Eduki publikatzailea

Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroa

Lehenengo argitaratze data: 2016/09/19

Garabidek eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZIk antolatuta, urriaren hasieran jarriko da martxan Hizkuntzak Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroaren hirugarren edizioa. Oraingo honetan Amerikako (Kitxua, Nasa, Maia, Nahuatl, Katxikel, Aimara, Guarani, Maputxe) eta Afrikako (Benin-eko bariba bat) herri indigenen 18 ordezkari izango ditugu gure artean.

Ikastaroaren helburuak ordezkari hauei euskararen biziberritze esperientzia ezagutzera ematea da eta aldi berean, guk ere euren hizkuntzak berreskuratzeko egiten ari direnaren berri izatea. Hamar astez egongo dira ikastaroa burutzen eta 18 ikasleen artean profil profesional oso desberdinak aurkitu ditzakegu: musika irakasle eta gitarra jole nahuatl-a, poeta eta militante sozio-politiko-kultural maiak, hizkuntza promotore eta haur eskolako irakasle nasak, doktore eta kazetari kitxuak, hizkuntza barnetegitan barna dabilen maputxea, zuzenbide eta filosofian lizentziatutako baribak eta Boliviako Unibertsitate Indigenako kide guarani eta aimarak, beraien hizkuntza eta identitatearen aldeko militanteak guztiak.

Ikasteaz gain, Euskal Herrian euskararen alde antolatzen diren ekimenei buruz jakitera eta hizkuntza angelu desberdinetatik indartu duten erakundeak bisitatzera ere etorri dira; hemen egiten duguna ezagutzea agian mesedegarri egingo zaielakoan.

Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren eta Garabideren arteko elkarlana aspalditik dator eta ikastaro honetan ere Katedrak bere parte-hartzea izan du, kide batzuek eskolak emango baitituzte hurrengo asteotan.

Hemen ikastaroaren jarraipen eguneratua blog-aren bitartez.