutako PFAS konposatu kimikoen mailek ez dutela arrisku larririk eragiten osasunerako, baina zaintza indartzeko premiaz ohartarazi du

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/09/23

Anne San Roman doktorego aurreko ikerlaria BIOGIPUZKOAn
Anne San Roman doktorego aurreko ikerlaria BIOGIPUZKOAn | Argazkia: Unai Susperregi. EHU

EHUk, Biogipuzkoarekin eta Osasun Publikoko Sailarekin lankidetzan, perfluoroalkilatutako eta polifluoroalkilatutako substantziak (ingelesez, PFAS) atzeman ditu Urola eta Goierri eskualdeetako adingabeen plasman. Berehalako osasun-arriskurik ikusten ez bada ere, azterketak jarraipen handiagoa egitea gomendatzen du, esposizioa eta haren ondorioak kontrolatzeko. Gainera, ohartarazi du mailak aldatu egiten direla adinaren arabera, eta indarrean dagoen araudia eguneratzea eskatzen du.

Konposatu kimiko horiek oso egonkorrak eta iraunkorrak dira ingurumenean. Ura, olioa eta orbanak kanporatzeko dituzten propietateei esker, ohikoa da egunero erabiltzen diren produktuetan aurkitzea, hala nola zartagin itsasgaitzetan, arropa iragazgaitzean, elikagai-ontzietan edo suteen aurkako aparretan. Konposatuon erabilera orokortuak ondorio kaltegarriak ditu; gainera, giza organismoan sar daitezke haurdunaldian, plazentaren bidez, eta pilatzen jarraitu dezakete edoskitzearen, elikaduraren, edateko uraren, aire kutsatuaren edo konposatuok dituzten produktuekiko kontaktuaren bidez.

Osasunean duten eragina dela eta, konposatu kimiko horiek kezka- eta ikerketa-iturri bihurtu dira: “Asaldura endokrinoekin, kolesterolaren gehikuntzarekin, gibelaren eta garapenaren gaineko efektuekin lotu dira. Gorputzean nahiz ingurumenean metatzeko gaitasuna dute. Beraz, esan daiteke PFASekiko esposizioa kronikoa dela. Gainera, urteak behar izaten dituzte degradatzeko. Horrek indartu egiten du guk egin dugun biomonitorizazio-azterketa bezalakoen premia”, azaldu du Anne San Román azterlanaren egilekideak.

Euskal Herriko Unibertsitatearen baterako azterlan honek haurrak ditu ardatz, talde oso kaltebera delako. Gaztetatik eraginpean egoteak ondorio kaltegarriak eragin ditzakete helduengan baino dosi txikiagoekin, eta etorkizuneko gaixotasunen arriskua areagotu.

315 adingaberen plasmarekin egindako analisian, 18 konposatu detektatu ziren aztertutako 42 konposatuen artean, eta, ohikoenen artean, % 70 eta % 97 arteko tasak detektatu ziren. “Lortutako datuek agerian uzten dute esposizio handia dugula. Zaila da jakitea adingabeen organismoetan aurkitutako PFASen mailak altuak edo baxuak diren; izan ere, gai hori ez da aztertu gizakientzako muga seguruak definitzeko adina, baina horrenbeste egotea kezkagarria da, eta garrantzitsua da horrelako ikerketak zabaltzea, ondorioak hobeto ezagutzeko eta minimizatzeko modua bilatzeko”, azaldu du Nestor Etxebarria katedradunak.

PFASek osasunean duten eraginari dagokionez, azterketak gibelean eta garapenean izan ditzakeen arriskuak ebaluatu ditu eta, oro har, ondorioztatu da ez dagoela berehalako arrisku-seinalerik. “Aztertutako biztanlerian PFASen kontzentrazio kezkagarriak daudelako ebidentziarik ez dugu. Hala ere, horrek ez du esan nahi 10 urte barru arriskua txikituko denik. Orain kezkagarria ez dirudiena etorkizunean izan liteke, oraindik ez baitakigu etorkizuneko patologien erantzule izan daitezkeen”, adierazi dute Etxebarriak eta San Romanek. Gaineratu dutenez, arriskua ebaluatzeko gaur egungo metodoek muga esanguratsuak dituzte; izan ere, animalietan egindako ikerketetan oinarritzen dira batez ere, eta horrek haien zehaztasuna murrizten du gizakietara estrapolatzean. Beraz, arriskua ebaluatzeko metodoak doitzeko eta pertsonengan oinarritutako azterlan gehiago egiteko premiaz ohartarazi dute, datu errealistagoak lortzeko.

Aldeak adinaren arabera

Azterlana INMA proiektuaren barruan dago. INMA proiektua 2006an hasi zen ingurumen-kutsatzaileek haurren garapenean duten eragina aztertzeko. EHUren ikerketak haurrek denboran zehar PFASekiko duten esposizioa aztertu du, eta 2011 eta 2022 bitartean INMA proiektuaren bidez Gipuzkoako kohortean jasotako odol-laginak analizatu ditu. Hain zuzen ere, Goierrin eta Urolan, industria siderometalurgikoaren presentzia handia duten eskualdeetan. “Garapenaren funtsezko hiru unetan aztertu dugu adingabeen plasma: 4, 8 eta 14 urte dituztenean. Horrek aukera eman digu PFASen presentziaren bilakaera eta joerak ebaluatzeko adingabeak hazi ahala eta, adinarekin batera, PFASen kontzentrazioa jaitsi egiten dela egiaztatzeko. Era berean, lehen haurtzaroan mailak amaren esposizioarekin lotuta daude nagusiki (plazentaren eta edoskitzearen bidez), eta nerabezaroan, berriz, ingurumen-faktoreek garrantzi handiagoa hartzen dute”, azaldu dute Etxebarriak eta San Romanek.

Gainera, ikerketak erakusten du PFASen presentzia aldatu egiten dela adinaren arabera. 2006an arautzen hasitako konposatu klasikoak, esaterako PFOA edo PFOS, adingabe gazteenen artean nagusi direla ikusi dute.  Nerabeek, aldiz, PFAS emergenteen maila handiagoa dute, seguruenik konposatu horiek gehiago erabiltzen hasi zirelako urte gehiago zituztenean, ordurako araututa zeuden konposatuen ordez. “Seguruenik, garai bakoitzari dagokion esposizioa adierazten dute datuek. Horregatik da hain garrantzitsua azterketa horiek aldizka errepikatzea, gertatzen ari diren aldaketez jabetzeko eta horiek gure organismoan dituzten ondorioak aztertu ahal izateko”, azpimarratu dute San Romanek eta Etxebarriak.

Erregulazio ez nahikoa eta desfasatua

Lortutako datuetatik abiatuta, ikerketa-taldeak ondorioztatu du indarrean dagoen araudia ez dela guztiz eraginkorra izan; izan ere, PFAS batzuei mugak ezarri bazaizkie ere, konposatu mugatuek presente jarraitzen dute haurtzaroan. Gainera, uste dute araudia eguneratu egin beharko litzatekeela sortzen ari diren konposatuak barne hartzeko, horien presentzia frogatuta baitago. Alde horretatik, PFAS berrienen toxikotasunari buruzko azterketa gehiago egiteko premia nabarmentzen dute, horien arriskugarritasuna oraindik ez baitago argi ezarrita.

Informazio gehigarria

Nestor Etxebarria kimikako katedraduna da Kimika Analitikoko Sailean eta zuzendariordea Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU). IBeA ikerketa-taldearen buru da, zuzendu gabeko metodologia analitikoak garatzera eta horiek ingurumen-arazoetan eta arazo ekotoxikologikoetan aplikatzera bideratutako taldearena. Irakasle da Kimika Graduan eta koordinatzaile Ingurumen Kutsadura eta Toxikologiako Masterrean.

Anne San Román kimikan graduatua da. Kimikako masterra egin zuen, eta, gaur egun, doktoratu aurreko ikertzailea da. Artikulu hau Ingurumen Kutsaduraren eta Toxikologiaren esparruan garatzen ari den tesiaren parte da. Etxebarria ari da zuzentzen San Román egiten ari den doktore-lana, Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuaren, Gipuzkoako Osasun Publikoko Sailaren, Plentziako Itsas Estazioaren (PiE-UPV/EHU) eta IBeA ikerketa-taldearen arteko lankidetzaren esparruan.

Erreferentzia bibliografikoa