Eduki publikatzailea

Aurkikuntza berriak San Miguel aztarnategian

La Puebla de Arganzón (Burgos) inguruan egiten ari diren indusketetako aurkikuntzak dira

Lehenengo argitaratze data: 2016/10/14

Irudia

La Puebla de Arganzón herriko San Miguel aztarnategian egin diren indusketa arkeologikoetan hainbat silo, zulo eta etxe egitura bat aurkitu dira. Honako hauek finantzatu dute proiektu arkeologiko hau: Gaztela eta Leongo Juntako Ondarearen Zuzendaritza Nagusiak, Puebla de Aganzóngo Udalak eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Ondarearen eta Paisaien Ikertaldeak.

San Miguel aztarnategia Erdi Aroko La Puebla hiribilduaren ondoan dago, eta azken urteotan Bordeleko Unibertsitateak UPV/EHUko Kultura Ondarearen eta Paisaien Ikertaldearen laguntzarekin eginiko aireko argazki batzuen bitartez identifikatu da. Aireko argazki horiei esker, San Miguel ermita zegoen lekutik gertu dauden lur azpiko hainbat egitura identifikatu ahal izan dira. Ermita XVII. mendetik dago dokumentatuta, eta 1784. urtean berreraiki zen.

Indusketan, Goi Erdi Aroko herri baten hainbat silo, zulo eta etxe egitura bat aurkitu dira. Bereziki nabarmena da laboreak biltegiratzeko erabiltzen ziren siloen kontserbazio egoera. Zadorra ibaiaren terraza bat induskatuta aurkitu dira siloak (dozena bat), eta Goi Erdi Aroaren eta Erdi Aro bete-betearen artean kokatu dira. Horrenbestez, litekeena da San Miguel herria milagarren urtea baino lehen sortu izana eta bertako biztanleek Erdi Aroan zehar abandonatu izana, agian ehunka metro hegoaldera hiribildua sortu zelako. Izan ere, aurretik egindako beste esku hartze batzuei esker, ondorioztatu da La Puebla de Arganzón inguru osoan biztanle ugari izan zirela Goi Erdi Aroan. XII. urtean, ordea, hiribildua sortu zen, eta biztanleak harresiz inguratutako barrutian bildu ziren pixkanaka. Ezin da jakin, baina, ea herriak San Miguelen omenezko parrokia bat izan zuen Erdi Aroan edo ermita Aro Modernoan eraiki zen.

Argazongo proiektu arkeologikoari esker, ikusi da Gaztelako konderria sortu zen lurraldean nekazari herrixka ugari osatu zirela Goi Erdi Aroan. Horien adierazgarri arkeologiko dira uzta txarreko urteetarako laboreak estrategikoki biltegiratzeko erabiltzen zituzten haitzetan zulatutako siloak. Arganzón inguruan, 1000. urte aldera sortu zen izen bereko gaztelua, ondoren lurraldeko ardatz politiko bihurtu zena. Hala eta guztiz ere, XII. mendean errege hiribildua sortu zenean, eraldaketa prozesu sozial eta politiko sakon bat gertatu zen lurraldean, eta horren ondorioz, herritarrek pixkanaka utzi zituzten aurretik zeuden herrixka gehienak. Azken finean, Arganzongo aztarnategiak, San Miguel, Arganzongo gaztelua eta La Puebla de Arganzon laborategi interesgarriak dira gure lurraldeko Erdi Aroko gizarteak aztertzeko.

Argazkiak: UPV/EHU