Eduki publikatzailea

Handitzen ari da hirietako ekonomiaren garrantzia, eta txikitzen herrialdeena

UPV/EHUko ikerketa baten arabera, lidergo ekonomiko-politiko handia duten eta berrikuntzan diharduten hiriak dira lehiakorrenak

Lehenengo argitaratze data: 2015/11/16

Irudia
Lucía Sáez, artikuluaren egilekide

Globalizazioarekin batera etorri den lokalizazio-prozesuak areagotu egin du hirien eta haiek dauden eskualdeen botere ekonomikoa eta politikoa, Benchmarking urban competitiveness in Europe to attract investment artikuluaren egilekide den Lucía Sáezek dioenez. Ikertzaile horren esanean, beren ekonomia nazionalekiko nolabaiteko independentziaz jarduten diren eta nazioartean lehiatzen diren hiriek izaten dute arrakasta ekonomikorik handiena eta, horrexegatik, krisiek ez dituzte hain gogor astintzen.

"Londres dugu horren adibide garbietako bat. Krisi ekonomikoak Erresuma Batuari eragiten badio eta hango hiriek nazioartean duten jardueraren mende baldin badago ekonomia, Londresek ez du horrenbesteko mendekotasunik barne-merkatuarekiko, hiri globala baita. Gauza bera gertatzen zaio Parisi; New Yorken, berriz, ez zen inon atzematen krisirik AEBko ekonomiaren azken atzeraldian... Potentzial ekonomiko oso handiko hiriak dira, oso dinamikoak, eta beren herrialdeetako egoera ekonomikoak ez die eragiten hiri periferikoei edo garapen-maila txikiagokoei adina", dio Sáezek.

Aipatutako hirurekin batera, laugarren batek (Tokio) osatzen du hiri-zerrenda hori. 1990eko hamarkadakoa rankinga, eta Saskia Sassenek egin zuen, "hiri globala definitu zuen lehenbizikoak. Ondoren, globalizazio-prozesuak aurrera egin ahala, areagotu egin da globaltzat jotzen diren hirien kopurua eta haien sailkapena egiten duten erakundeena. Espainian, adibidez, bi hiri global daude: Madril eta Bartzelona", adierazi du aipatutako ikertzaileak.

Baina hirien lehiakortasunak ez du beti bere horretan irauten; hori dela eta, bere indarguneak eta ahulguneak (eta lehiakideenak) ongi ezagutu behar ditu hiri bakoitzak. Horixe izan da, hain juxtu ere, ikerketaren xedea: Europako hirien lehiakortasun-mailaren ebaluazio konparatiboa egitea enpresak eta inbertsioak erakartzeko gaitasunari buruz. Horretarako, Hirien Lehiakortasun Indizea deritzona (HLI) sortu dute. Hainbat azpiadierazle ditu indizeak, berau osatzen duten hiru alderdien adierazgarri: oinarrizko alderdia, eraginkortasunarena, eta, azkenik, berrikuntzarena. EBko 26 herrialdetako 159 hiritan egin da azterketa.

Puntuaziorik onena, Europako ipar eta erdialdeko hiriek

Oro har, Europako erdialdeko eta iparraldeko hiriek jaso dute puntuaziorik onena HLI sailkapenean: lehenbiziko 50en artean, Frantzia, Erresuma Batua, Danimarka, Suedia, Finlandia, Herbehereak eta Alemaniako mendebaldeko hiri handiak daude. Italiak eta Espainiak, berriz, HLIko posiziorik onenetan eta txarrenetan dituzte hiriak: Madril, Bartzelona, Milan eta Erroma zerrendaren hasieran daude; Kanarietako Las Palmas eta Kordoba (Espainia) eta Tarento eta Caserta (Italia), berriz, azkenekoen artean. Bestalde, Europako ekialdean daude puntuaziorik txarrena jaso duten hirietatik gehienak (hiriburuek bakarrik eskuratu dute ona).

Sáezek dioenez, eraldaketa sakona eragin du ekonomiaren globalizazioak mundu osoko hirietan. Ekonomikoa ez ezik, soziala, kulturala, politikoa eta egiturazkoa ere izan da aldaketa. Globalizazioarekin batera lokalizazio-prozesu bat ere etorri da, eta tokian tokiko ekimen eta gaitasunen bidez garatu beharreko aukera berriak sortu dira. Zeharkako ondorio bat ere izan du globalizazioak: lurralde-egituraren aldaketa, hots, hiri globalen sorrera eta megahiriak eta megaeskualdeak eratzeko joera. Presio izugarria egiten die hiriei testuinguru orokor horrek, eta areagotu egiten du haien arteko lehia.

"Batzuetan, nahastu egiten ditugu hirien arteko norgehiagoka eta hirien lehiakortasuna", —argitu du Sáezek— "eta gisa honetako esaldiak entzuten dira: ‘Norgehiagoka handia dago'. Baina, ez; lehiakortasun handia dago. Baliabideak eta aberastasuna erakartzeko lehia horrek bihurtzen ditu lehiakor hiriak, hau da, horrek areagotzen die lehiatzeko ahalmena". Bilboren adibidea jarri du Sáezek, "lehiatzeko abantaila bihurtu baititu hiri horrek bere aktibo ukiezinak (ezagutza, nortasuna propioa, irudia, 'marka', etab.). Hiriaren bereizgarri horiek lehiarako abantaila bihurtzen dira, eta horien arabera erabakitzen dute turistek, inbertitzaileek, bisitariek, hirikide berriek eta abarrek auzoek hiri honen ala haren alde egitea, bakoitzak eskaintzen duen balio erantsia aztertuta".

Informazio osagarria:

Lucía Sáez Vegas (Barakaldo, 1970) doktorea da (UPV/EHU), Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua, eta aipatutako unibertsitate horretan dihardu, ikertzaile. Argitaratuak ditu zenbait artikulu hirien lehiakortasunaz, marketinaz eta merkatu-orientazioaz.

Erreferentzia bibliografikoa:

L. Sáez eta I. Periáñez (2015). Benchmarking urban competitiveness in Europe to attract investment. Cities, vol. 48, 76-85