Eduki publikatzailea

Methodology to Evaluate Offshore Wind Power Plant Electric Topologies

Doktoregaia:
Ander Madariaga Álvarez
Urtea:
2013
Zuzendaria(k):
José Luis Martín, Inmaculada Zamora
Deskribapena:

Itsas parke eoliko baten garapena zazpi eta hamar urte bitartean iraun dezake, parkearen tamainaren eta tartean sartuta dagoen hornidura katearen egoeraren arabera. Proiektuaren etapa ezberdinak gainjarriak egoten dira eta, irtenbide onak bilatzeko, ohikoak dira talde ezberdinak inplikatuz egiten diren iterazioak.

Talde hauek, diseinatzen ari diren azpisistemei irtenbide tekno-ekonomiko bideragarriak emateko erronka dute, bere hornitzaileekin geroago sinatuko dituzten kontratuak ahaztu barik. Guzti hau gainera, itsas parke eolikoaren ikuspegi orokorra galdu gabe eta aurrezarritako baldintzak betez egin behar dute, ondoren egindako aldaketak kostuan eragin nabarmena dutelako.

Bestalde, analisi tekno-ekonomiko hauek ingeniaritza arloan egiten diren ikerketen inguruan ere interesgarriak dira. Itsas parke eolikoen azpisistema baten hobekuntza teknikoa aztertzen ari den ikertzaile batek, balantzan jarri beharko lituzke hobekuntza horrek ekar lezakeen onura teknikoa edo ekonomikoa, alde batetik, eta berrikuntza hori proiektuan sartzeak ekarriko lukeen kostu hazkundea bestetik. Gainera, azterketa hori proiektuaren ikuspegi orokorra galdu gabe egin beharko luke, azterketa partzialak hobekuntza teknikoen onurak gain-baloratu ditzazketelako, eta baldintza ekonomikoak, logistikoak edo mantenimendukoak direla eta errealistak ez diren aukerak aztertzen denbora baliagarria gal daitekeelako.

Hala eta guztiz ere, itsas parke eoliko baten kostu-onura analisi errealista bat egitea erronka bat da. Zailtasunak hainbat alderditik datoz: instalazioaren konplexutasun teknikotik, aldagai tekniko, ekonomiko eta meteorologikoen arteko korrelazioagatik, eta datu eskasiagatik, teknologia hasiberria delako. Idealki, ebaluazio horiek egiteko pentsatutako metodologia batek, aplikazioeremu zabala izateaz gain, aukera asko ebaluatzea ahalbideratzen duen formulazio sinple bat izango luke eta ikerketa komunitateak proposatutako topologia berriak kontutan izateko prest egongo litzateke.

Testuinguru honetan, itsas parke eolikoen topologia elektrikoen azterketa tekno-ekonomikoak egiteko metodologia berri bat aurkezten du tesi honek. Proposamena ingeniaritza ikertzaileei eta proiektuen plangintzan lanean ari diren ingeniariei zuzenduta dago. Aurkeztutako metodologia berria garatzeko, itsas parke eolikoen hiru alde desberdin aztertu dira: martxan dauden itsas parke eolikoak, epe ertainerako espero diren joera teknologikoak eta azkeneko hamarkadan publikaturiko ebaluazio ikerketa esanguratsuenak. Metodologiaren formulazioa eta aplikazio-eremua zehatz aurkezteaz gain, informazio iturri garrantzitsuenak aipatzen dira eta metodologia hau kasu konkretu baten aplikatzen da.