Ongi etorri Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia eta
Teknologia Fakultateko web orrira. Bertan, irakaskuntza-eskaintzari
buruzko informazioa (tituluak, masterrak eta berezko titulazioak),
ikerketari buruzkoa eta zerbitzuei dagokiona aurkituko dituzu. Hau,
kalitatezko irakaskuntza inklusibo, berritzaile eta ikasleen garapen
integralarekin konpromisoa hartzen duen Fakultatea da,
unibertsitate-komunitate osorako topagune zein ikaskuntza eta
hazkunderako gune izan nahi duena, eta etengabe aldatzen ari den
testuinguru zientifiko, teknologiko eta sozialaren erronkei aurre
egiteko gai diren profesionalak prestatzen dituena.
Zientzia eta Teknologia Fakultatea EHUko irakaskuntzan eta
ikerkuntzan esperientzia handia duen goi-mailako irakaskuntza-zentroa
da. Izan ere, 2018/2019 ikasturtean 50. urteurrena ospatu zuen eta
unibertsitate-formakuntzan eta ezagutzaren sorreran erreferente gisa
finkatu zen.
Zientzia eta Teknologia Fakultatean bederatzi titulazio eskaintzen
ditugu: Biologia, Biokimika eta Biologia Molekularra, Bioteknologia,
Fisika, Geologia, Matematika, Kimika, Ingeniaritza Elektronikoa,
Ingeniaritza Kimikoa eta Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu
Bikoitza. Halaber, oso berriki, nazioarteko hiru titulazio bikoitz
ezarri ditugu: Ingeniaritza Elektronikoa (Limogeseko
Unibertsitatearekin), Kimika (Estrasburgoko Unibertsitatearekin) eta
Matematika (Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatearekin).
Fakultatearen graduondoko eskaintza zabala eta anitza da: bederatzi
master ofizial, horietatik sei unibertsitate artekoak, lau Erasmus
Mundus eta lau berezko titulazio. Zientzia eta Teknologia
Fakultateko ikerketa-taldeen ikerketa-ibilbide aintzatetsiari esker,
ikasleek abangoardiako ikerketari eta graduan zehar eskuratutako
jakintzaren aplikazio praktikoei hertsiki lotuta dauden graduondoko
ikasketak egin ditzakete.
Prestakuntza integrala eskaintzeko asmoz, Fakultateak ikasleen
mugikortasuna eta nazioarteko ikasleen erakartzea sustatzen du eta
ingurune akademiko anitza eta nazioartekoa ahalbidetzen du. Halaber,
enpresako praktiken programa urtero hazi egiten da, baita erakunde
kolaboratzaileen eta bertan parte hartzen duten ikasleen kopurua
handiagotu ere. Nazioartekotzeak eta esparru profesionaleko
esperientziak, asteazken kulturalekin batera, trebakuntza teknikotik
haratago doan prestakuntzaren euskarriak osatzen dituzte. Helburua ez
da soilik profesional bikainak prestatzea, etengabe aldatzen ari den
gizarte bateko erronkei aurre egiteko gai diren pertsona
konprometituak eta prestatuak osatzea baizik.
Irakasleak Fakultateko balio handienetako bat dira. Euren
prestakuntza jasoak, irakaskuntzarekiko konpromisoak eta
ikerketa-jarduera nabariak kalitatezko formakuntza bermatzen dute,
aurrerapen zientifikoei eta gizartearen beharrei hertsiki lotuak.
Haien lanak Fakultatearen izenean eta aintzatespenean modu
erabakigarrian laguntzen du.
Halaber, Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta
Zerbitzuetako Langileak (TEKAZEL) ezinbestekoak dira Fakultatearen
funtzionamendurako. Euren profesionaltasunak, ardurak eta erantzuteko
gaitasunak, irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketa jardueren garapen
eraginkorra bermatzen dute. Horrela, zerbitzuen kalitatean eta
unibertsitate-komunitate osoaren arretan modu erabakigarrian laguntza
ematen dute.
Fakultateak Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren (KBBS) bitartez,
kalitatearen eta hobekuntzaren alde egiten du. Konpromiso hau
aintzatespen eta akreditazio anitzek lagundu dute, besteak beste,
2024an berritu zen Egiaztapen instituzionalak. Halaber, plan
estrategikoek eta egitura antolatzaile sendoak kudeaketa, ebaluazioa
eta titulazioen hobekuntza bermatzen dute, eta zentroaren jardueran
erabat integratutako kalitatezko kultura sendotzen dute.
Horrek guztiak, bikaintasun akademikoarekin, ikerketarekin,
berrikuntzarekin eta gure unibertsitate-komunitatearen parte diren
pertsonekin konprometituta dagoen Fakultatea osatzen du.
Espero dugu gure web orrira egindako bisita, harreman egonkor eta
arin baten hasiera izatea, eta gure Fakultatea bizitzen laguntzea.
Itziar Alkorta
Dekanoa