Eduki publikatzailea

Keynetic, UPV/EHUren spin-off batek saria jaso du CiberEmprende lehiaketan

Jon Matías eta Jokin Garay ikasle ohiek eta Juan José Unzilla eta Eduardo Jacob irakasleek sortutako enpresak bigarren saria lortu du

Lehenengo argitaratze data: 2017/01/26

Irudia
Jokin Garay, Juanjo Unzilla, Jon Matías eta Eduardo Jacob

Keynetic Technologies UPV/EHUko Ingeniaritza Telematikoko Ikertaldetik sortutako spin-off bat da (i2t, http://i2t.ehu.eus/), eta bigarren saria lortu du "CiberEmprende 2016" lehiaketan. Deialdia Energia, Turismo eta Agenda Digitalaren Ministerioak antolatzen du, eta zibersegurtasunaren industriako ekintzailetzari laguntzera zuzenduta dago. Keynetic enpresak sareko segurtasun-soluzio batekin jaso du bigarren saria, eta zerbitzuetarako sarbidea erabiltzaile/gailuaren identitatean oinarrituta kontrolatzea ahalbidetzen du.

"Keynetic Technologies 2016 urtearen amaieran sortu zen 5Gren giltzarritzat hartzen diren SDNk (software bidez definitutako sareak) eta NFVk (sare funtzio birtualizatuak) gidatuta komunikazioen munduan izandako benetako iraultza teknologikoaren baitan. Keynetic enpresaren helburu nagusia sareko segurtasunaren arloan balio erantsi handiko soluzioak garatzea da, malguak eta moldagarriak, teknologia berritzaile hau erabiliz", azaldu du Jon Matíasek, spin-off-aren zuzendari teknikoak. Enpresa osatzen dute Jon Matíasek eta Jokin Garayk (gerentea) eta UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile diren Eduardo Jacobek eta Juango Unzillak, azken hauek aholkulari-lana egiten dute.

Zibersegurtasuna enpresen lehentasunezko inbertsio-arloa bihurtu da, eta kalkulatzen da 2016an 75.000 milioi dolarretik gora erabili zituztela nazioarteko erakundeek zibersegurtasuna sendotzeko. Horrek erakusten du, CiberEmprende lehiaketaren antolatzaileen arabera, zibersegurtasuna "inbertsiorako gero eta sektore erakargarriagoa" dela. 
Proiektu finalistak 29 ekimen ekintzaileren artean hautatu zituzten, eta azken hilabeteotan online mentoring eta prestakuntza jaso dute negozioaren, marketinaren eta finantzazioaren arloan Espainiako Zibersegurtasuneko Institutu Nazionalaren (INCIBE) bitartez.

Keynetic Technologies

Jon Matías, spin-off honen zuzendari teknikoa, UPV/EHUko telekomunikazio ingeniaria eta doktorea da, 14 urteko esperientzia du Estatuko eta Europako ikerketa proiektuetan.  Zibersegurtasunaren, software bidez definitutako sareen eta belaunaldi berriko sareetarako esperimentazio plataformen arloan egin du lan. Jokin Garay, gerentea, telekomunikazio ingeniaria da, eta bere doktorego tesia amaitzen ari da. Ia 10 urtean egin du lan aholkularitzan, batez ere proiektuen zuzendaritzan, eta azken lau urteotan UPV/EHUko i2t taldean aritu da, software bidez definitutako sareei eta sareko zerbitzuen birtualizazioari buruzko Europako proiektuetan. 

i2t taldea

UPV/EHUko i2t taldea lanaldi osoan diharduten 9 irakaslek eta ikertzaile gisa lanaldi osoan kontratatutako beste 3 pertsonak osatzen dute. Eduardo Jacob irakasleak zuzendutako talde hau Bilboko Ingeniaritza Eskolako Komunikazioen Ingeniaritza Sailekoa da.