Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Biomasarekin edo pneumatikoekin lehengaiak eta erregaiak egiteko funtsezko prozesuak garatu dituzte Zientzia eta Teknologia Facultateko Ingeniaritza Kimikoa Sailean

Lehenengo argitaratze data: 2014/10/23

Irudia

UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Martin Olazar ingeniari kimikoak findegi eramangarrietarako funtsezko prozesu bat diseinatu du, hondakinekin petrolioa ordezkatzeko. Horretarako, ezinbesteko baldintza bat izan duela nabarmendu du Olazarrek berak: ingurumenari kalterik ez egitea. Iturri-ohantze konikoan oinarritutako erreaktore bat garatu du, flash pirolisiaren edo pirolisi azkarraren bidez, hondakinekin lehengaiak eta erregaiak egiteko.

Bi lerro garatu ditu, hondakin-motaren araberakoak biak: batetik, biomasa erabiltzen duena, eta, bestetik, plastikoak, pneumatikoak eta antzekoak tratatzen dituena. Lehenbizikoan, nekazaritzako hondakinak edo basoetako biomasa erabiltzen dira. Olazarren esanean, tratatzen den masaren % 70 bioolio bihur daiteke. "Horrek esan nahi du tona bat biomasa tratatzen badugu, 700 litro inguru bioolio egiten direla", dio.

Bioolioa egiteko prozesua flash pirolisian oinarritzen da. "Oso pirolisi azkarra da. Guk 20 milisegundoan egiten dugu, tenperatura baxuan (500 graduan)", zehaztu du. Tenperatura baxu horri esker, ez du energia-kontsumo handirik behar.

Pirolisiaren bidez, biomasa degradatu egiten da. Sortzen diren konposatuak berehala atera behar direla ohartarazi du Olazarrek, "bestela, haien artean erreakzionatzen hasten dira, eta interesatzen ez zaizkigun osagaiak sortzen. Horregatik da hain azkarra pirolisia". Biomasa degradatzean sortzen diren konposatuak atera, kondentsatu, eta bioolioa egiten da.

Bioolio hori petrolioaren ordezko gisa erabil daiteke; "petrolio biologikoa da, nolabait esateko". Olazarrek aitortu duenez, ez da petrolioa bezain ona, petrolioak ez baitu oxigenorik, bioolioak ez bezala; hori dela eta, tratatu egin behar da.Petroliotik ateratzen den edozein produktu ekoizteko erabil daitekeela azaldu du Olazarrek: hidrogenoa, olefinak eta aromatikoak, etab.

Olazarrek garbi utzi du biodieselarekin alderatuta bioolioaren prozesua askoz ere eraginkorragoa dela: "Biodiesela egiteko, berariaz aldatu behar da landarea, eta haren zati oso txiki bat baino ez da aprobetxatzen. Erabiltzen den masatik, berriz, % 10 baino ez da biodiesel bihurtzen. Aldiz, guk landare-hondakinak erabiltzen ditugu, osorik, eta % 70 lortzen dugu".

Patentatua dute erreaktorea, eta, IK4- Ikerlan ikerketa-zentroarekin batera, instalazio pilotu bat egin dute. Instalazio handiago bat egitea dute hurrengo helburua.

Ikatz beltza, pneumatikoekin

Biomasa alde batera utzita, beste hondakin batzuk erabilita (plastikoak, pneumatikoak…) jatorrizko produktuak edo antzekoak egiteko diseinua ere landu du Olazarrek. Bereziki eraginkorra da pneumatikoak tratatzeko: "Kondizio jakin batzuetan egindako flash pirolisiaren bitartez, oso lehengai interesgarriak eta ikatz beltza egiten ditugu".

Ikatz beltza da pneumatikoak egiteko lehengai nagusia. Pneumatiko zaharrak tratatuta, hondakinen % 30 ikatz beltz bilakatzen du findegi eramangarriak. "Aski du portzentaje hori errentagarri izateko", dio. Ikatz beltz moduan ez ezik adsorbatzaile gisara ere aplikazio ugari ditu solido horrek. Gainerakoa likidoa da, eta erabilera asko izan ditzake. Sistema horren abantailen artean, era jarraituan funtzionatzen duela nabarmendu du Olazarrek. "Era horretako erreaktore bakarra da. Patentatua dugu, eta unitate ertain bat egiteko asmoa dugu", gehitu du.

Informazio osagarria

Martin Olazar Aurrecoechea (Gamiz-Fika, 1956) Ingeniaritza Kimikoan katedraduna da UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Madrilgo Unibertsitate Konplutensean hasi zuen tesia, Arturo Romero Salvador katedradunaren zuzendaritzapean, baina lanaren parterik handiena eta garrantzitsuena UPV/EHUn egin zuen, Javier Bilbao Elorriaga katedradunaren gidaritzapean. 'Bentzil alkoholaren polimerizazioa katalizatzaile azidoen gainean. Zinetikaren ikerketa eta erreaktorearen diseinua' da tesiaren izenburua, eta zenbait argitalpen zientifiko ere izan ditu gai horrek; besteak beste, Industrial & Engineering Chemistry Research aldizkari espezializatuan. Estatu Batuetako Kimika Elkarteak argitaratzen du aldizkari hori.