Eduki publikatzailea

Ibaien funtzionamendua haien egoera ekologikoaren isla da, eta gutxitan aztertzen da

UPV/EHUko ikerketa batek beharrezkotzat jo du ibai-ekosistemen funtzionamenduaren neurketak sartzea ibaien ikerketan eta kudeaketan

Lehenengo argitaratze data: 2017/07/19

Irudia
Daniel von Schiller

UPV/EHUko ikerketa-talde batek Globaqua europar proiektuaren barnean egindako azterketa baten arabera, ibai-ekosistemak aztertzean harago joan behar da: normalean egiten diren neurketez gainera, ekosistema baten barnean materia- eta energia-fluxuak erregulatzen dituzten prozesuen multzo bat neurtu beharko litzateke. Duela gutxi argitaratutako artikulu batean, ikerketa-taldeak askotariko informazio bibliografikoa laburbildu du eta, haren bidez, ibaien egoera aztertzeko lan-esparru berri bat proposatu.

UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia Saileko Ibaien ekologia/Stream ecology ikerketa-taldea espezialista da ibaien funtzionamenduaren azterketan, eta arlo askotako adituz osatzen da. Aditu horien guztien jakintza informazio bibliografiko zabal batekin bateratu dute, Globaqua europar proiektuaren barnean. Europako 10 erakundek baino gehiagok hartzen dute parte proiektu horretan. Azterketa-lan sakon baten ondorioz, artikulu zientifiko zabal bat argitaratu dute: "Ibaietan neur daitezkeen prozesu guztien bilduma eta sailkapena egin dugu; neurketak nola egin daitezkeen azaldu dugu (literaturan aurkitu daitezkeen metodoak), ingurumeneko estres-faktore askoren mende prozesuek nola erantzuten duten, eta abar", azaldu du Daniel von Schillerrek, artikuluaren egileetako batek. "Ikertzaileentzat zein kudeatzaileentzat oso egokia den lan-esparru berri bat proposatzen dugu", adierazi du.

Artikuluan aipatzen dutenaren arabera, "Uraren Esparru Direktibak ezartzen duenez, ibaien ekosistemak egituraren ikuspegitik zein funtzionamenduaren ikuspegitik ebaluatu beharko lirateke; izan ere, hala, hobeto baliozta daiteke ibai baten egoera ekologikoa". Ikertzaileak analogia bat egiten du giza gorputzaren eta ibaien artean: "Baldin eta gaixo bati bihotzik, birikarik eta giltzurrunik baduen baino ez bazaio begiratzen, eta ez bazaio neurtzen bihotzaren pultsua zein den, zer aire-bolumen arnasten duen edo zer iragazten duten giltzurrunek, ez da pazientearen osasun-egoera behar bezala ebaluatzen. Gauza bera gertatzen da, gure kasuan, ekosistemaren egoera ekologikoarekin".

Neurketak, erabilera-irizpideak eta estres-faktoreekiko sentikortasuna biltzen dituen katalogoa

Gaur egun, ibaien egoera ekologikoa zein den jakiteko protokoloek ezartzen dituzten neurketak egiturazkoak dira (alegia, ubidearen formarekin, uraren kalitatearekin edo komunitate biologikoen osaerarekin lotutakoak): komunitateak, kutsatzaileak, tenperatura, nutriente-kontzentrazioa eta halakoak neurtzen dira. Nolanahi ere, ekosistema baten barneko materia- eta energia-fluxuak erregulatzen dituzten prozesuen multzo gisa definitzen da ekosistemaren funtzionamendua. Horren haritik, ikertzaileek funtzionamendu-neurketa osagarrien multzo oso bat proposatzen dute: metabolismo-prozesuekin, materia organikoaren deskonposizio-prozesuekin, nutriente-zikloari lotutako prozesuekin eta ibai-komunitateen dinamikako prozesuekin erlazionatutako neurketak.

Ikerlanean, hainbat prozesu neurtzeko bibliografian aurkitutako metodoak biltzeaz gainera, zenbait aldagairen arabera sailkatu dituzte, hala nola zailtasuna, konplexutasuna, kostuak, neurketen espazio- eta denbora-eskalak, eta abar. "Azkenik —azaldu du Daniel von Schillerrek—, literaturaren azterketa sakona egin dugu jatorri antropogenikoko ingurumeneko estres-faktoreen mende (adibidez, poluzioa, kanalizazioak, azidotasuna...) prozesuek erantzuteko duten moduaren inguruan".

Ondorio gisa ikertzaileak adierazi duenez, "lehen aldia da ibaien prozesuen inguruan egin daitezkeen neurketen bilduma egiten dela, eta ez dugu soilik azaltzen zer neur daitekeen, orobat azaltzen dugu zergatik eta nola egin; zer abantaila dituen prozesu batek beste baten aurrean; bai eta estres-faktoreen mende nola erantzuten duen ere". Ikertzaileek zein kudeatzaileek erabiltzeko moduko lanabes bat sortzea izan dute helburu taldeko ikertzaileek. Gainera, harremanetan daude dagoeneko uren kontrolarekin lotutako hainbat erakunde eta instituziorekin, besteak beste URA - Uraren Euskal Agentziarekin, ibaietan neurketa eta indize funtzionalak ezartzeko proiektu berritzaile bat martxan jartzeko.

Informazio osagarria

Daniel von Schiller doktorea, ibaien biogeokimikan aditua, da Science of the Total Environment zientzia-aldizkari entzutetsuan argitaratutako artikuluaren egile nagusia. UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landare Biologia eta Ekologia Saileko Ibaien ekologia/Stream ecology taldeko ikertzaileen lankidetzaz gauzatu da ikerketa. Arturo Elosegi doktorea da ikerketa-taldearen buru. Globaqua europar proiektuaren webgunean dago artikuluarekin lotutako informazio gehiago.

Erreferentzia bibliografikoa