Eduki publikatzailea

Idoia Camacho, UPV/EHUko doktorea

«Jakitun izan behar dugu geure komunikatzeko moduaz»

Lehenengo argitaratze data: 2017/04/20

Irudia

Idoia Camacho UPV/EHUko doktoreak 'Formación de portavoces' izeneko liburua argitaratu du (Editorial UOC, Bartzelona 2017), ikasleentzat, profesionalentzat eta oro har beren komunikazio gaitasuna hobeto nahi dituen pertsonentzat. Ahozko komunikazioa guztiz ahaztuta badago ere hezkuntza sisteman, modu eraginkorrean komunikatzen ikas dezakegu. Horretarako, aholku batzuk ematen ditu: "zu zeu izatea eta aurrean duzun pertsonan arreta ipintzea, zerbait baliozkoa eta erabilgarria eman diezaiozun, eta gainera, mezu nagusiak oso argi edukitzea".

Zergatik kostatzen zaigu horrenbeste jendaurrean hitz egitea?
Ahozko adierazpena guztiz alboratuta dagoelako hezkuntza sisteman. Eskolan edo institutuan ez da behar beste baloratzen jendaurrean hitz egitea. Balio handia ematen zaie gaitasun eta jakintza batzuei eta oro har oso gutxi beste batzuei: hala nola ikasle batek bere ideiak edo ariketa baten emaitza ikaskideen aurrean azaltzea. Are gehiago, askotan arbelera irtetea zigortzat hartzen da. Eta, jakina, gabezia hori nabarmena da ere unibertsitatean, politikan eta erakundeetan. Jende askok asko daki bere gaiaz, baina ez daki komunikatzen, eta oinarrizko gaitasuna izan beharko luke horrek, bizitza profesionalean eta pertsonalean.

«Edonor da gai modu eraginkorrean komunikatzeko»

Agian ahozko tradizioa falta zaigu?
Ezta hurrik eman ere. Badugu ahozko tradizioa. Hain zuzen ere, eskolaurreko adinean, umeak oso ohituta daude ipuinak kontatzera, antzerkia egitera, besteen aurrean hitz egitera… Ikasgelan txokoetan aritzen dira, oso komunikatiboa den testuinguru batean. Hala ere, sei urterekin, goitik behera aldatzen da eskola ingurunea. Bat-batean, bakoitza bere mahaian esertzen da, ikaskidearen bizkarra baizik ez du ikusten eta aldaketa horrek ahozko komunikazioa mugatzen du, hortik aurrera bakoitzak bere buruari erreparatzen diolako, bere koadernoari. Galdu edo ez aurrera ez atzera gelditzen da aurreko urteetan eskuratutako gaitasuna; are gehiago, denborarekin, ikaskideen aurrean hitz egitea zigor bihurtzen da.

Eta jendaurrean hitz egiteko izua sortzen da. Nola gainditu hori?
Izua edo, hobeto esanda, beldur eszenikoa, denok dugun zerbait da. Gure helburua ez da beldurra desagertzea, kontrolatzea baizik, eta ohartzea gure sineste negatiboak direla beldurra sortzen dutenak. Hau da, egoera ez da berez arriskutsua, eta era honetako pentsakizunak dira urduri jartzen gaituztenak: ‘zer esan jakin gabe geldituko naiz', ‘besteen aurrean gaizki geldituko naiz', ‘lanetik botako naute'. Horregatik, egoeraz jakitun izan behar dugu, erne egon eta aldatu. Dena dela, beldur eszenikoa lagungarri izan daiteke ere era eraginkorrean komunikatzen ikasteko. Giro oso lasai batean, hitz egiten dugu baina ez dugu komunikatzen.

«Gure kezka nagusia publikoa izango da»

Zeintzuk dira komunikazio teknika nagusiak?
Teknika asko daude, baina garrantzitsuena da zu zeu izatea eta besteei ez imitatzea. Eta teknika ugarien artean, onena da norberaren izaerarentzat egokiena izan daitekeena hautatzea. Hori bai, lehen aholkua litzateke publikoa izatea gure lehen kezka. Arreta jartzea aurrean dugun pertsonan edo pertsonengan, zein diren jakitea, zeintzuk diren haien interesak, eta erabilgarri izango duten zerbait eskaintzea. Horrela, errazagoa eta eraginkorragoa izango da komunikazioa. Eta, jakina, zu zeu izateaz gainera –lehen esan dudan moduan–, aritzea eta aritzea.

Dohain berezirik behar dugu elkarren artean komunikatzeko?
Ez dugu inolako sortzetiko dohainik behar. Historian zehar hizlari handiak izan dira hasieran gabeziak zituztenak eta gero eredu bilakatu direnak. Adibidez, Winston Churchill Erresuma Batuko lehen ministroa totela zen, eta parlamentuan egin zituen lehen urteetan ez zen hitz egitera ausartzen; edo Mahatma Gandhi Indiako buruzagia bera: zuzenbidean lizentziatu berritan ez zen gai berak idatzitakoa epaiketa batean irakurtzeko. Bi-biek beren gaitasun komunikatiboak landu zituzten. Hizlari trebe bihurtu ziren, ez ziren hizlari jaio. Edonork egin dezake hori, bere mailan, nork bere estilo komunikatiboa duelako eta estilo hori bakarra delako.

«Perez, Biurrun eta Ibarretxe nabarmenduko nituzke beren komunikazio gaitasunagatik»

Jaiotzean, hitz egiten ikasten dugu, eta gero komunikatzen ere ikasten dugu, transmititu nahi ditugun ideiak edo mezuak argi adierazteko gai garenean, gure alde emozionalarekin eta publikoarenarekin konektatzen dugunean, eta haren lekuan jartzeko kapaz garenean. Une horretan, gure gaitasun komunikatiboa garatzen dugu.

Euskal Herrian, nor nabarmenduko zenuke bereziki bere gaitasun komunikatiboagatik?
Komunikatzaile onen artean, Lourdes Perez kazetaria eta Garbiñe Biurrun epailea aipatuko nituzke. Biek ala biek argudiatzeko gaitasun handia dute eta badakite adierazi nahi dutena argi eta zuzen adierazten. Komunikazio gaitasunean izan duen bilakaeragatik, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria nabarmenduko nuke. Urtez urte ahalegindu da bere oratoria hobetzen, jendearekin konektatzeko, baita alderdi emozionalean ere, eta hori ez da usu ikusten gure inguruko politikariengan. Gainera, euskaraz ere eraginkorki hitz egiten ikasi du, bere politika ibilbidearen hasieran menderatzen ez zuen hizkuntzan.

Zein izan da liburua idazteko prozesua?
Lau urteko prozesua izan da, eta ikerlana, dokumentu bilketa eta esperientzia pertsonala barne hartu ditu. Nire hasierako esparrua komunikazio idatzia zen eta sekula ez nion erreparatu arlo honi, Bozeramaileen Prestakuntza irakasgaia ematen hasi nintzen arte. Une horretatik aurrera mundu liluragarri bat aurkitu dut, eta pena ematen dit trebetasun hau eskola curriculumetik kanpo egoteak eta irakaslearen borondate kontua izateak.

Norentzat idatzi duzu liburua?
Hasiera batean, komunikazioko ikasleentzat eta bere trebetasuna hobetu nahi duen edonorentzat. Azken batean, gure arrakastaren % 85a besteen aurrean komunikatzeko dugun gaitasunaren mende dago. Liburuaren lehen bost kapituluetan, bozeramaile batek erakunde batean duen eginkizuna azaltzen da. Bigarren atala, aldiz, lanean, jabekideen bileretan, ikasgelan… beren komunikazioa hobetu nahi duten pertsonentzat idatzita dago, eta hainbat tresna proposatzen dira diskurtso bat edo jendaurreko aurkezpen bat prestatzeko. Hori bai, pertsona bakoitzak komunikatzeko bere modua du, bere estiloa, eta gure ezaugarrietara hobekien egokituko diren teknikak bilatu behar ditugu. Jakitun izan behar dugu geure komunikatzeko moduaz.

Idoia Camacho Markina (Barakaldo, 1972). Kazetaritzako lizentziaduna eta doktorea UPV/EHUn, irakasle agregatua da gaur egun, eta Kazetaritza Espezializatua eta Bozeramaileen Prestakuntza irakasgaiak ematen ditu. Ikerketa lerro hauek lantzen ditu: Kazetaritza espezializatua, Osasunari buruzko komunikazioa, Informazioaren etika eta Komunikazio korporatiboa. Duela urte eta erditik, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Komunikazio eta Kanpo Harremanetarako dekanordea da.