Info_EspiralEuskara

Euskararen espirala

Euskararen espirala

2010eko martxoan, ospakizun bat egin zen, UPV/EHUn unibertsitate-ikasketak euskaraz ematen hasi zirela hogeita hamar urte bete zirelako. Hizkuntza normalizatzeko prozesua jarri zen martxan orduan pixkanaka UPV/EHUn. Bitxia bada ere, Zientzia eta Teknologia Fakultatea aitzindarietako bat izan zen, eta lehen maila osoa eskaini zuen euskaraz Biologia, Geologia eta Kimikako ikasketetan. 1979-1980 ikasturtea izan zen.

1979-80 eta 1984-85 ikasturteen bitartean, ikasketak euskaraz hasi zituzten Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleek eta ikasleek zuhaitzak landatu zituzten Unibertsitatearen arboretumean; ikastegi horren atzean, hain justu.

Leku horretan, ospakizun horren oroimenezko idazkun txiki bat dago, testu hau idatzita duena:

Nola espiral batek estalitako eremua etengabe handitzen doan bere jatorrizko puntutik urruntzen den heinean, hala joan da etengabe hedatzen Zientzia eta Teknologia Fakultateko lehen mailako talde horren esperientzia; izan ere, hogeita hamar urte geroago, euskaraz ikas daitezke UPV/EHUn emandako irakasgai gehienak.
Espiralean zehar landatutako zuhaitzak eboluzioaren arabera daude antolatuta. Espezierik zaharrenak espiralaren barrualdean daude, eta modernoenak eta aurreratuenak, berriz, haren muturrean. Unibertsaltasuna, unibertsitateko kide orok berezkoa duena, zuhaitz horien jatorrian adierazten da, bost kontinenteetatik ekarriak baitira.